Urteurren borobila ari da ospatzen Lokatza ziklismo eskola: 50 urteko bidea. Badu meritua, eta, egindako lana aitortzeko, omenaldi berezia egingo diote Euskal Herriko Itzulian: Bergaran amaituko da lasterketa —2016az geroztik, Itzulia beti Eibarren edo Arrateko gainean bukatu da—. «Sekulako eguna izango da», esan du, pozez, Ion Unamuno Lokatzako presidenteak, eta jasotako babesa eskertu du: «Jendeak Lokatza maite duela erakutsi du».
Itzuliko azken saioan Antzuola eta Bergara (Gipuzkoa) artean ariko da tropela, eta txirrindulariek sei mendate gainditu beharko dituzte. 135,2 kilometro ditu ibilbideak, eta 3.000 metroko malda. Ibilbidea aztertu du Unamunok: «Profesionalentzat ez da etapa luzea, baina igoera-jaitsiera azkarrak ditu. Gure inguruko betiko gainetara igoko dira, eta bi aldiz igoko dira Gorlara. Etapa polita izatea espero dugu, bizia, eta estrategietara bideratua. Aldapak ez dira Tourmaletekoen parekoak, baina azken etapa da, eta nekea ere igarriko dute».
Horien artean, bazegoen ibilbidean ezinbestean sartu beharreko gain bat: Gorla. Izan ere, mendate berezia da Lokatza ziklismo eskolarentzat eta herriarentzat. «Leku oso maitatua da bergararrontzat. Askotan bizikletan igotzen gara, edo oinez, eta han goian kantinan egoten gara. Gorla oso lotua dago Bergarari», adierazi du Unamunok. Gainera, urtero antolatzen dute Gorlako Igoera; 51. aldia izan du aurten.
Balioa eman dio lasterketari ere: «Talde onak ekarri nahi izaten ditugu, eta jendeak nahi izaten du gure palmaresean egon. Gaur egun, irabazten dutenek profesionaletan egoteko aukera handia dute. Gorla derrigorrez sartu behar zen ibilbidean, eta lasterketa ikusteko ere aukera polita da: hara joan, bi aldiz ziklistak ikusi, eta helmugara garaiz iristeko aukera ematen du».
Martxoan egin zuten Gorlako lasterketaren aurtengo aldia, eta izan zuen antzekotasunik Itzuliko azken etaparekin. Izan ere, ibilbidea moldatu zuten: «Aizpurutxoko zati bat oso gaizki dago, eta aitzakia izan zen Itzulikoaren ibilbide antzerakoa jartzeko. Txirrindulariak Azkaratetik igo ziren, eta Elgoibarretik Bergararantz joan». Aimar Tadeo nafarra (Cortizo) izan zen garaile.
«Gorla derrigorrez sartu behar zen ibilbidean, eta lasterketa ikusteko ere aukera polita da»
ION UNAMUNO Lokatza ziklismo eskolako presidentea
Orain, gogotsu dago Itzuliko azken etapak zer emango duen ikusteko: «Afizionatuetako talde indartsuak gai dira lasterketa kontrolatzeko, eta alde batetik, badut beldur hori; afizionatuek kontrolatzen badute, profesionalek ere kontrolatuko dute. Baina, aldi berean, afizionatuetan hamabi txirrindulari dira talde bakoitzean, eta Itzulian gutxiago. Orduan, espektatiba handiak ditut».
Borondatez, aurrera
Egun berezia izango da Lokatzarentzat, eta pozez daude kideak. Urteotan egindako lanaren fruitua da Itzulia Bergaran amaitzea, saritxo bat. «Borondatez egiten dugu lana, gehienbat umeei eta gazteei begira. Ziklismoa egiteko aukera ematen diegu, eta lasterketak antolatu, egutegi txukun bat izan dezaten», adierazi du Unamunok. Hain zuzen, halaxe dio Lokatzaren aurkezpen testuak: «Lokatza 14-18 urteko Bergara, Antzuola eta Elgetako neska-mutilei zuzendutako ziklismo eskola da. Txirrindularitzak jorratzen dituen askotariko esparruak bultzatzen ditu, bereziki errepidean zentratuz».
Baina ez hori bakarrik, askoz gehiago ere bada: «Ziklismo eskola da gurea, eta saiatzen gara, eskola balitz bezala, errespetua, elkartasuna eta kiroltasuna transmititzen gure ziklistei. Horrez gainera, ziklismo zaletasuna bultzatzen dugu gure elkartean». 50 ziklista inguruk osatzen dute Lokatza.
Bergaran zaletasuna badagoela uste du: «Txirrindularitza, pilota, futbola... errotuta daude, Euskal Herriko beste herri askotan bezala. Orain dela ez asko, txirrindulari profesionalak izan ditugu Bergaran; urte batean lau izan genituen. Harro egoteko kirol bat da herritarrontzat. Jendeak ikusten du txirrindularitza, gustatzen zaio, eta asko praktikatzen du. Azken urteetan asko zabaldu da zikloturismoa. Eta neskak ere geroz eta gehiago ibiltzen dira. Ikusten da demokratizatu egin dela kirol hau».
Hala ere, aurrera egiteko, Lokatzak haize freskoa eta kide berriak behar dituela adierazi du Unamunok: «Zuzendaritzan jende bera gaude azken 12-13 urteetan. Elkartean jende berria sartzea oso positiboa litzateke. Askok laguntzen digute, baina oso zaila da urteko konpromiso hori hartzea». Askotariko erronkak dituzte, beraz.
Gainerakoan, taldeak egonkortzen eta txirrindulariak erakartzen segitu nahi dute. «Badaramatzagu urte batzuk 40-50 txirrindularirekin, eta horri eutsi nahi diogu. Nesken taldea ere badugu, eta ea bergararrak animatzen diren. Gaur egun ditugunak inguruko herrietakoak dira. Bergarako, Antzuolako eta Elgetako elkartea da Lokatza, baina orokorrean Bergaran oinarritzen gara. Gustatuko litzaidake Bergarako neskak ere lehiatzea».
Dena den, oraintxe, Itzulian du burua. «Jendea animatu nahi nuke bide bazterrak betetzera. Oso gutxitan izaten dira maila goreneko txirrindularitza ikusteko horrelako aukerak». Halaxe, bada, Itzuliak gaur izango du azken eguna Euskal Herriko errepideetan barrena, eta Bergaran izango du helmuga: aitortza keinu bat egingo diote Lokatzari.