Urdaibaiko Guggenheimen proiektua ez da gaurkoa, badira 11 urte Sukarrietan gauzatu nahi izan zutela, eta gelditu genuen, herriaren jardunak bertan behera bota zuen Bastidaren eraikina eraitsiz museoa eraikitzeko Bizkaiko Diputazioaren eta Guggenheim fundazioaren erabakia. Orain ere geldituko dugu bigarren saiakera hau, eta geroko balizko saiakera guztiak ere bai, ez gara geldi geldituko betiko gelditu arte.
Urdaibai ez dagoelako salgai, berton bizi nahi dugulako, langileok gure itsasertzaz, mendiez, larreez, ibaiez, itsasoaz, basoez, kaleez... gozatu nahi dugulako masifikaziorik gabe, kaleetan, dendetan, tabernetan eta edonon euskara entzun nahi dugulako jendearen ahotan.
Gutxi batzuen interes ekonomikoek ezin dute eskualde oso baten etorkizuna hipotekatu, herritarron borondatearen kontra gainera. Biosfera erreserba den honetan naturari, bizi kalitateari, hizkuntzari, kulturari... negatiboki eragingo dien egitasmo zentzugabea ezin dugu onartu.
Herritarron informazio eskubidea urratuz, erreserba babesteko araudi eta lege guztien kontra, ikusmolde lukurra inposatuz, hemendik kilometro askotara diseinatutako kultura eta artea inportatuz (eta inposatuz), hemengo artea eta kultura baztertuz eta hiltzera kondenatuz.
Guggenheim icebergaren tuturra baino ez da. Trikimailu lotsagabe honen sakoneko asmoa Urdaibai aberatsentzako atseden eta opor gune exotiko bihurtzea da, natura marka salduz, horretarako natura txikitu behar badute ere, kultura bandera gisa dutelarik, baina bertoko kultura akabatuz.
Iragan larunbatean adin, lanbideeta jatorri askotako milaka herritarrok Gernikako kaleetan aldarrikatu genuen gure iritzia eta erabakia: Urdaibaiko Guggenheim Stop!
Orain, agintariei dagokie Herriarenerabakia errespetatzea eta betetzea; gaur, bihar baino hobeto.
ZUZENDARIARI
Urdaibaiko Guggenheim: trikimailuaren tuturra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu