Markagailu guztiek ez dutela egia esaten aipatu du Abel Barriolak gaur Labriten (Iruñea), Elordiren eta Peio Etxeberriaren neurketa amaitu berritan. Eta arlo psikologikoaren lanketa goraipatu du Etxeberriak berak partidaren akaberan. Horiexek izan dira neurketaren ondorioetako batzuk. Izan ere, partida fisikoki oso gogorra izan da, lehenengo zatian bi pilotariak betetzeraino, eta Etxeberriak bere burua lasaitzeko gaitasuna izan du. Zenoztarrak hamahiru tanto jarraian eginda, neurketa nahiko parekatua izan da, amaierako emaitza 22-11 izan bada ere. Garaipen horren bitartez, finalaurrekoetan da zenoztarra, eta Altuna III.aren aurka neurtuko ditu indarrak.
Gaurkoaren gisako neurketek garrantzi handia izaten dute, eta, ondorioz, berezko tentsioa ere bai. Halere, badira halako partidak lasaitasunez jokatzen dakitenak ere. Etxeberria da horietako bat. Elordiren aurka jokatutako partida hasi aurretik, ordea, bazuen lasai egoteko motiboa —neurri batean, behintzat—: zazpi tanto egitea nahikoa zuen finalerdietara sailkatzeko. Zazpi egitea nahikoa bazuen ere, ez du gupidarik izan, eta 22ra heldu da, Elordi 11 tantotan utzita.
Futbolean bezala, Elordiren eta Etxeberriaren arteko neurketak bi zati izan dituela esan daiteke. Aurretiko zatia oso gogorra izan da. Bi pilotariek izan dute jokoaren agindua, txandaka, eta tanto oso landuak jokatu dituzte. Horren erakusle da 1-2 eta 2-2 tantoetan 22 eta 21 pilotakada jo dituztela, hurrenez hurren. Eta 4-5 emaitzarekin amaitu den tantoan ehungarren pilotakada jo dute; hau da, partidaren hasieran batez beste hamar pilotakadatik gora jo dituzte tanto bakoitzean.
Lehen zatiaren parekotasuna emaitzen bilakaerak ere erakutsi du: 0-2, 4-2, 4-7, 9-7, 9-9, 11-9. Emaitza horietara iristeko bidean erremate eta sake ikusgarriak egin badituzte ere, pilotarien nekea izan da protagonista. Nabaria izan da; izan ere, bost tanto egin dituzte sakez —hiru Elordik eta bi Etxeberriak—; tartean, erantzutekoak ziren zenbait. Lanen erdira Elordi iritsi da aurretik: 11-9.
Nekea kudeatzearen garrantzia
Tanto horren ostean heldu da partidaren inflexio puntua. Etxeberriak hamahiru tanto egin ditu jarraian. Halere, emaitzak islatzen duena baino gehiago sufritu du garaipena lortzeko. Lehenengo zatian bi pilotariak bete-betean ari ziren, eta markagailua 13-11 emaitzara heltzerako, berrehun pilotakada joak zituzten. 11-9ko tantoan Etxeberriak erasora jo du, eta, Elordi defentsan sendo aritu bada ere, tantoa zenoztarraren aldekoa izan da. Hurrengo tantoan ere lehia bizia izan da; biak aritu dira gogor erasoan, elkar asko mugiaraziz kantxan, eta Elordiri txapan behera egin dio ihes boleak. Agerikoa zen mallabitarra oso nekatua zegoela.
Neke horren eraginez, Etxeberriak hiru tanto egin ditu sakez nahiko jarraian, eta hala heldu dira 18-11 hurrengo atsedenaldira. Bi pilotariek arnasa hartzeko aukera izan dute, eta gogoz heldu diote berriro jokoari. Elordik ez du amore eman, eta oso tanto gogorra izan da hurrengoa. Bi pilotariek asko borrokatu dute, eta Etxeberriak ezker eskuarekin egindako horma biko zital batek haren alde amaitu du tantoa.Â
Hurrengo tantoa zertxobait zorigaiztokoa izan da Elordirentzat. Izan ere, bi pilotariak tantoa lortzearen alde borrokan ari zirela, Etxeberriak zabalean luze jo du pilota, eta Elordi iritsi egin bada ere, eskuineko eskuaren hatzetan min hartu du. Halere, jokatzen jarraitu ahal izan du.
Azken bi tantoetan Etxeberriak erasoan jarraitu du, eta Elordik, partida osoan bezala, sendo erantzun dio, baina bi tantok zenoztarraren alde egin dute, eta hala heldu da 22ra.
Partidaren akaberan Etxeberriak berak aitortu du norgehiagoka gogorra izan dela: «Lehenengo zatian kostatu egin zait, zalantzak izan ditut. Eta neure burua lasaitzea lortu dudanean askatu naiz». Horrekin batera, esan du zazpi tantora heltzea nahikoa bazuen ere partida irabazten saiatu dela, baita lortu ere.Â
Beste finalerdia, erabakitzeko
Bestalde, atzo Altuna III.ak eta Peña II.ak neurtu zituzten haien indarrak Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan. Partida 17-8 zenean zazpi tanto egin zituen jarraian Peñak, eta norgehiagoka iraultzear egon zen; baina Altunak bost tanto egin zituen ondoren, eta partida amaitu zuen. 2016an lehendabizikoz lortu zuenetik, 11. urtez ariko da amezketarra Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan; Olaizolak beste inork ez du lortu halakorik —hamahirutan lortu zuen hark—.
Eta gaur beste norgehiagoka bat ere jokatu dute, Iruñeko Labriten: Zabalaren eta Lasoren artekoa. Azken urteetan hainbat finaletan aritu badira ere, gaurkoan ez dute ezer jokoan izan. Partida hasterako Zabala jada sailkatua zegoen finalerdietarako, eta Laso kanporatua. Emaitzaren garrantzia alboan utzita, Lasok irabazi du neurketa, Zabala 13 tantoan utzita.
Bihar erabakiko da bigarren finalerdia, eta Zabalak orduan jakingo du noren aurka arituko den. Ezkurdiak eta Muruak Lizarran (Nafarroa) jokatuko dute elkarren aurka, eta Muruak hogei tanto egiten baditu, hark jokatuko du finalaurreko bat, A seriean lehendabizikoz.