Abizenak badu segida

Aitaren eta anaiaren bideari jarraituz, goi mailako kirolean bere tokia hartu du Itxaso Erasunek. Plazandreak saioko Lau eta Erdikoa irabazi berri du, baina hobetzen segitu nahi du. Mimoz zaintzen du prestakuntza.

Itxaso Erasun pilotaria, Zizurkilgo pilotalekuan. JON URBE / FOKU
Itxaso Erasun pilotaria, Zizurkilgo pilotalekuan. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2025eko uztailaren 31
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Pronostiko guztiak hautsiz, Itxaso Erasunek (Zizurkil, Gipuzkoa, 1999) irabazi zuen joan den astean Plazandreak saioko Lau eta Erdiko finala, Bilboko Esperantza pilotalekuan. Txapelketaren aurkezpenean inork gutxik emango zuen sosik haren alde. «Neroni ere ezustean harrapatu ninduen nire izena lau eta erdian ikusteak. Antolatzaileei esan nien nahiago nuela binaka aritu, baina adierazi zidaten haien ustez gaitasun handia nuela banaka distantzia motzean jokatzeko». Bada, kontuak zer diren: txapelketan behetik gora nabarmen egin, eta zizurkildarrak 18-9 irabazi zion finalean Amaia Aldairi, lau eta erdiko espezialistarik handienetako bati. «Ezin nuen lortua sinetsi, baina egunak igaro ahala barneratuz joan naiz. Izugarri pozik nago».

Txikitatik izan du maitea esku pilota. «Esango nuke, batez ere, pilotaria naizela, txikitan orduak eta orduak igarotzen nituelako horma baten aurka jolasean». Ordea, 11 urte zituela palari heldu beste erremediorik ez zuen izan. «Emakumeok ez genuen aukerarik eskuz jokatzen jarraitzeko, eta hainbatek palarako jauzia eman genuen». Duela bost urte esku huska aritzeari berriz ekin zion arte. «Pandemia zela eta, berriz heldu nion eskuari, eta aukera sortu zitzaigun berriro eskuz jokatzen hasteko. Hasieran asko kosta zitzaidan eskuak gogortzea, baina pixkanaka hobetuz joan gara denok, eta azken bi urteotan kalitate handiko multzoa sortu dugu». Han eta hemen txapelketa ugari ari dira jokatzen, eta txapel bat baino gehiago baditu jantziak zizurkildarrak sasoi honetan: GRABNI txapelketakoa, sanferminetakoa, eta Plazandreak saiokoa, besteak beste.

«Oraindik ere pilota profesionaletik urrun gaude, baina egia da pausoak ematen ari garela. Plazandreak saioa da gure bozgorailu onena»

ITXASO ERASUN Pilotaria

Hain zuzen, Plazandreak saioko garaipenak izan du oihartzunik handiena. «Oraindik ere pilota profesionaletik urrun gaude, baina egia da pausoak ematen ari garela. Plazandreak saioa da gure bozgorailu onena, telebistak eta babesleek apustu sendoa egiten baitute emakumeen pilotaren alde». Erakusleiho horren indarra sumatu du Erasunek, zorion mezu ugari jaso du eta. «Ezagunek eta ez hain ezagunek zoriondu naute, eta ohartu naiz jende askok ikusten dituela gure partidak. Supermerkatura erosketak egitera joatean edo kalean paseoan nenbilela geratu nau jendeak, zoriontzeko, eta pozgarria da». Dena den, Erasun pertsona bakar batekin akordatu zen txapela janztean: amonarekin. «Nire jarraitzaile fina zen, eta, orain dela hilabete joan zitzaigunez, hari eskaini nion txapela».

Kirol nutrizioan aditua

Familia beti du presente Erasunek. Manuel aita segalari handia zuen, eta Jon anaia, berriz, pilotari profesionala, Asegarce enpresarekin aritutakoa. Bien ezaugarri nagusiak zera ziren: kasta eta sendotasuna. «Ni ere kasta horretakoa naizela esango nuke. Aurkariak baino pilotakada bat gehiago jotzeko ahalmena daukat, eta buruz oso gogorra naiz. Finalean ere ikusi zen hori. Abiadura bizian ibili nuen pilota, baina batez ere trebe aritu nintzen taktikoki». Izaerari ez ezik, prestakuntzari ere garrantzi handia ematen dio zizurkildarrak. «Kirola egiten gozatu egiten dut, eta bizikletan, igerian eta lasterka ere ibiltzen naiz». Hori aski ez, eta nutrizioari asko erreparatzen dio. Kirol nutrizioan espezializatua da. «Ikasketak kirol nutriziora bideratu nituen, eta ikasitakoa neure buruari aplikatzen diot. Mimoz zaintzen dut dena».

Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Behar Zana elkartean aritzen da pilotan Erasun, eta goi mailako entrenamenduak izaten dituzte. Dena den, Ameriketako Boise hirian da orain, hango euskal jaira pilotari eta arduradun gisa joatea egokitu baitzaio. Euskadiko Euskal Pilota Federazioan ere lanean dihardu, Berdintasun alorrean. «Erronka handiko lana da, baina gogor ari gara zeregin horretan. Euskal selekzioaren ofizialtasunak ate asko zabalduko ditu, eta nire ametsetako bat da pilotari moduan munduko txapelketa batean aritzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.