Hiru txapel irabazita, laugarrena irabaztea du buruan Aitzol Apalantzak

Rallyetako gidariak hirugarrenez irabazi du Euskadiko rallysprint txapelketa. Elgoibarren lortutako garaipenari esker, azken proban lehiatu beharrik gabe ziurtatu zuen titulua. Jada lanean ari da hurrengo sasoirako babesleak eta dirua lortzeko.

Virginia Reguero kopilotua eta Aitzol Apalantza gidaria Euskadiko Rallysprint txapelketa irabazi duten autoetako batekin. GORKA RUBIO / FOKU
Virginia Reguero kopilotua eta Aitzol Apalantza gidaria Euskadiko Rallysprint txapelketa irabazi duten autoetako batekin. GORKA RUBIO / FOKU
Oier Zumarraga
2026ko azaroaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren txapela eskuratu berri du Aitzol Apalantzak (Errezil, Gipuzkoa, 1991). Elgoibarren jokatu zen azken-aurreko proban irabazita, eskura zuen Euskadiko Rallysprint Txapelketa; baina azken baldintza bete behar zuen: Intxortan autoa egiaztatzea. Hamar proba ditu egutegiak, eta bi emaitza txarrenak baztertzen dira, betiere gidaria egiaztapenetara aurkeztu bada. Errezildarrak hala egin zuen, baina ez zen lehiatu. «Elgoibarren helburua betea genuen», azaldu du. Ez zuen alferrikako arriskurik hartu nahi, ezta datorren urterako beharko duen dirua gastatu ere.

Aurreko bi txapelketen aldean, hirugarrenean «esperientzia eta erregulartasuna» izan ditu indargune. Prestaketari garrantzi handia ematen diola nabarmendu du: «Ondo prestatzen ditugu lasterketak, kopilotuaren oharrak ahalik eta gehien fintzen ditugu, eta hasieratik erritmo bizian ateratzen saiatzen gara. Horiek dira garaipena lortzera gerturatzen gaituzten gakoak».Virginia Reguero aritzen da haren kopilotu. Lehen tartean egindako denborak aurkarien maila neurtzeko balio die, eta horren arabera erabakitzen dute zenbat arriskatu. Kolpe batek denboraldi osoko lana zapuztu dezakeela jakinda, zenbait probatan puntuak pilatzea lehenetsi dute, aitortu duenez.

BMW M3 propioa du Apalantzak, baina Hyundai i20 N Rally2arekin eta Skoda Rally2arekin ere lehiatu da, biak alokatuta. Ibilgailuen arteko aldeak nabarmenak direla azaldu du. BMWak atzeko trakzioa du, eta balaztatzean eta bihurguneetan lan handiagoa eskatzen dio gidariari. Rally2 motakoak, berriz, trakzio osoko auto modernoagoak dira. Hala ere, horiei etekinik handiena ateratzeak badu bere mamia: «Kanpotik ematen du Rally2 bat gidatzea oso erraza dela. Autoaren ahalmenaren %60 edo %70 baliatzea erraza da, baina %90era edo %100era iristea ez». Horretarako, kilometroak pilatu, konfiantza hartu eta trazadurak zehaztasunez landu behar direla azpimarratu du.

«Ondo prestatzen ditugu lasterketak, kopilotuaren oharrak ahalik eta gehien fintzen ditugu, eta hasieratik erritmo bizian ateratzen saiatzen gara. Horiek dira garaipena lortzera gerturatzen gaituzten gakoak» 

AITZOL APALANTZA Rallyetako gidaria

Autoaren garrantziaz jakitun da. Euskal Herriko probetan sarritan autorik onenetakoa izan du, eta batzuek esan dute horri esker lortu dituela garaipenak. Horregatik du bereziki gogoan Kantabriako Reocingo rallysprinta. Rally2 motako 20 ibilgailu inguru elkartu ziren han, punta-puntako gidariekin, eta errezildarra bosgarren sailkatu zen. Azken txandan, gainera, bigarren denborarik onena egin zuen. Emaitza haren balioa aldarrikatu du: «Autoagatik irabazten dudala esaten dute batzuek. Han hogei auto berdintsu zeuden, eta bosgarren egin nuen». Oso harro gogoratzen du proba hura, zer egiteko gai den demostratzeko aukera izan baitzuen, prestigio handiko gidarien aurrean.

Etxean ere izan du zer ospatua. Izan ere, Erniopeko rallysprinta irabazi zuen, hamabost urteren ondoren berreskuratutako lasterketa. Gorka anaiarekin kopilotu aritutakoa zen errepide horietan. Garaipen haren esanahi berezia nabarmendu du: «Nire kirol ibilbideko unerik politenetako bat izan zen». Anaiak 6 minutu eta 57 segundoko errekorra ezarri zuen, eta Aitzol hiru segundora geratu zen. Marka gainditzea zaila izango dela onartu arren, ez du ezinezkotzat jotzen, eta berriro saiatzeko gogoa du.

Aurrekontuak agintzen du

Aurten, rallyen txapelketa alde batera utzi, eta rallysprintetan jarri du arreta. Erabakia arrazoi ekonomikoengatik hartu duela argitu du. Rally luzeak gustuko ditu, errepide eta tarte desberdinetan aritzeko aukera ematen diotelako, baina garestiagoak dira: halako proba batean gastatzen duenarekin hiru rallysprint egin ditzake. Baliabide gehiagorekin bestelako egutegia osatuko lukeela aitortu du: «Aurrekontua izango banu, proba guztiak Rally2 motako ibilgailuekin egingo nituzke». Babesleen ekarpenek baldintzatzen dute, beraz, zer ibilgailu alokatu eta non parte hartu.

Gazteentzat ere oztopo handia da dirua. Baliabide gutxiko gidari bat mailaz igotzea «oso zaila» dela uste du Apalantzak, eta Asturiasen eta Kantabrian gazteentzako lehiaketa eta laguntza gehiago daudela adierazi du. Komunikabideei dagokienez ere alde nabarmena sumatzen du. Han rallyak irratitik ematen dituzte, eta telebistan ere badute lekua. Euskal Herrian, berriz, automobilismoak ikusgaitasun handiagoa behar duela iritzi dio. Babesleak lortzeko garaian horrek eragina duela azaldu du: «Babesle bila joaten garenean, egiten diguten lehen galdera hau da: zer oihartzun izango duten; eta, askotan, ez daukagu erantzunik». Horregatik, hedabideetan eta sare sozialetan halako jardueren berri sarriago ematearen alde agertu da, zaleengana ez ezik enpresetara ere iristeko.

Zailtasunak zailtasun, ez zaio automobilismoarekiko grina apaldu. Txikitatik izan duen zaletasun bat dela gogorarazi du: «Txiki-txikitatik ezagutu dut hau. Etxean ez dut besterik ikusi, eta niretzat bizimodu bat da». Hirugarren txapela irabazi izanak ez dio garaipen gehiago lortzeko gosea ase. Elgoibarren nagusitu eta gero, astelehenean jada babesleentzako dosierra prestatzen ari zen, datorren denboraldirako dirua biltzeko. Otsailera arte ez du jakingo zer auto izango duen eta zein probatan lehiatuko den, baina argi dauka helburua: laugarren txapela irabaztea, eta Euskadiko Rallysprint Txapelketaren historian titulu gehien dituen gidaria izatea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA