Racing 2-1 Alaves

Alavesek denboraldiko lehen partida galdu du

Alavesek 2-1 galdu du Racingen aurka. Koskiren gol bati esker aurreratu da Gasteizko taldea, baina ondoren Zabirik bi gol sartu ditu, eta markagailuari buelta eman dio.

Carlos Protesoni, lehian, gaurko norgehiagokan. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
Carlos Protesoni, lehian, gaurko norgehiagokan. PEDRO PUENTE HOYOS / EFE
2026ko irailaren 12a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alavesek denboraldiko lehen partida galdu du, Racingen aurka 2-1 galdu baitu. Quique Sanchez Floresek zuzentzen duen taldeak bolada onari jarraipena eman nahi zion, Ligako sailkapenean bigarren baitago, baina esku hutsik itzuliko dira Gasteiza. Nahiz eta Alavesek markagailuan aurretik jartzea lortu, Zabirik sartutako bi golen ondorioz Racingek markagailuari buelta eman dio. Sanchez Floresek aldaketa bakarra egin du hasierako hamaikakoan: Denis Suarez zelairatu du Aleñaren ordez. 

Racingek Alavesek baino hobeto ekin dio norgehiagokari, baina Gasteizko taldeak ez du asko sufritu hasieran. Partidako lehen hamar minutuetan jada Alaveseko bi jokalariri txartel horia atera die epaileak, Tenagliari eta Ibañezi, eta horrek jokoa baldintzatu du. 16. minutuan izan du partidako lehen aukera garbia Racingek: Pablo Garciak Sergio Canalesen pase on bat baliatu du, baina Sivera erne zegoen atean. Jarraian, Marianok partidako lehen gola sartzeko aukera garbia izan du, Tenagliak erdiraketa on bat egin baitu, baina Julen Agirrezabalak geldiketa bikaina egin dio.

Hurrengo jokaldian iritsi da partidako lehen gola: 18. minutuan Alavesek markagailuan aurreratzea lortu du Koskiren gol bati esker. Atzelariak area txikian jaso du baloia, Agirrezabalak utzitako aldaratze bat, eta ez du barkatu ate aurrean. Hurrengo minutuetan Alaves gehiago izan da, eta 21. minutuan Jonny Ottok area kanpotik jaurtiketa on bat egin du, baina Agirrezabalak ezin hobeto geratu du. 38. minutuan Zabirik sarean sartu du Iñigo Vicentek bidalitako pase luze bat. Aurrelaria Siveraren aurrean bakarrik geratu da, eta ez du hutsik egin. Hiru minutu pasatuta, Zabirik beste aukera bat izan du, antzeko jokaldi baten bidez, baina baloia kanpora bota du. Bana berdinduta iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi aurretik, bi aldaketa egin ditu Sanchez Floresek: Tenaglia eta Ibañez aulkian utzi ditu —epaileak txartel horia atera die biei—, eta Valentini eta Protesoni zelairatu. Bigarren zatia lehena bezala hasi da: Racing agintzen. Oraingoan, Alaves ez zebilen oso gustura, eta 53. minutuan Zabirik beste gol bat sartu du, Salinasen pase bat baliatuta. 59. minutuan Marianok partida berdintzeko aukera izan du, baina oraingoan ere Agirrezabalak bikain gelditu du baloia.

Alavesek ez zuen Racingi min egitea lortzen, eta Sanchez Floresek beste bi aldaketa egin ditu: Toni Martinezek eta Aleñak Mariano eta Antonio Blanco ordezkatu dituzte. Baloiak ez zuen jaberik, eta Alavesek ez du lortu hori baliatzea min egiteko. 86. minutuan bosgarren aldaketa egin du Alavesek: Aitor Mañasek Angel Perezen lekua hartu du. Santanderko taldea eroso zebilen zelaian, baina 89. minutuan Andre Almeidari txartel gorria atera diote. Epaileak hasieran txartel horia atera dio, baina jokaldia bideoz ikusi eta gero, gorria ateratzea erabaki du. Luzapenean Miguel Rodriguez zelairatu da, Aitor Mañasek buruan kolpe bat hartu baitu. Nahiz eta Alaves jokalari bat gehiagorekin aritu, ez du gol aukerarik izan partida berdintzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA