ALAVES 1-0 VILA-REAL

Alavesek bigarren garaipena lortu du Mendizorrotzan, Vila-reali 1-0 irabazita

Lucas Boyek sartu du neurketako gol bakarra, 31. minutuan, eta Siverak hainbat jaurtiketa geratu ditu.

Lucas Boye, gola ospatzen, Alaveseko jokalariak atzean dituela. FOKU
Lucas Boye, gola ospatzen, Alaveseko jokalariak atzean dituela. FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko abuztuaren 29a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldia bikain hasi du Alavesek. Atzo 1-0 irabazi zion Vila-reali Mendizorrotzan, eta lehenengoa da Espainiako Ligako sailkapenean. Lucas Boyek sartu zuen partidako gol bakarra 35. minutuan.

Lehen zatia parekatua izan zen, eta bi taldeek aukerak izan zituzten aurrea hartzeko. Boyek izan zuen arabarren lehen aukera, baina haren jaurtiketa Luiz Juniorrek geratu zuen. Txapeldunen Ligan jokatuko duen taldeak ere arriskua sortu eta gola sartu nahi zuen, baina Siverak geratu egin zuen Buchananek area kanpotik egindako jaurtiketa.

Boyek ez zuen gola sartu lehen aukeran, baina bigarrenean ez zuen barkatu. Blancok eskuin hegalera zabaldu zuen baloia, Angel Perezentzat, eta haren erdiraketa aurrelari argentinarrak errematatu zuen ia atearen aurrean.

Bigarren zatian, sufritzen

Alavesek gola sartu ostean, Vila-realek lana eman zion Siverari. Atsedenaldiaren aurretik, Gerard Morenok area barruan egindako erremate bat geratu zuen Alaveseko atezainak. Bigarren zatian, berdinketa lortzeko asmoz aritu zen Iñigo Perez euskal entrenatzailearen taldea, baina gasteiztarrek ondo eutsi zieten arerioaren erasoei. 

Azken ordu laurdenean eraso arriskutsuagoak egin zituen Vila-realek. Siverak Ayozeren jaurtiketa arriskutsu bat geratu zuen 83. minutuan; eta hurrengo jokaldian, Foythi zutoinera joan zitzaion jaurtiketa, eta, errebotean, Renato Veigak ez zuen lortu baloia jaurtitzea atearen ondoan egonda ere.

Vila-realek gola sartu zuen 91. minutuan, baina Pape Gueye jokoz kanpo zegoen. Halere, Alaves ondo aritu zen defentsan, eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen.

Quique Sanchez Floresen taldeak zazpi puntu bildu ditu denera jokatutako hiru neurketetan. Lehena da Espainiako Ligako sailkapenean, beste taldeek hirugarren jardunaldiko neurketak jokatu aurretik. Mendizorrotzan jokatutako bi neurketak irabazi ditu; gainera, denboraldi honetan Europan jokatuko duten bi kontrarioren aurka.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA