ZUZENDARIARI

Zauri sakona

Donostia
2016ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Gabonak dira eta preso politikoak gogoan ditugu. Urteotan bizi dugun zauri sakona dugu. Bai, bakea dugu amets, baina presoak kartzelan eta iheslariak oraindik ezin itzulita herrira.

Hauteskundeak igaro dira, Gabonetan gaude Olentzero lagun, baina ez ditugu presoak eta iheslariak etxean. Politikariek jakina hitz egiten dute, badakite zelan konpondu hainbat gizarteko arazo eta hor dihardute buru-belarri itunak, botoak eta hainbat iritzi aditzera emanez politikaren inguruan.

Halere, teoriak igarotzen dira, eta errealitateak bere bidea egiten du. Euskal presoen eta iheslarien afera ez da konpondu Euskal Herrian, herri askea ez garelako. Eta herrien askatasunean amets egitea zilegi denez, ez dagoela herririk aitzina egin dezakeenik hainbeste presoren eta iheslariren arazoari irtenbidea eman gabe iruditzen zait.

Urtarrilaren 9an Bilboko kaleetan manifestaldia dago beren alde, eta arduradun politikoek, kolore desberdinetakoak, pertsonalismoak alde batera utzirik, hortxe egon beharko lukete, ezen herriaren onbeharrez jardungo dutenean arazo larri honi irtenbidea eman nahien, orduantxe soilik askatuko baitira indarrak gure herrian eta aitzina egingo baitu.

Bestela, ez da egongo ez burujabetzarik, ez independentziarik, ez ongi-izaterik, konturatu gabe gizartea zauriturik dagoelako larriki arazo honexegaz. Euskararen egoera ere ez da normalizatuko, eta denok dakigu euskararik gabe ez dagoela Euskal Herririk. Eta presoz eta iheslariz Euskal Herriko askatasunik ere ez. Bada, askatasunik gabe, nola herri batek garatu bere burua eta aurre egin datorkeenari? Nik neuk behintzat ez dakit. Lehentasuna duen afera dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.