Ia mende bat du Anaitasuna futbol taldeak, eta sei urtean bigarrenez hartuko du Espainiako Lehen Mailako talde bat bere zelaian, Txerloian (Azkoitia, Gipuzkoa). 2020an, Getafe taldearen aurka aritu ziren Espainiako Kopako kanporaketan, COVID-19aren pandemiaren ondorioz harmailak hutsik zituztela; aurten, ordea, euskal talde baten aurka arituko dira: Alavesen aurka, hain zuzen ere. Bihar neurtuko dituzte indarrak (19:00, Movistar), eta, bi taldeen artean bost kategoria dauden arren —Lehen Mailan dabil Alaves, eta Gipuzkoako Ohorezko Mailan Anaitasuna—, talde azkoitiarrak «lanak» eman nahi dizkio aurkariari. Anaitasunak ligako azken lau neurketak irabazi ditu, eta Zarautz liderretik bi puntura dago. Alavesek, berriz, denboraldia oso ondo hasi bazuen ere, azken sei neurketetan soilik bi puntu eskuratu ditu. Biharko neurketa «izugarrizko festa» izango da, Josu Juaristi klubeko kirol zuzendariaren esanetan.
Zer moduz zaudete Anaitasunako kideak Espainiako Kopako lehen kanporaketarako sailkatu ostean?
Oso pozik gaude. Izugarria da Anaitasunaren pareko talde bat Kopan berriro lehiatzen aritzea. Baina, ez dut ukatuko, azken bi asteak zoramen hutsa izan dira: honako baimen hau lortu, harako segurtasun neurria betetzeko beste hori egin...
Kanporaketa honetara heltzeko, Errioxako Tedeon taldeari 5-0 eta 2-5 irabazi zenioten. Ligako neurketekin alderatuta, Kopako norgehiagoketan beste nolabait lehiatzen da?
Ez nuke esango. Ez dut ukatuko badirela partida bereziak, baina ligan lehiatzen ari garen moduan lehiatu ginen Tedeonen aurkako partidetan. Urduritasun handiagoa nabari dela halakoetan? Bai, baina ligako neurketen gogo berarekin irten ginen zelaira.
Eta Tedeon taldeari gailenduta, zozketan sartu zineten. Aurkari jakinen bat tokatzea nahi zenuten?
Lau aukera zeuden, eta, ez dut ukatuko, guztien artean Athleticek zuen izenik handiena. Talde zuri-gorria Azkoitiara etortzea sekulakoa izango zen, baina, azken finean, edozeinekin konforme geunden.
Azkenean, Alaves egokitu zitzaizuen. Duela sei urte bezala, Lehen Mailako talde bat; baina, oraingo honetan, Euskal Herrikoa. Bereziagoa izango da?
Noski. Oso gustura gaude. Txerloian berriro partida ofizial batean Lehen Mailako aurkari bat izatea izugarria da, eta, gainera, euskal derbi bat. Kristorena da hori.
Nola oroitzen duzue 2020an Getaferen aurka jokatutako partida hura?
Oso egun arraroa izan zen. Pandemia garaiko neurriak indarrean zeuden, eta protokolo asko pasatu behar izan genituen; ondorioz, harmailak hutsak zeudela jokatu behar izan genuen. Giro aldetik oso hotza izan zen. Bestela, kirolaren ikuspegiari dagokionez, sekulako norgehiagoka izan zen. Urte hartan Hirugarren Mailan geunden, eta talde oso indartsua geneukan. Getaferen aurkako neurketa lehia handiko neurketa izan zen, eta azkenera arte asko borrokatu ginen. Amaiera aldera berdinduta iritsi ginen, baina luzapenean gure aurka penalti bat adierazi zuen epaileak, eta horrela irabazi ziguten. Bide batez, esan beharra daukat berez ez zela penaltia izan, baina hori beste kontu bat da. Laburtu beharko banu, esango nuke lehia handiko partida bat izan zela, egun oso oso arraro batean.
Eta oraingoan zer izango da desberdina?
Dena. Baina iruditzen zait alderik handiena harmailetan egongo dela: orduan hutsik egon ziren, eta oraingoan, berriz, gainezka egongo dira. Txerloia azkoitiarrez beteta ikustea izugarria izango da. Anaitasuna osatzen dugun bostehun lagunak, jokalariak, langileak... bertan egongo gara.
Txerloia txiki geratuko zaizue, beraz?
Tribunan eserita zazpiehun pertsonarentzako tokia du. Eta, aipatu moduan, klubaren parte diren bostehun pertsona egongo gara, eta, horiek guztiek ez ezik, jende askok bertaratzeko interesa azaldu digu. Guztiak sartzeko, moldaketak egin behar izan ditugu; izan ere, Kopako arautegiaren arabera, zale guztiek eserita egoteko tokia izan behar dute. Ondorioz, harmaila gehigarri bat erantsi diogu. Atzo [ostegunean] lortu genuen hura ipintzeko baimena, eta, hori lortzeko, udalaren inplikazioa funtsezkoa izan da. Harmaila finkoan bezainbeste jende sartzen da bertan; beraz, guztira, 1.400 zale inguru bilduko gara.
12.000 biztanle inguruko herri batean Lehen Mailako beste talde batek jokatzea eta 1.400 lagun batzea ez da gauza apala. Nola bizi duzue hori? Herrian girorik sumatzen da?
Hitza ilusioa dela esango nuke. Bai jokalarien aldetik, bai klubarenetik, baita herritarren partetik ere. Izugarrizkoa da Anaitasunarentzat Lehen Mailako talde baten aurka aritzea. Sarrera guztiak agortuko dira, eta badakit 2.000 jarriko bagenitu horiek ere agortuko liratekeela. Gainera, harmailetan egongo diren guztiak azkoitiarrak izango dira; izugarrizko festa izango da.
Eta, egunari dagokionez, zer espero duzue? Zerbait prestatu duzue, ala norgehiagokara mugatuko zarete?
Gu partidara mugatuko gara, bada-eta nahikoa lana hori; halere, zerbait berezia prestatuko dugu. Duela sei urte Getaferen aurkako neurketa jokatu zuten kideak bilduko ditugu, eta partida hasi aurretik omenaldi bat egingo diegu. Ekitaldi horrekin, orduko hartan sentitu ez zuten zaleen beroa nolabait helarazi nahi diegu.
Eta partida nola joango den edo amaituko den aurreikustera ausartzen zara? Alavesek oso ondo hasi du denboraldia , baina iruditzen zaizu Anaitasunak ezustekoa eman dezakeela?
Badakigu zein den gure maila. Gipuzkoako Ohorezko Mailan gaude, eta hori ez dugu ahaztu behar, baina Alavesi lanak emateko gai gara. Oraingo taldeko bi jokalarik Getaferen aurkako neurketa jokatu zuten, eta haiek badakite zer den Lehen Mailako talde baten aurka indarrak neurtzea; gainontzekoek, berriz, ez dakite zer den halako mailako aurkari bat izatea. Opari bat da, bizitzan behin gertatzen den zerbait. Dena emanda irtengo dira, eta ea disfrutatzeko gai garen.
Sestao eta tudelano gaur hasiko dira lehian
Euskal taldeak gaur hasiko dira Espainiako Kopan lehiatzen: Sestao eta Tudelano. Sestaok Espanyolekin neurtuko ditu indarrak (19:00, Movistar). Lehen Mailako talde hori bolada txarrean murgilduta dago, jaitsiera postuetan dago, hamar partidatan zortzi puntu eskuratuta. Tudelanok, berriz, Lehen Federazioko talde bat izango du aurrean: Zaragoza (21:00, Movistar). Ibai Gomezek zuzentzen du taldea, Athleticeko eta Alaveseko jokalari ohiak. Gainera, bertan jokatzen du Ander Herrerak, talde zuri-gorriko jokalari izandakoak. Zaragoza sailkapeneko bigarren postuan dago, Vila-real B liderrarekin puntuetan berdinduta.