Aginte makila eskuz aldatu da Merdecesen

Kimi Antonelli italiar gaztea da orain taldeko izarra. Lehen tokian dago sailkapen nagusian, eta txapeldun baten heldutasuna erakutsi du denboraldiaren lehen erdian. Txapelketa ondo bideratua du. George Russell taldekidea, berriz, nahi eta ezin ari da.

Kimi Antonelli jendea agurtzen, alboan George Russell. JOEL CARRET / EFE
Kimi Antonelli jendea agurtzen, alboan George Russell duela. JOEL CARRET / EFE
Laurentzi Garmendia
2026ko abuztuaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espero bezala, Mercedes autoa izan da nagusi aurtengo 1 Formulako Munduko Txapelketan. Hala erakutsi du, behintzat, txapelketaren lehen zatian. Baina erraztasun handiagoz irabaztea espero zen, 2014an egin zuen antzera. Talde horretako gidari bat dago sailkapenaren buru: Kimi Antonelli. Haren taldekidea, George Russell, aldiz, burumakur dabil, arazoak pilatu eta pilatu. Arazo horietako batzuk bereak izan dira, eta besteak, autoarenak. Bien bitartean aurkariak gerturatzen ari zaizkio Mercedesi. Ferrari da gertuen duena. McLaren eta Red Bull datoz ondoren.

Aurreikuspen gehienetan Russell ageri zen faborito, hura baitzen taldearen berezko liderra. Garaipen batekin hasi zuen urtea Australian, eta aurretik idatzitako gidoi baten pare zihoan 2026ko txapelketa. Gutxik espero zuten Antonelli gazteak bat-batean halako aurrerapausoa egitea. Estreinakoz Txinan irabazi zuen, baina salbuespen bat izango zela zirudien, Russellek berriro aginte makila hartu arte. Baina lasterketa joan lasterketa etorri, Antonellik hartu du liderraren rola, eta horren lehen biktima bere taldekidea izan da.

Katalunian eta Silverstonen izan zituen bi arazo teknikoak kenduta, ez da podiumetik jaitsi. Baina batez ere oso sendo agertzen ari da une oro, edozein zirkuitutan, edozein baldintzatan. Udako etenaldira 50 puntuko aldearekin joan da, eta txapelketa bideratua du. 219 puntu ditu, eta Lewis Hamiltonek (Ferrari) 169. Ezin du lasai egon, ordea; are gutxiago Mercedesek. Haien konbustio motorra ez da onena, hala uste bazuten ere. Unitate elektrikoarekin konbinatzean sistema trinkoa osatzen dute, bai. Baina hauskorra da, eta hainbat egoeratan sufritu egin dute. Eta ez da indartsuena. FIAk egindako azterketen arabera, Red Bullena da indartsuena.

Elkarri mokoka

Antonellik alde duena zera da: aurkari zuzen bat falta zaiola. Russell galduta dabil, eta gutxi falta zaio zera pentsatzeko: talde barruan bere aurka azpijokoan ari direla. Dena aldrebes ateratzen ari zaio, eta taldeak dagoeneko badu behar zuen izar berria. Hori kontuan hartuta, zaila dirudi Russellek egoera iraultzea, eta ziurrenik talde asko ate joka ariko zaizkio datorren denboraldiari begira.

Hamilton da txapelketako bigarrena, Ferrari eta biak orain elkarren artean hobeto ulertzen direla medio. Katalunian garaipena lortu zuen, eta beste emaitza on pare bati esker gora egin zuen. Azken lasterketetan bere taldekideak, Charles Leclercek, egin du gora, ordea. Lider argi baten faltan, bien arteko lehia polita izan da orain arte, bete-betekoa bezain garbia. Urte hasieran irteeretan zuen abantaila, baina gero galdu egin zuen FIAren ebazpen baten ondorioz. Ohi bezala, etengabe ari dira autoa hobetzen, baina ez dute aurrerapauso nabarmenik ematen. Gainera, gidatzeko moduari erreparatuta, haiengandik espero ez ziren hutsak egiten ari dira, eta puntu dezente galdu dituzte horren ondorioz.

Puntu horiek gainerakoen zakura joan dira. Lando Norris (McLaren) eta Max Verstappen (Red Bull), iazko txapelketako bi protagonista nagusiak, trebeak dira besteek aprobetxatzen ez dituzten aukerak baliatzen. Ikusi besterik ez dago zer gertatu zen Hungarian. Teorian Ferrarirentzat zen aproposa zirkuitua. Baina ez zioten horri etekinik atera. Hala, Norris eta Verstappen azaldu ziren. Lehenak aise irabazi zuen, eta McLaren bere onera itzultzen ari den abisua emateko balio izan zuen. Berandu da tituluren borrokan egoteko, baina garaipenak lortzea eta hurrengo urterako oinarriak prestatzea ez da gutxi.

Verstappen, krisian

Max Verstappen da gidaririk ikusgarriena, baina seigarren dago txapelketan.  Kexu agertzen ari da bai araudiarekin, bai autoarekin. Hala ere, emaitza onak lortzen ditu. Oso exijentea da, baina ematen duena balio handikoa da. Ziurrenik hasi eta buka nagusi izanda irabazi dituen lasterketak baino ikusgarriagoak dira aurten korritu dituenak. Oraingoz, ez du irabaztea lortu. Bigarren izan da Austrian eta Hungarian. Red Bull goiko postuetan dagoen jendea galtzen ari da pixkanaka, eta autoa ez da Verstappenen gustukoa. Motor bikaina egin dute, eta hori teknikoki oso ondo lan eginda soilik lor daiteke. Horrek erakusten du autoa hobetzeko gauza ere badirela.

Russellekin gertatu bezala, baliteke Verstappen ere talde bila aritzea. Etete klausula du, eta txapelketan seigarren izanik, lehen sailkatuaren puntu erdiekin, mugitzeko aukera du. Mercedeseko Toto Wollffek oso gustuko du aspalditik. Baina Antonelliren maila ikusirik, ez du halako presarik.

Bigarren erdiak teknologia hibridoaren egonkortasuna ekarriko du, eta ezohiko emaitzak edo egoerak gutxituz joango dira. Energiaren kudeaketa oraindik guztiz menperatu gabe dute, are gehiagoa gidatzeko modua tartean dagoenean. Mercedesek autoa, gidaria eta baliabideak ditu urte amaieran bi tituluak irabazteko: pilotuena eta autogileena. Aurkari nagusia taldea bera izango da beharbada, are gehiago taldeko giroa oraindik gehiago gaiztotzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA