Ados Pilotaren binakako Udara Caixabank txapelketaren bigarren aldia aurkeztu dute gaur, Iruñeko Agora aretoan. Ligaxka eran jokatuko dute, eta sei bikote izango dira nor baino nor gehiago: Oskoz-Orbegozo, Barrokal-Arrastia, Aranburu-Mendiburu, Aldaregia-Agirre, Iturriaga-Mujika eta Infante-Galeano. Uztailaren 25ean hasiko da txapelketa, Garesen (Nafarroa), eta Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan jokatuko dira gainerako norgehiagokak: hamasei guztira. Lehen fasea ligaxka eran jokatuko dute, eta bikote guztiak elkarren aurka lehiatuko dira. Fase horretako bi bikoterik onenek jokatuko dute final handia, irailaren 26an, Agoitzen (Nafarroa).
Txapelketa hori joan den udan antolatu zuten lehen aldiz, eta, orduko hartan, Iturriaga eta Agirre izan ziren txapeldun, Aranbururi eta Mujikari 22-16 irabazi ostean. Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zen partida hura. Maite Ruiz de Larramendi Ados Pilotako lehendakari eta pilotariak bereziki nabarmendu du txapelketak zer-nolako garrantzia duen: «Garrantzitsua da elkarrekin hazten jarraitzea eta pilotariei merezi duten lekua eskaintzea. Txapelketa hau maila handikoa izango da, eta belaunaldi berriek aukera izango dute beren erreferenteekin gozatzeko. Beste urrats txiki baina esanguratsu bat da berdintasunerako bidean».
«Txapelketa hau maila handikoa izango da, eta belaunaldi berriek aukera izango dute beren erreferenteekin gozatzeko» MAITE RUIZ DE LARRAMENDIAdos Pilotako lehendakaria eta pilotaria
Berdintasunaren eta emakumeen kirolaren aldeko apustu sendoa eginez antolatu du torneoa Ados Pilotak, Caixabanken laguntzarekin. Celia Torio bankuaren ordezkariak, hain zuzen, hizpidera ekarri du Caixabankek emakumeen kirolean duen pisua: «Caixabank erreferentea da emakumeen kirola babesten, ehun bat akordio estrategiko eginak ditu eta». Horrekin lotu dute emakumeen pilotari emandako bultzada ere. Gogorarazi du gizonezkoen txapelketen babesle direla aspalditik, eta adierazi du «ohorea» dela emakumeak bigarren aldiz babestea.
San Fermin txapelketa eta Plazaz Plaza
Orain hasiko den Udara Caixabank torneoaz gain, beste bi txapelketa ere antolatzen ditu Ados Pilotak: San Fermin txapelketa eta Plazaz Plaza. San Fermin txapelketa, beste urteetan bezala, lau eta erdian eta binaka jokatu dute. Bi txapelketak oso berdinduak izan dira, eta pilotazaleek aukera izan dute norgehiagoka ederrez gozatzeko Nafarroako hainbat txokotan.
Lau eta erdiko finala Oskozek irabazi zuen, Mendibururen kontra final zirraragarri bat jokatu ostean. Oskoz 16-8 joan zen galtzen, baina ondo eutsi zion, eta, 14-2ko partzial bat egin ostean, 22-18 gailendu zen. Binakakoan, berriz, Barrokalek eta Ruiz de Larramendik 22-13 irabazi zieten Ruiz de Infanteri eta Arrastiari.
Plazaz Plaza lehiaketa ere jokatuko da aurten, eta, iaz bezala Udara Caixabankekin bat egingo badu ere, aurrerago aurkeztuko dute. Txapelketa berezia da Plazaz Plaza; izan ere, Ados Pilotak udarako antolatu zuen lehen txapelketa izateaz gain, Euskal Herriko hainbat herritako plazetan jokatzen da. Iaz Iturriagak eta Zabala IV.ak eskuratu zuten txapela, Ruiz de Infanteren eta Mujikaren aurka 22-20 irabazita. Final estua izan zen. Plazaz Plaza txapelketak bosgarren aldia izango du aurten, eta aurreko urteetan bezainbesteko lehia izatea espero da.