1 Formulako araudi aldaketa: aplikazioen eguneraketak bezala

Nazioarteko Automobilismo Federazioak aldaketak egin ditu sasoi hasieran indarrean jarritako arautegian. Gidariek kritikatu egin zuten araudi hori. Energia elektrikoaren kudeaketa moldatu behar izan dute batez ere.

Antonelli eta Lindblad, Suzukan, itzuli bat ematen. FRANCK ROBICHON / EFE
Antonelli eta Lindblad, Suzukan, itzuli bat ematen. FRANCK ROBICHON / EFE
Laurentzi Garmendia
2026ko maiatzaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bueltan da 1 Formulako Munduko Txapelketa. Ameriketako Estatu Batuek Iranen egindako erasoaren ondorioz bost astez etenda egon eta gero, Miamiko Sari Nagusia jokatuko dute asteburuan. Lehia etenda egon da, baina harrabotsa egon da txapelketaren inguruan. Izan ere, indarrean jarri eta berehala, FIAk, Nazioarteko Automobilismo Federazioak, arautegi teknikoan aldaketak egitea onartu du. Eredu berriak alde ia guztietatik jaso ditu kritikak. Gidarien artean, adibidez, Max Verstappen, Lewis Hamilton eta Lando Norris izan dira haren aurka gogorren hitz egin dutenak. 1 Formula Elkartearen zuzendari nagusi Stefano Domenicialli izan da haren alde mintzatu den bakarra. FIAk bost asteko tarte hau baliatu du taldeekin batera egoera aztertu eta neurri aringarriak adosteko.

Hartutako neurriak ulertzeko, arazoaren jatorria zein den zehaztu beharra dago. Abiapuntu moduan, kontuan izan behar da 1 Formulako egungo auto hibridoek oinarrizko bi ezaugarri dituztela. Batetik, ahalik eta energia elektriko gehien pilatu nahi dute, oso eraginkorra baita haren erabilera. Bestetik, energia hori ahalik eta azkarren erabili nahi dute, zuzengune hasieran, horrek ahalbidetzen baitie denbora onak lortzea itzulietan. Energia elektrikoa zuzengune amaiera iritsi aurretik agortzen bazaie ere, lehen metroetan lortutako abantailak, irabazitako denborak, mesede egiten die. 

Gidariek energia hori nola kudeatzen duten kontuan hartuta, autoen egoera oso desberdina da. Hau da, lasterketan, beste autoekin buruz buru lehiatzeko edo haiek aurrea hartzeko, oso egoera desberdinean iristen dira autoak zuzengune amaierara. Batzuk, energia elektrikoa xahutua dutenez, hura berreskuratzen saiatzen dira, konbustio motorraren kontura. Horrek autoa mantsotzen du. Izan ere, bere buruari xurgatzen dio bateriara doan energia. Horri super clipping deitzen zaio. Beste batzuk, aldiz, oraindik energia izanik, abiadura askoz ere handiagoan iristen dira leku berera. Horrek bi autoen artean abiadura alde handia eragiten du, eta, segurtasunari erreparatuta, arriskua areagotu egiten da. Oliver Bearmanek (Hass) eta Franco Colapintok (Alpine) Suzukan izan zuten istripuaren arrazoia hori izan zen. Abiadura aldea erabakigarria izan zen. Istripua, gainera, are larriagoa izan zen horregatik.

Egin dituzten aldaketen helburua zera da: autoak energia elektrikoa pilatzen ez aritzea zuzengune amaierara iristen direnean. Horretarako, bi neurri zehatz onartu dituzte: itzuli bakoitzean pilatu daitekeen energia zazpi megajoulera murriztea, baina kantitate hori azkarrago biltzea. Azken hori lortzeko, energia elektrikoa berreskuratzeko potentzia handitu dute: 250 kilowattetik 350 kilowattera. Horri esker, autoek denbora gutxiago emango dute energia berreskuratzen, eta aipatutako super clipping-a ia desagertu egingo da.

Gainera, orain arte 350 kilowattekoa zen energia elektrikoaren entrega; orain, berriz, 250era mugatu dute zirkuituetako zenbait tokitan. Hala, autoak ez du energia hain azkar xahutuko, eta horrek energia berreskuratzeko beharra txikitzen lagunduko du. Lehiak ere hobetu beharko luke, gidariek lehen baino azkarrago hartuko baitituzte bihurguneak zuzengune amaiaren supper clipping-a desagertuta.

Guztia ez da ona

Hartu diren erabaki teknikoen ondorio zuzenak dira horiek. Baina zeharkakoak ere badira, eta ez dira horren onak. Autoak mantsoagoak izango dira orain, energia elektriko gutxiago erabili ahal izango baitute. 1 Formulako ingeniariek itzuli bakoitzeko denbora optimizatzen duten algoritmoak eta estrategiak bilatzen dituzte beti. Zuzengune hasieran azkarra izanda lortzen da denborarik onena, hortik aurrera abiadura galduz joan arren. Orain, bihurgune amaierara azkarrago iritsiko dira, baina lehen metro horietan pilatutako atzerapena berreskuratu gabe. Zirkuitu bakoitzaren araberakoa izango da mantsotze hori.

Beste ondorio bat ere bada, kezkagarriagoa: hau guztia jakina zela taldeak denboraldi hasieran indarrean jarritako arautegi berria aztertzen hasi zirenetik. Taldeek horren berri eman zuten, baina FIAk entzungor egin zien. Onartutako aldaketak ez dira sakonak, baizik eta kasik estetikoak dira, sakelako telefonoko aplikazioen eguneraketak bezala. Ezin ziren bestela izan. Aldaketa sakonek ikerketa eta garapena eskatzen dute, baita fabrikazio luzeak ere. Ezin dira denboraldi erdian indarrean jarri. FIAk arautegiaren «doikuntza txiki» gisa saldu ditu, hartutako erabaki okerrak agerian gera ez zitezen. Epe laburrera sinpleagoa eta errazagoa izango zen potentzia elektrikoa mugatzea, baina horrek kalte egingo zion 1 Formula «berde» baten filosofiari. Epe luzera, berriz, zera aztertu beharko dute: baterien edukiera handitzea. Ondorio guztiak kontuan hartuta egin behar dute hori, gainera. Aurten egin ez dutena, hain justu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA