Denboraldia distira handiz hasi zuen Alavesek. Lehen lau partidetatik hiru irabazi zituen, eta modu horretan, bigarren kokatu zen sailkapenean. Uda giroan, amets egiteari ekin zioten Mendizorrotzan. Haatik, egoera erabat aldatu da urtaroz aldatzearekin batera. Udazkenean hostoei gertatzen zaien bezala, zimeldu egin da Alaves, eta goitik behera egin du. Golak erruz jasotzen ditu orain, eta nekez sartu. Puntuen uzta erabat agortu da: bi besterik ez du eskuratu azken zazpi partidetan. Bere txarrean, arabarrak sailkapenaren erdialdean dira oraindik, baina kezka eragin die bereziki azken bi lehietan eman duten irudiak —Malagaren eta Bartzelonaren aurka—. Erreakzioak berandu gabe iritsi behar du; adibidez, gaur bertan, Sevillaren zelaian.
Pitzatu egin da
Ondo defendatzea oinarrizkoa da Alavesentzat, eta sendo agertu zen sasoiko lehen lau partidetan. Hainbeste, Getafek eta Vila-realek ezin izan baitzioten golik sartu. Geroztik, ordea, pitzadurak nonahi agertu zaizkio Gasteizko taldeari. Athleticen aurka hutsean utzi zuen atea, baina gainontzean, ez da aurkariei eusteko gai izan: hamalau gol egin dizkiote azken zazpi jardunaldietan. Estatistika hori desitxuratu egin da Bartzelonaren zelaian jasotako astinduaren ondorioz: liderrari erraztasun handiak eman zizkioten arabarrek, eta sei gol jasota itzuli ziren etxera. Beste partidetan ez dira horren makal aritu, baina akatsak egiteko joera izan dute, halere. Sistemak eta jokalariak aldatu arren, irtenbidea oraindik ez du topatu Quique Sanchez Floresek.
Idor ate aurrean
Ondo defendatzearekin batera, golak aise sartu zituen Alavesek sasoiaren hasieran, trantsizio azkarretan eta erdiraketetan oinarrituta. Getaferi hiru aldiz zulatu zion atea, eta bost bider Osasunari. Aurrelariek ginga jarri zioten taldearen joko onari: Boyek lau gol sartu zituen lehen lau lehietan, eta beste hiru Marianok. Haien jarioa moteltzea normaltzat jo zitekeen, gol batzuk ezerezetik sartu baitzituzten. Haatik, taldea bere osotasunean lehortu da. Datu argigarri bat: Racingen aurka 2-1 galdu zuenetik, Alavesek laurehun minutu baino gehiago igaro zituen baloia jokaldi batean sareratu ezinda. Celtaren aurka eten zuen lehortea; 2-1 galdu zuen orduan ere. Baloia mugitzerakoan, fintasuna galdu dute arabarrek; ondorioz, hegaletara baloia ez da horren garbi iristen, eta zailagoa da erdiraketa onak egitea, baita area barruan baloia sareratzea ere.
Lesioek kaltetuta, eta onik daudenak, nekatuta
Jokaldiak bideratzeko garaian, funtsezkoa zen Mikel Rodriguez; alabaina lesio larria izan zuen denboraldia hasi eta gutxira. Geroztik, Alavesek hutsunea izan du zelai erdian. Sanchez Floresek Carles Aleña eta Denis Suarez ipini ditu Rodriguezen tokian, baina adabakia izan dira, sendagaia baino gehiago. Facundo Garcesen lesioa ere kaltegarria izan da gasteiztarrentzat, kopuruz nahiko urri geratu baitira atzeko lerroan. Bertan jokalari asko behar ditu Sanchez Floresek, normalean bosteko defentsa erabiltzen baitu. Bada, ia beti, atzelari berak egoten dira zelaian. Tenagliak 946 minutu jokatu ditu dagoeneko, 909 Koskik, eta 850 Rebbachek. Jonny Otto eta Angel Perez ere finkoak dira hamaikakoan. Hatzak gurutzatuak ditu teknikariak, haietako inork minik hartu ez dezan.
Berriak, makal, baita lider batzuk ere
Ordezkorik bada atzeko lerroan; ez, ordea, hasieratik jokatzen ari direnen mailakorik. Pixkanaka, hamaikakoan tokia egin du Nicolas Valentinik, baina eragin urria izan du orain arte. Gauza bera esan daiteke udan iritsi ziren beste jokalari batzuei buruz. Mirandesetik itzuli ondotik, Hugo Novoa jokatu gabe geratu zen lehen zortzi partidetan. Bederen, debut ona egin zuen Celtaren zelaian, gol eta guzti, eta zelaia zapaltzeko aukera izan du hurrengo bi partidetan. Miguel Rodriguez, ordea, aulkian geratu da azken bost neurketetan. Makal dabiltza berriak, baina baita taldeko ikurretako batzuk ere, hala nola Antonio Blanco eta Toni Martinez. Azken horrek hamalau gol egin zituen iragan sasoian, baina ez du baloirik sareratu denboraldi berria hasi zenetik.
Suspertzeko tenorea
Egoerak okerrera egin ez dezan, Alavesek albait lasterren itzuli behar du garaipenen bidera. Etxetik kanpo, aldapak topatuko ditu: gaur Sevillari egingo dio bisita, eta hurrena Real Madrili. Mendizorrotzan, ordea, askoz ere egutegi samurragoa izango du: Deportivoren, Espanyolen eta Elxen aurka jokatuko du etxeko hurrengo partidetan. Aurkari horiek, dena den, ez lituzke gutxietsi beharko, Malagaren aurka ozta-ozta berdindu baitzuen. Kezkagarria izan zen azken sailkatuaren aurka emandako irudi apala, baita liderraren zelaian erakutsitako hauskortasuna ere. Oraingoz, Sanchez Floresen etorkizuna ez dago kolokan. Azken asteetako joera irauli ezinik dabil, baina iragan sasoian, Alaves are egoera makurragoan berpiztu zuen.