Futbola

Alaves eta Athletic, huts egiteko tarterik gabe ia

Arabako taldea jaitsiera postuetan da, eta Bartzelona hartuko du Mendizorrotzan. Bizkaitarrek, berriz, Espanyolen zelaian jokatuko dute. Europarako sailkatzeko aukerei eutsi nahi diete.

Athleticeko Alejandro Rego eta Valentziako Javi Guerra baloia lortzeko lehian, igandean, San Mamesen jokatutako norgehiagokan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Athleticeko Alejandro Rego eta Valentziako Javi Guerra baloia lortzeko lehian, igandean, San Mamesen jokatutako norgehiagokan. ARITZ LOIOLA/ FOKU
2026ko maiatzaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitzen ari da liga. Dagoeneko talde bakoitzak badaki zertarako borrokatuko den gelditzen diren hiru jardunaldietan. Hala, Alavesek eta Athleticek oso bestelako norgehiagokak jokatuko dituzte gaur. Arabarrak jaitsiera postuetan dira, eta hortik ateratzea dute helburu, Mendizorrotzan Bartzelonari irabazita (21:30, Movistar Plus). Bizkaitarrek Europako postuen lehian jarraitu nahi dute, iragan igandean San Mamesen Valentziaren aurka galdu arren. Horretarako, baina, Espanyolen zelaian irabazi beharko dute (19:00, Movistar Plus LaLiga). 

Arabako taldea ataka zailean da. Larunbatean Elxen aurka berdindu zuen Martinez Valeron, baina berdinketa horrek ez zuen askorik balio izan. Quique Sanchez Floresen aurretik jarri zen markagailuan, baina Herrialde Katalanetako taldeak norgehiagoka berdindu zuen. Aitor Mañas aurrelariak aukera paregabea izan zuen azken minutuan garaipenaren gola sartzeko, baina baloia ez zen sareetara joan. Ondorioz, jaitsiera postuetan segitzen du Alavesek. 

Gaur, Bartzelona ahalguztiduna hartuko du. Neurketa zaila da berez, baina Hansi Flickek zuzentzen duen taldeak liga irabazi zuen igandean —29. aldiz egin du hori—, Real Madrili 2-0 irabazi ostean. Ospakizunak luze joan ziren igandetik astelehenerako gauean Kataluniako hiriburuan, eta astelehenean kalean ospatu zuten garaipena. Alavesek ospakizunek eragin ohi duten ajea baliatu nahi du funtsezko hiru puntuak eskuratzeko. Toni Martinezek eta Guridik min hartu zuten Elxen aurkako norgehiagokan, eta giharretako arazoak zirela-eta utzi zuten zelaia. Ikusteko dago gaur hasieratik jokatzeko moduan izango diren ala ez. Bestalde, Lucas Boyek min hartuta jarraitzen du, eta ondorioz ez du Bartzelonaren aurka jokatuko. Bi aurrelarien hutsunea buruhauste galanta da Quique Sanchez Floresentzat, eta litekeena da Diabatek edo Mañasek jokatzea hasieratik.

«Ondo jakin behar dugu zer egin, eta ahalik eta ondoen jokatu ligako talderik onenaren aurka. Uste dugu Bartzelonak bere talderik onena zelairatuko duela. Gogoangarria izan daitekeen gau bat biribildu nahi dugu», esan zuen atzo Alaveseko entrenatzaileak.

Bartzelonari dagokionez, liga irabazita, litekeena da Hansi Flickek ohikoak ez diren hainbat jokalariri aukerak ematea. Lamine Yamal eta Raphinha ez dira deialdian sartu. Lamine Yamalek min hartu zuen orain aste batzuk, eta, Munduko Kopa gertu dagoenez, atseden hartuko du denboraldi amaiera arte. Raphinhak, berriz, bosgarren txartel horia ikusi zuen Real Madrilen aurka, Trent Alexander-Arnoldekin ika-mika izan ostean, eta ez du Mendizorrotzan jokatzerik izango. 

Europa puntu bakarrera

Aurretik jokatuko du Athleticek. Zuri-gorrien denboraldia gorabeheratsua izaten ari da. Asteburuan 0-1 galdu zuen Valentziaren aurka, eta itxura eskasa eman zuen. Hala ere, puntu bakarrera ditu Europako postuak, eta sekulakoa litzateke halako sasoi batean Europarako sailkatzea. Baina, aldi berean, oraindik ez du matematikoki ziurtatua mailari eustea. Beraz, baterako zein besterako puntuak batzen segitu behar du. «Sailkapenean berdintasun handia dago. 47 punturekin Europarako sailka zaitezke, eta 44rekin maila galdu. Beraz, bete-betean aritu beharko dugu, geratzen diren hiru partidak erabakigarriak izango baitira. Igandean galtzea kolpea izan zen, inork ez baitu gustuko etxean galtzea. Baina taldea ondo dago psikologikoki», esan zuen atzo Ernesto Valverdek. 

Nico Williams eta Oihan Sancet min hartuta daude, eta denboraldi honetan ezingo dute gehiago jokatu elastiko zuri-gorriarekin. Ruiz de Galarreta, berriz, deialdian da. Valentziaren aurka ez zuen jokatu, egun horretan bertan aita izan zelako. Bestalde, Athleticek herenegun jakinarazi zuen Iñigo Lekuek erretiroa hartuko duela denboraldi amaieran, eta geratzen diren norgehiagokak aho zapore onarekin amaitu nahiko dute bai hark, bai Valverdek. 

Zuri-gorrien aurkaria, Espanyol, kinka larrian dago. Bartzelonako taldeak hemezortzi norgehiagoka daramatza irabazi gabe, abenduaren 22tik. Hain zuzen ere, Athletic izan zen mendean hartu zuen azken taldea, San Mamesen: 1-2. Gainbehera horren ondorioz, bi puntura dituzte jaitsiera postuak, eta gaur irabazita horietatik urrundu nahi dute. Calerok eta Doulanek bosgarren txartel horia ikusi zuten Sevillaren aurkako partidan, eta ez dute Athleticen aurka zelaian egoterik izango. Aurkariaz hauxe esan zuen Valverdek: «Espanyol aurrera egiten ari den taldea da, eta beti jotzen du erasora. Arima dauka, eta gutxigatik galdu ditu hainbat partida. Adi egon beharko dugu, bi taldeek asko dugulako jokoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA