Tragedia batek Etxarri Aranatz kolpatu zuen 1976ko ekainaren 18an, bost etxarriarrek bizia galdu baitzuten, Espainiako armadak mendian utzitako mortero granada baten ondorioz. Hildakoetako batek, Saturnino Luis Erdoizak, lehergailua Andimendin topatu zuen, eta burdin karkasa bat zelakoan etxera eraman. Garaiko bertsio ofizialak Saturnino eta haren familia egin zituen ezbeharraren erantzule, erru guztia haien bizkarrean jarriz.
Mendian topaturiko granada hori etxera eramatea agian ez zen batere zuhurra izan. Larrutik ordainduko zuten erabaki hori. Baina izan gaitezen serioak: nork egin zituen praktika militarrak lehergailuekin abeltzainak, mendizaleak eta oro har jendea zebilen zona batean? Nork egin zuen hanka lehertu gabeko leherkari bat mendian, espazio publiko batean, utzita? Hori bera egin izan balu orain 50 urte Euskal Herrian zeuden bestelako talde armaturen batek, instituzioen eta agintarien jarrera berdina zatekeen?
Honek errealitate desatsegin baten aurrean jartzen gaitu: biktimarioaren arabera lehen mailako edota bigarren mailako biktimak daude. Eta horrek ez luke horrela izan behar, edo ez behintzat bere burua preziatzen duen demokrazia batean. 50 urte betetzear daudenean, bost etxarriarren heriotza eragin zuen bonba leherketaren atzean dauden ardura politikoak aitortu gabe segitzen dute. Zeren argi dago heriotza horien erantzukizuna espazio publiko batean eztanda egiteko prest zegoen lehergailu bat utzi zutenena dela. Ez beste inorena.
Horregatik dei egiten diogu, jada ez armadari —denok dakigu eta autokritika ez dela haien bertute bat—, baizik eta Nafarroako instituzioei: berrikusi ezazue mesedez azken 50 urteetan mahai gainean egon den bertsio ofiziala, aitortu itzazue armadaren axolagabekeriak utzitako bost biktimak, eta egin behingoz justizia hiru familiarekin eta Etxarri Aranatzeko herriarekin.
Amaitzeko, dei egin nahi diegu Sakanako eta Euskal Herriko herritarrei ere, ekainaren 21ean Etxarri Aranatzen egingo den aitortza ekitaldi herritarrean parte hartzeko. Egia, Aitortza eta Justizia bost etxarriarrentzat.