Martin Lasarte. Universidad Catolicako entrenatzailea

«Agian ez dakit neure burua ondo saltzen»

Txiletik mintzo da, eta garai gozoan bizi da, bertako liga irabazteko zorian baitago. Hala ere, ez du Reala ahaztu, Donostian bizitako guztia, eta irteera: «Moduak eman zidan minik handiena».

PAUL ASENSIO LOZANO.
Imanol Magro Eizmendi.
Santiago
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Garai onean bizi da Txilen Martin Lasarte (Montevideo, 1961). Liga irabazteko zorian dago Universidad Catolica Santiagoko taldearekin. Nazioko hirugarren taldea da, eta liga bukatzeko jardunaldi bat falta dela lehen postuan dago O'Higginsekin berdinduta. Hala bukatuz gero, finala jokatuko lukete. Aurreko sasoian txapeldunorde izan zen, lehen sailkatuarekin berdinduta. «Gol aldearengatik izan ginen bigarren, eta orain, alde dugunean, arautegia aldatu dute». Umoreko dago, eta gustura hartu du euskal kazetarien bisita Catolicaren kirol hiri ponposoan.

Aspaldian zutaz ezer jakin gabe. Zer moduz zaude?

Zoriontsu, gustuko dudan hori egiten. Ogibide honetan eragozpen nagusia familiarengandik urrun egotea izaten da, eta txapelketa bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, kasu honetan Gipuzkoako urteetan baino gertuago dut. Montevideorako bidaia bi ordu dira, eta bi astean behin elkarrekin egoten gara.

Familia eta entrenatzaile lana bateratzea ez da erraza izango.

Adinarekin aldatu egin da. Gazteago nintzenean... ez dakit hitza berekoiagoa den, baina gehiago begiratzen nion profesional eta diru mailan hobetzeari, norberaren eta familiaren onerako, eta horiek lortzen zoazen heinean beste alor batzuk alboratzen dituzu. Familiaren hutsunea gero eta gehiago nabaritzen duzu. Futbolean gogorrena ez da irabaztea edo galtzea, etxera iristean isiltasuna egotea baizik. Telebista eta jar dezakezu, musika... Baina askotan ez duzu zeinekin tristezia edo alaitasuna partekatu.

Ondo doazkizu gauzak.

Futbol munduan helburuak lortzeak markatzen zaitu, ez du hainbeste axola nola jokatzen duzun... Talde hau alde batzuetan Realaren antzekoa da, harrobiko jokalariei garrantzi handia ematen dielako. Azken partidetan erabili ditudan jokalarien %70-80 harrobian hazitakoak dira. Ona da, pozik nago eginiko lanarekin, bertakotasun hori lortu dut, eta Santiago hiri polita da.

Jendearekin hitz egin eta beste taldeetako zaleen artean ez zara bereziki maitatua: Lasarteren estiloa, europar erara jokatzen duela... eta gero, La Catolica ere, nolabait, aberatsen taldea da.

Klixeen kontua da; hemen, Txilen, klixe bat jartzen dizute, estereotipo bat, eta harekin bizitzen jakin behar duzu. Markatzen zaituzte, eta agur. Puntu eta gol errekorra hobetu dugu, baina, hala ere, gauzak hala daude... Ni ez naiz On Kixote, eta nekatu naiz erroten aurka borrokatzeaz; uste hori badute, hala izan dadila, eta kito! Ez da hain garrantzitsua.

Jarraituko al duzu karguan?

Ez dakit. Ekainera arteko kontratua dut. Taldeak berrituko didan edo ez darabilte kazetariek, eta'zergatik ez didazue niri galdetzen?' esaten diet nik. Agian nik ez dut gelditu nahi, eta ez klubarengatik, agian nekatuta nago eta albo batera egin nahi dut, eta liga irabaziz gero bukaera puntu polita litzateke. Edo ez, inoiz ezin da jakin, gainera, proiektua luzatzea agian ez litzateke erabat egokia, eta beste norbait baldin badator hau hobetzeko gai izan daiteke. Ni ez naiz berekoia, eta halako gauzetan pentsatzen dut.

Ez jarraitzekotan, zer?

Agian lasaitasun aldi bat. Familiarekin egoteko, bateria kargatzeko... Baina ezin jakin, futbolak hori du.

Noiz arte entrenatuko duzu?

Lehen ez nuen horretan pentsatzen, eta orain bai. Ez dakit... baina segur aski ez urte askoz gehiago. Nire indarrak nire lana baldintzatzen du. Niri ez zait plantak egitea gustatzen, ni naizen bezalakoa naiz eta hala jokatu nahi dut; benetakoa izan behar duzu, eta horregatik diot ez dudala urte askoz entrenatuko.

Uruguain txapeldun, Reala igo eta mantendu, Txilen txapeldunorde... Helburuak lortu dituzu ia beti.

AEBetako langileak bezalakoa naizela esaten didate, helburuak zehaztea gustatzen zaidala, eta hala da, beste guztia hitz hutsak direlako. Nik agian ez dakit neure burua ondo saltzen. Nik lehen eguneko bileran hitz egiten dut bakarrik. Hau egiteko ekarri nauzue eta egin dut, zer egin dut gaizki? Taldeetako buruei zera pasatzen zaie: asmoak urtea garatu ahala aldatzen dituztela. Realean, agian, gerta zitzaigukeen gauzarik txarrena da hain lehen itzuli ona egin izana eta bigarren hain txarra. Alderantziz izan balitz, agian, ezin hobe.

Aukerak izan al zenituen Espainiako Ligan jarraitzeko?

Bai, Racingekin hitzartua nuen, Lehen Mailan zegoen, baina azken unean Cuper aukeratu zuten. Zorionez, ez zen irten. Lanik gabe egondako lehen sei hilabeteetan joan-etorri asko egin nituen Espainiara, eta bi bilera izan nituen sei talde garrantzitsuenetako birekin. Egun ez daude sei onenen artean, eta ez da zaila asmatzen. Zuriz janzten dute biek.

Europara itzuliko al zara?

Ez dakit. Ikusiko dugu; gustatuko litzaidake. Ez da helburu bat. Bere garaian bazen helburua, baina ikusi dut Hego Amerikan edo Europan entrenatzea gauza bera dela: trajea eta gorbata.

Nola gogoratzen duzu Reala?

Zoragarria izan zen hura. Gauzak bere unean esan behar dira, eta orain esatean agian badirudi koipea ematen ari naizela, baina jendeak badaki. Nire aita Andoaingoa zen, lehengusuak han bizi dira... Nik memoria dudanetik Realeko elastikoa izan dut etxean,1980ko taldeak buruz ezagutzen nituen, Gorrizekin argazkia atera nuen eta oraindik gordea dut, hura ikusgarria zen niretzat.

Asko pozten naiz Reala egiten ari denarekin. Realak jende bikaina du. Nik ez dut ezer esateko, guztiz kontrakoa, dena diet eskertzeko jokalariei, eskatu genien guztia egin zuten, askotan zergatik egin zuten ulertu gabe ere, baina berdin egin zuten. Agian nire gabezia izan zen ondo azaltzeko nahiko argi hitz ezin hitz egitea. Mezua ulertu zuten, eta urteekin hazten jarraitu dute.

Zurea lotura pertsonala zen.

Ni Donostiara joan nintzenean dena ezagutzen nuen. Dena den, niretzat ere erraza zen, giro ezkorretik kanpo iritsi nintzelako; libre nintzen. Beste guztia ezagutzen nuen, gipuzkoarra nola zen banekien: xumea, soslai baxua esaten dena... eta guk horren kontra borroka egiten genuen. Aro bikaina izan zen, eta eskertuta nago, ez dakit, jaungoikoari, patuari... eta pozik nago jarritako helburuak lortu genituelako.

Realaren historia liburuan tokia izango duzu; zuk igo zenuen taldea.

Polita da hori. Noizbait Ormaetxearen emaztearekin hitz egin izan dut, eta hari berdina pasatzen zitzaion. Jendeak maitasun hori adierazten dizu. Azken bi urteetan hainbatetan joan naiz Donostiara, eta jendeak kalean gelditu izan nau; zerbait hartzera joan, eta gonbidatu egiten zaituzte, 'zu ez al zinen taldea igo zuen entrenatzailea?', ez dut ia inon ordaintzen; ez da kontu ekonomikoa, baizik eta jendearen arreta.

Min eman al zizun ez jarraitzeak

Bai, noski, min eman zidan. Moduak eman zidan min, bihotzez diot. Aste batzuk lehenago norbaitek zerbait esan zidan, eta nik Loreni esan nion. Pixka bat inuzentea naiz alde horretatik, aurrez aurre joan nintzaion, eta baloia bizilagunaren patiora botatzen duenaren antzeko erantzuna eman zidaten. Ez nuen ezer ulertu: Deportivori buruz hitz egin zidaten, eta nik ez nuen inolako loturarik inorekin. Nik zerbaiten susmoa banuen ordurako.

Partidak bukatzean taldeko kide batzuekin besarkatu egiten nintzen, eta Bartzelonari irabazi genion egunean (2-1, 2010-11ko denboraldiko 33. jardunaldian), eskua eman zidaten. Egun horretan ikusi nuen zerbait arraroa zegoela [barrez], baina, tira, ez dio axola. Baina nik ulertzen dut, agian euren beldurra izango zen aurretik esan balidate ez nuela jarraituko, edo lasaitu egingo nintzela. Ez ninduten ezagutzen. Nire lehen obligazioa taldearekin zen, jokalariekin, jendearekin, hiriarekin, Gipuzkoarekin... eta, gero, zuzendariekin, kontratua sinatuta badago hura ere bete behar da. Ez diot ezinikusirik inori, guztiz kontrakoa.

Zer moduzko harremana duzu zuzendaritzako kideekin?

Ona. Deitu izan diet zoriontzeko eta noizean behin animoak emateko. Harreman ona dut presidenteordearekin, eta Jokin Aperribairekin ere ona dudala uste dut. Nik hala sentitzen dut, haren aita ezagutu nuen, haren familia... Hau ez da egun batean bai eta hurrengoan ez, gauzak betiko dira, batez ere zintzotasuna eta maitasuna dagoenean. Oroitzapen ona dut, eta orain ona jende horrekin.

Eta jokalariekin?

Harreman zuzenagoa dut eurekin. Duela gutxi Bravorekin hitz egin nuen, Antoinerekin [Griezmann] ere bai. Mezuak tartekatzen ditut Mikel Gonzalezekin, Labakarekin, Roberto Navajasekin maiz hitz egiten dut, Zurutuzari modu onean errieta egiten diot, jokalari bikaina da, Ifranekin, Castrorekin... Aurrekoan autobuseko argazki bat bidali zidaten. Polita da, ongi sentitzen naiz.

Egungo Real honetan zure eskua ikusten al duzu?

Tira, norbaitek beti uzten du zerbait, batez ere hazten ari den talde bat denean. Nik hartu nuen aurrekoen lana nabaritzen zen, Lillorena... eta litekeena da nire gauzak izatea, baina Montanierrenak era bai, eta orain Arrasaterenak, eta bihar beste batenak.

Realaren bilakaerak harritu al zaitu?

Ez. Baina egia da ere mugara iristen ari dela. Talde handien ahal ekonomikoa ezingo du pasatu, tira, agian egoera jakin batean, Xabi Alonso itzuliko balitz...

Zurrumurruak hor daude.

Bai, entzun ditut. Nik amesten nuen, zein polita izango zen Alonso eta Illarramendi elkarrekin jokatzen zuzendu ahal izatea. Paregabea... eta begira non elkartu diren, ez nuen inoiz usteko.

Talde berezia da Reala?

Ez dut uste. Realean pasatzen ziren gauza on eta txarrak toki guztietan pasatzen dira. Ulertzen dut sentimendu hori, atxikimendu hori, eta jendeak zioen: 'Hau bakarrik Realean pasatzen da'. Ez, ez da hala, toki guztietan gertatzen da. Talde asko daude zaleen babes itsua dutenak. Esaterako, duela aste batzuk Ekuadorrera joan ginen Emelec-en aurka jokatzera. Etxean 4-0 irabazi genuen, eta han 2-3 gero. Partida bukatu eta estadio guztia zutik txaloka, guztia! Hori Uruguain ezinezkoa da, eta hemen, Santiagon, ere bai.

Realean alde horretatik itxuraldaketa bat egon zela iruditzen zait, iristean jendea hotz ikusten nuen... Garai zaila zen, baina nik beti zera nioen: jendeari ez zaio eskatu behar, eman egin behar zaio lehenbizi, eta sarituko gaitu. Azken partida hura, estadioa beteta, 10.000 lagun kanpoan... ez da kasualitatea. Horregatik esan nuen hura: «Ez zaitezte banandu».

Elkarrizketaren bertsio luzea irakurri nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.