Maiatzaren 27an prentsan artikulu zeharo sesgatua atera zen, Lizarrako Puyko Ama Birjinaren jaietan bi gazteren eta Marta Ruiz de Alda alkatearen artean izandako tirabiren inguruan. Gazteetako bat nire seme helduena da.
Txosnen aurkako erasoak, abesti soil batengatik Raimundo el Canastero musika taldearen aurka abiatutako jazarpen mediatiko eta judiziala, eta Puyko Bajadikan ez gertatutakoengatik ikertuak diren herriko 27 gazteak ez dira nahikoa, dirudienez, UPNrentzat eta hura babesten dutenentzat.
Hau urrunegi heldu da. Nire semeak eraso fisiko bat sufritu zuen «lizarratar guztien» alkatearen partetik.
Aipatu dudan artikuluak nire semeak modu oldarkorrean gerturatu zitzaion gizon bati emandako ukabilkada aipatzen du. Horrez gain, alkateari botatako irainak, zeinak UPNko bozeramaile Ana Duartek esan izan balitu «me gusta la fruta» gisa agertuko liratekeen eskuineko prentsan.
Nire semea eta haren laguna —biak Bajadikako auzian ikertuak— jasan ditzaketen kartzela zigorren erantzuleari ezinegona adieraztera hurbildu ziren. Edozein kargudun publikok onartu beharko luke herritarren kritikak jasotzea. Ezin da inola ere justifikatu halako ardura duen figura batek gazte bati aurpegian zaplazteko bat ematea. Familian sinetsi ezinik gaude oraindik.
Gure seme-alabak jasaten ari diren jazarpena sufritzen ari garen Lizarrako familia askoren izenean idazten dudala uste dut. Argi eta garbi diogu: harro gaude gure seme-alabak beren ideien alde borrokatzen direlako. Gazteriaren odolean dago hori, eta bidea egiten utziko diegu inor baztertzen ez duten bitartean.
Guraso gisa, ez nago prest nire semearen etorkizuna kolokan jar dadin gezurrengatik edo egia erdiengatik, eta horregatik borrokatuko naiz.