Etorkizunari «ilun eta tristuraz» begiratzen diete Innpalako palista ohiek. Ez da gutxiagorako, galdu egin baitute zeukaten itxaropen apurra. Pasa den ostiralean, Bizkaiko Foru Aldundiak ebatzi zuen nori esleituko dioten Bizkaia pilotalekuaren kudeaketa: Joxerramon Garai buru duen Giroa Baiko Eragin aldi baterako enpresa elkarteari. Bazen beste talde baten eskaintza ere mahai gainean: Enaitz Olaetak zuzentzen duen KDT aldi baterako enpresa elkartearena. Haren eskaintza Garairen enpresarena baino %37,6 merkeagoa zen, baina aldundiak argudiatu du ez zuela eskaintzen bermerik lizitazioan eskatzen ziren baldintza guztiak betetzeko. Hortaz, helegiteen ondoren bestelakorik erabakitzen ez bada behintzat, Garaik jarraituko du Bizkaia pilotalekua kudeatzen, eta horrek zera ekarriko du: Innpalako palista profesional ohiak ez direla itzuliko Bilboko kantxa horretara zuriz jantzita.
Luze jo du esleipenak, baina erabakiak ez ditu ezustean harrapatu palistak ohiak. Bederatzi palistek jo zuten grebara, eta guztien izenean hitz egin du Iñaki Urrutia bozeramaileak. «Irregulartasun nabarmenak daude kontu honetan. Aldez aurretik bagenekien Garaik zer nolako indarra duen sistema honetan guztian». Beste hainbat gauzen artean, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria izan zen Garai, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zenean. «Izugarrizko boterea dauka, eta inolako erreparorik gabe bereganatzen du diru publikoa. Eta haren helburua ez da palaren alde egitea, poltsiko batzuk betetzea baizik». Horiek horrela, zur eta lur daude palista ohiak. «Harrituta gaude ikusirik nola funtzionatzen duen guztiak. Palaren etorkizuna bost axola zaie guzti-guztiei. Garairen eskaintza onartzea zen aukera bakarra aldundiarentzat. Ustelduta dago dena».
«Garairen helburu bakarra izan da urte hauetan guztietan ahalik eta diru gehien bereganatzea. Hogeitik hamarrera jaitsi zuen paliston kopurua, eta gure lan baldintzak ere oso eskasak ziren»
IÑAKI URRUTIA Palista ohia
Palista ohiek 2011n hasi zuten beren jarduna Bizkaia pilotalekuan. Orduan hogei bat lagun ziren koadroan, baina urteen poderioz gutxitzen joan zen kopuru hori. «Garairen helburu bakarra izan da urte hauetan guztietan ahalik eta diru gehien bereganatzea. Hogeitik hamarrera jaitsi zuen paliston kopurua, eta gure lan baldintzak ere oso eskasak ziren». Horregatik erabaki zuten grebara jotzea. «Gure eskubideak defendatu genituen, baina ez digute kasurik egin. Orain, Innpalak jardunean jarraitzen du, oso maila apaleko pilotariekin. Noski, jaialdiak antolatu beharra daukate esleipeneko baldintzak betetzeko, baina inork ez du kontuan hartzen zer-nolako maila dagoen jaialdi horietan». Bada, palista ohi batzuen atea jo dute azken egunetan Innpalako arduradunek. «Gutako batzuei deitu diete, Innpalara itzultzeko, baina, zorionez, ez daukagu ardi beltzik gure artean. Oso batuta gaude».
Aukera bakarra zegoen bederatzi lagun horiek Bizkaia pilotalekura itzul zitezen: esleipena KDT enpresa elkarteari ematea. Urrutia: «Aurreakordio bat eginda geneukan Olaetarekin. Guk eskatzen genituen lan baldintza guztiak onartu zituen hark, eta halere aitortu zuen bideragarria zela Bizkaia pilotalekua kudeatu ahal izatea». Aldundiaren ustez, ordea, ez zen bideragarria. «Olaetak egin dituen txostenetan zorroztasun osoz erakusten du gaitasuna duela esleipenean eskatzen diren baldintza guztiak berme osoz betetzeko. Eta, halere, ez dute bere aldeko apustua egin. Alde ilun asko dago kontu honetan». Pentsa: azkenean esleipena 400.000 euro garestiago den enpresa bati eman diote. «Gure lan baldintzak hobetuta ere bideragarria baldin bazen Olaetaren eskaintza, galdera bat datorkigu burura: zenbat diru poltsikoratzen ote du Garairen enpresak diru publikotik?».
Palaren geroa jokoan
Esleipenari helegitea aurkeztu asmo du Olaetak, baina itxaropenik ez dute palista ohiek. «Garbi dago Garai botere horretan mantendu nahi dutela. Haiek jakingo dute zergatik. Olaetaren proiektua oso erakargarria zen; ez soilik gure lan baldintzak hobetzeko prest zegoelako, palaren aldeko proiektu bat zeukalako ere bai». Orain, berriz, baliteke palaren etorkizuna jokoan egotea. «Pala gure kulturaren parte da, eta palari jarraipena ematea zor diogu. Modalitate honek bizirik jarraitzea merezi du, eta garbi dago Innpalako jaialdien mailari esker behintzat ez dela lortuko helburu hori».
Horregatik, bederatzi palista ohiek beren kasa jardunean hastea darabilte buruan. «Ez daukagu inolako laguntza publikorik ez ezer, baina gure kasa jaialdiak antolatzen has gaitezke. Martxoa amaieran egin genezake lehen jaialdia. Udaletan atea jotzen hastea tokatzen zaigu. Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, baina ea gai garen elkarte bat edo antzerako zerbait sortzeko eta herriz herri jokatzen hasteko. Bederatzi palistok oso batuta gaude, Olaetarekin eskutik goaz, eta horri balio handia ematen diogu».