Zirika Zarauzko euskara elkartea

Zarauzko udako udaltzainen afera

Arantxa Aizpurua
2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jakin dugu Zarauzko Udalak udako hamabi udaltzain berri kontratatu dituela, eta denek ez dakitela euskaraz. Euskara Departamentutik hizkuntza irizpideen inguruko saioa eskaini diete, eta, horren ondoren, euskara ikasteko baliabideen gaineko informazioa bidali ere bai. Ikastaro labur bat ere emango omen zaie hizkuntza gaitasunean hobetzeko. Baina udaltzain horien kontratazioa erabaki politikoa izan da hizkuntza beste maila batean utzita, eta orain datorrena dator.

Horren aurrean, Zirika euskara elkarteak ondorengo gogoeta hauek egiten ditu:

1.- UEMAko herri batean ez da onargarria euskaraz ez dakiten udaltzainak kontratatzea.

2.- Gu ez gara hasiko kontratatzeko sistemarik onena zein den eztabaidatzen. Garbi dagoena da, kontratua egiterako, EAEko bi hizkuntzak jakin egin behar dituztela. Gero, alferrikakoa da. Berriro diogu, alferrikakoa da.

3.- Ez da sinesgarria udako etorri diren udaltzainek, uda partean ikastaroak eginda, uda honetan bertan jendearekin hitz egiteko adina euskara ikasiko dutela, orain arte ez badute inolako ahaleginik egin edo aukerarik izan.

4.- Binaka ibiliko dira, bata euskalduna eta bestea erdalduna nonbait. Herritar batek udaltzainekin liskarren bat badu, erdaldunak zer lekukotasun eman behar du gertatutakoaz? Nola lagundu dezake eztabaida bideratzen? Beti egongo da arrazoiren bat bikote idiliko hori ez sortzeko: txandak, guardiak, opor egunak, bajak… Horrelakoak bizi izandakoak gara lehen ere.

Aurten herritarroi geratzen zaigun aukera bakarra udaltzainekin euskaraz egitea da, eta posible gertatzen ez denean, salatzea, udalean eta publikoan. Ez dadila beharrik izan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.