Espainiako Lehen Mailako liga etenda egongo da hiru astez, selekzioen partidak direla eta. Zazpi jardunaldi jokatu dituzte orain arte, eta, euskal taldeei dagokienez, Alaves aritu da ondoen: lehen sailkatua da lauren artean. Reala, Athletic eta Osasuna daude haren atzetik, hurrenez hurren. Zuri-gorriek partida bat gutxiago jokatu dute, euriteek bertan behera utzi baitzuten Levanteren zelaian jokatu behar zutena.
Alaves: joera onari eutsi dio
Quique Sanchez Floresek argi esan zuen Athleticen aurkako derbia bukatu berritan: «Inork esan baligu lehen etenaldira 11 puntu lortuta iritsiko ginela, hark ere ez zuen sinetsiko». Arrazoi du Alaveseko entrenatzaileak, taldeak oso ondo ekin baitio sasoiari. Seigarren postuan dago sailkapenean, 11 puntu batuta. 2018tik ez zen horren ondo hasi.
Sanchez Floresek talde nahiko sendoa osatu zuen aurreko sasoian, eta, honetan, arabarrek beste aurrepauso bat eman dute. Horretan zerikusia izan du taldea ezer gutxi aldatu izanak eta entrenatzaileak denbora gehiago eduki izanak bere estiloa txertatzeko. Datu batek laburbiltzen du ondoen zein sendo ari den Alaves: sei gol baino ez dizkiote sartu. Athletic alde batera utzita —sei partida jokatu ditu, eta sei sartu dizkiote—, inori ez dizkiote horren gol gutxi sartu. Defentsan eta zelai erdian sendo ari da, eta erasoan, eraginkor: 11 gol sartu ditu; lau taldek bakarrik sartu dituzte gehiago. Lucas Boyek lau gol sartu ditu, eta Mariano Diazek, hiru.
Reala: eromenean bizi da
Sailkapenari erreparatuta, ezin da esan Realak liga gaizki hasi duenik, zortzigarren postuan baitago, hamar puntu bilduta. Baina gehitxo esatea da ondo ari denik. Gainera, Espainiako Ligako jarduna ez ezik, Europa ligakoa ere hartu behar da kontuan, eta horretan galdu egin du jokatu duen neurketa bakarra: 1-2 Bournemouthen aurka, Anoetan.Â
Pellegrino Matarazzo aurreko sasoian taldeak zituen arazoak konpondu ezinik dabil, eta horien artean bat nagusiki: oso erraz sartzen dizkiote golak. Hamahiru sartu dizkiote. Hiru talderi baino ez dizkiote gol gehiago sartu. Hau da, ia bi gol sartzen dizkiote partidako. Beraz, irabazi nahi badu, hiru gol sartu beharrean da. Hori egin du Elxen eta Valentzian (Herrialde Katalanak). Partida eroak izan dira bi horiek, baina, onerako zein txarrerako, horrelakoak dira neurketa gehienak Matarazzo dagoenetik. Hori bai, beti ez ditu hiru gol sartuko.
Txuri-urdinen alde esan daiteke egutegi zaila izan duela, sasoi honetan Txapeldunen Ligan ari diren hiru talderen aurka jokatu baitu ligan: Betis, Real Madril eta Atletico Madrilen aurka. Hiruren aurka galdu du, koska bat beherago dagoen seinale.Â
Athletic: argi-ilunak izan ditu
Gozotik eta gazitik, bietatik izan du Athleticen denboraldi hasierak. Klubak ilusioa berpizteko fitxatu zuen Edin Terzic, eta ilusioa berpiztu duten momentuak izan dituzte zuri-gorriek, baina iraganeko mamuak ere nahi baino lehenago azaldu zaizkie. Lehen bi partidak galdu ondoren, Celtari eta Atletico Madrili irabazi izanak baikortasuna zabaldu zuen. Ez garaipenengatik soilik, baita taldeak azaldutako joko onagatik ere. Bazirudien hegan egiteko moduan zegoela, baina oinak lurrera azkar jaitsi behar izan ditu, eta ez da gai izan Elxi eta Alavesi irabazteko azken bi partidetan San Mamesen. Puntu bana poltsikoratu du, eta horrek, zalantzak ez ezik, dezepzioa ere eragin du. Atzean sartzen diren aurkarien aurrean argitasunik eta kalitaterik eza sumatu zaizkio taldeari, eta ustez jokalari garrantzitsuenak direnek ez dute aldea egin.Â
Hemezortzi puntutatik soilik zortzi batu ditu Athleticek. Aintzat hartu behar da lau partida jokatu dituela etxean, eta, beraz, puntu askok ihes egin dutela San Mamesetik. Onenen artean egoteko, hobetu beharreko baldintza izango du hori. Gutxienez, iragan sasoian baino gol gutxiago sartzen ari zaizkio: sei gol sei partidatan. Helduleku hori abiapuntu hartuta, etenaldi luze honetan erasoko jokoa fintzea izango du zeregin nagusia Terzicek. Hurrengo hiru partidak etxetik kanpo jokatu beharko ditu taldeak, Rayo Vallecano, Valentzia eta Levanteren aurka.Â
Osasuna: sentipen txarrak uxatu ezinik
Osasunan oso zalantzati iritsi dira lehen etenaldira, ez baitituzte uxatu aurreko denboraldiaren amaieran izandako sentipen txarrak. Luis Miguel Ramisek ez du lortu taldea onbidean jartzea. Gutxienez, gorritxoak ez daude oso estu sailkapenean: hamahirugarren postuan daude, zortzi puntu bilduta. Hala ere, joera txarra da, azken lau partidetan puntu bakarra eskuratu baitute, aurreko larunbatean Sadarren Rayorekin berdinduta lortutakoa. Â
Ramis fitxatzearen helburua atzean talde sendoa izatea zen, baina entrenatzaileak ez du hori lortu. Hamahiru gol jaso dituzte. Hiru talderi baino ez dizkiote gol gehiago sartu. Lehen hiru jardunaldietan, hala moduz jokatu zuen, baina atzealdeko sendotasunari eta erasoko eraginkortasunari esker, taldeak zazpi puntu lortu zituen. Geroztik, ordea, behera egin du nabarmen. Ezintasun hori agerikoa izan zen Alaves, Espanyol eta Atletico Madrilen aurka, gorritxoek 11 gol jaso baitzituzten, eta bi baino ez sartu. Rayorekin berdinduta eten zuten bolada txar hori. Lesioek erasan egin diote, batez ere Aimarrenak. Argibideren lana da albiste on bakarrenetakoa.Â