Duela hamar urte, 2016ko urriaren 30ean, Iker Irribarriari 22-9 irabazita lortu zuen Jokin Altunak lehen aldiz Lau eta Erdiko txapelketako finalerdietarako sailkatzea. Aramakoa buruz buruko txapeldun izan zen urte hartako maiatzean, baina, espero zenaren kontra, amezketarrak irabazi zuen gazteen arteko lehia. Finalerdietan sartu zen, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxearen artera. 20 urte zituen orduan, eta markak hausten hasia zen. Horren adierazgarri, datu hau: Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak 23 urterekin lortu zuten lehen aldiz Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea. Juan Martinez de Irujok, 25 urterekin. Bada, Altunak finalerdietan Olaizolari 22-13 irabazi, eta finala jokatzea lortu zuen urte hartan, eta finalean tanto bakarrarengatik galdu zuen Bengoetxearen aurka, Ogeta pilotalekuan: 22-21.
2016an inork pentsa zezakeen Altunarena urte bateko kontua izango zela. Oker zebilen. Atzo 11. aldiz lortu zuen Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea, eta horrek esan nahi du puntaren puntan egon dela hamar urtez; soilik Olaizolak lortu du txapelketa horretan finalerdi gehiago jokatzea: hamahiru. Ibilbide loriatsu bat da Altunarena, eta 30 urterekin garai honetako pilotari handienetako bat da jada. Olaizola 42 urterekin erretiratu zela aintzat hartuta, oraindik finalerdi gehiago jokatuko dituela pentsa liteke. Hamar urte ez dira alferrik pasatzen, eta gaztetasunak utzitako hutsunea esperientziarekin bete du. Lore artean arantzak ere izan dira: kolpe gogorra hartu zuen urriaren 18an Zabalaren aurka galdu zuenean, partida 11-4 irabazten hasi ondoren. Baina Altuna Altuna da, eta atzo ez zuen hutsik egin. Ez eta 17-8 lortuta Jon Ander Peña partida iraultzear izan zenean ere.

Altuna, atzoko partidan. GORKA RUBIO / FOKU
Erasokor hasi zuen partida Altunak. Erritmo biziz jokatu zuen, eta batera eta bestera eraman zuen tolosarra. Erremateekin itsutu beharrean, jokatzea erabaki zuen, eta ez zion utzi Peñari bere jokoa egiten. Gainera, ohi bezain zorrotz errematatu zituen jokaldiak amezketarrak. Hala, Peñak gehiago arriskatu behar izan zuen, baina ez zuen abagunerik izan bere ezker gantxoa baliatzeko, eta, bi erremate txapara bota ondoren, 11-4 zegoen markagailua, lehen hogei minutuak jokatuta.
Peñaren erreakzioa
Lehen atsedena 12-6koarekin iritsi zen, baina hurrengo tantoak ere Altunak egin zituen, eta 15-6koarekin beste eten bat eskatu zuen tolosarrak. Bi tanto egin zituen jarraian gantxoz, baina Altunak bi pareta joz erantzun zuen; 17-8koarekin partida bideratuta zeukala zirudien, partida Peñaren ahalegina kamustu egin zen. Ezta gutxiagorik ere. Pilota indartsu eta zuzen jotzea kostatzen hasi zitzaion Altunari, eta Peñak ordura arte gutxi erabili ahal izan zuen ezker gantxoa atera zuen. Metro batzuk aurreratzea lortu zuen, eta, erasokor eta zorrotz, tantoak bere alde eraman zituen. Zazpi egin zituen jarraian, eta 17-15 jarri zuen markagailua. Altunak Zabalaren aurka galdu zuen partidaren gogoak hartu zuen Tolosako Beotibar orduan.

Erauntsia tanto batekin gelditu zuen Altunak, eta 18-6koarekin joan ziren bigarren atsedenera. Eta orduan berriro agertu zen Altuna, 11. aldiz jarraian Lau eta Erdiko finalerdietan sartzeko gai den hori, partida handietan hutsik egiten ez duena. Amezketarrak ezkerrarekin zabalera bidali zuen pilota, eta hemeretzigarren tantoa egin zuen. Ondoren Peñak berriro bidali zuen pilota txapara. Horma biko batekin eta sake itxi batekin amaitu zuen partida Altunak. B multzoan bera eta Zabala sailkatu dira finalerdietarako, eta Baiko horietatik kanpo geratu da, final-laurdenetan Peña baitzuen ordezkari bakarra. A multzoan Lasok eta Zabalak jokatuko dute beste partida, baina ez dago ezer jokoan.
A multzoan gaur eta bihar jokatuko dute final-laurdenetako azken jardunaldia: Elordi-Etxeberria eta Ezkurdia-Murua. Guztiek dituzte oraindik sailkatzeko aukerak. Elordik eta Peio Etxeberriak Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute. Etxeberriak nahikoa du zazpi tanto egitea sailkatzeko, edo biharko partidan Muruak galtzea. Elordik, berriz, irabazi egin behar du. Muruak eta Ezkurdiak zailagoa dute sailkatzea. Muruak irabazi egin behar du, eta Elordik galtzea edo Etxeberriak sei tanto baino gehiago ez egitea behar du. Ezkurdiak, berriz, gutxienez 22-19 irabazi behar du, eta Elordik galtzea ere behar du.