Ribaforadan 10 urte baino gehiago bizitzen zeraman herritar bati hitzordua eman zion bere udalak orain dela gutxi, kontu burokratiko bat konpon zezan. Herritarra langabezian zegoen, eta aurretik merkeago erositako produktuak saltzen zituen tokiko merkatuetan, marken imitaziorik sartu gabe. Horrekin, eta nekazaritzan noizbehinka ateratzen zitzaion lanen baten laguntzaz, aurrera egin, eta gela bat ordaintzen zuen pisu partekatu batean. Zein harrituta geratu zen aipatu herritarra, udaletxera iritsitakoan Polizia Nazionaleko bi kiderekin topo egin eta atxilotu zutenean. Abokatu bat ikusteko eta ahaide edo lagunen batekin hitz egiteko aukerarik gabe, ibilgailu batean sartu, eta Madrilera eraman zuten. Handik, eta 24 ordu eskasen buruan, Senegalera bidali zuten. Modou Khadim Sow du izena, eta Ribaforadako Udalak jarri zion tranpa. Alkateak, PSNko Jesus Mari Rodriguez Gomezek, bere burua defendatu du, zegokion «eginbeharra» bete zuela esanez.
Modouren lagunek esan digute hark ez zuela zigor aurrekaririk. Banandu ondoren, lan egiteko beharrezkoak diren nazionalitatea eta paperak galtzea izan zen haren «delitu» bakarra. Urteak zeramatzan dokumentazioa berritu nahian, baina mota guztietako trabak jarriz eragozten zioten. Azkenean, bidaia batean, Algecirasen, kanporatzeko zigilu bat jarri zioten. Zalantzan jartzen dut Ribaforadako Udalak bere herritarrei gezurra esateko beharra izatea, zer eta Poliziaren segadak jartzen laguntzeko; baina nolanahi ere gertatutakoa oso adierazgarria da erakunde horrek atzerriko herritarrekiko erakutsi duen konpromiso mailari dagokionez. Horregatik, herritarrei dei egiten diegu Erriberako Senegaldarren Kolektiboak larunbaterako deitu duen elkarretaratzean parte hartzera.
ZUZENDARIARI
Ribaforadako Udala Polizia Nazionaleko agente al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu