Suteak dira egun hauetako notizia, Espainiako eta Portugaleko suteak. Informatiboetan beroa eta suteak dira gai nagusiak. Ohikoak diren politikarien ika-mikak ere ez dira falta, noski.
Denak ados daude, prebentzioan egin behar omen da inbertsio gehiago. Prebentzioan gastatuak ehun bider gutxiarazten omen ditu suteak itzaltzerakoan gastatuak. Kezka sortzen dit, ordea, ikusteak zer ulertzen duten prebentzioaz: suhiltzaile gehiago, urte osoko kontratuak eta hobeto ordainduak, ur-hegazkin gehiago, mendi-pista gehiago, basoak garbitzea… Horietatik ere beharko da, noski.
Ez du inork aipatzen, ordea, basogintza politika oker baten ondorio ere badirela sute hauek. Niretzat hor dago gakoa. Galderak egiteko garaia da: zer ari da batik bat erretzen, basoa ala landaketak? Landaketak zein espezierekin daude eginda, sukoiak diren pinuz (Espainian) eta eukaliptoz (Portugalen) ez bada?
Noren eskuetan dago basogintza politika? Lur publikoetan zein da politika horren lehentasuna: lurraldearen oreka, biodibertsitatearen handitzea, higaduraren gutxitzea, uholdeei aurre egitea edo lobby batzuen aldeko planifikazioa?
Suteei dagokienez, ezaguna da baso autoktono ondo garatu eta umotuek nekez hartzen dutela su, eta, hartutakoan ere, sua nekezago hedatzen dela zuhaizti horietan. Norbaiti bururatuko ote zaio ustiatuko ez diren baso autoktonoetako eremuak handitzeko inbertsioak egitea? Basoen eta landaketen artean oreka bilatu behar da. Administrazio publikoari baso autoktonoen azalera handitzea eta bultzatzea dagokio.
Euskal Herriko basogintza politika begira ere balegoke zer esanik; hemen ere landaketek dute lehentasuna.
Barrabaskeriak eta astakeriak egitea libre da, eta gero negar egitea ere bai.