Alessio Liscik ez du Osasunan jarraituko

Entrenatzaileak beste urtebeterako kontratua zuen, baina denboraldi amaiera kaskarra izan da, eta taldearen jokoak zalantzak sortu ditu sasoi osoan. Klubak bihar emango ditu erabakiaren inguruko argibideak.

Alessio Lisci aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Alessio Lisci aginduak ematen, denboraldi honetako partida batean. IÑIGO URIZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko maiatzaren 25a
20:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da Alessio Lisciren aroa Osasunan. Entrenatzaileak beste denboraldi baterako kontratua zuen talde gorritxoarekin. Baina klubak jakinarazi du ez duela segituko. Nafarrek ozta-ozta lortu zuten mailari eustea larunbatean, Getafen, azken bost partidak segidan galdu eta gero. Gainera, denboraldi osoan gorabeherak izan ditu taldeak, eta haren jokoak zalantzak sortu ditu. 

Klubak eskerrak eman dizkio Lisciri, egindako lanagatik, baita haren lantaldeari ere. Braulio Vazquez kirol zuzendariak bihar arratsaldean emango ditu erabakiaren arrazoiak eta argibideak. 

Jagoba Arrasatek duela bi denboraldi utzi zuen Osasunaren aulkia, sei denboraldiren ondoren. Aurreko denboraldian Vicente Moreno egon zen. Taldea Europarako sailkatzeko gol batera geratu zen, baina Morenok ez segitzea erabaki zuen. Haren ordez, Braulio Vazquezek Lisciren aldeko apustua egin zuen. Teknikaria Lehen Mailara igotzear egon zen Mirandesekin. Aurkezpenean, Liscik nabarmendu zuen ez zuela bitan pentsatu Osasunara joatea. Vazquezek ere itxaropen handia zuen harengan. Ordea, datuek garbi diote Osasunak ez duela inondik ere jardun espero zen bezala. Jesus Areso izan ezik, gainerako jokalari garrantzitsu guztiak bere aginduetara izan ditu Liscik, baina ez du asmatu zukua ateratzen. Victor Muñozek eta Ante Budimirrek eutsi diote zutik taldeari, baina beste jokalari guztiak euren mailatik urrun ibili dira. Dena den, nabarmen huts egin duena talde jokoa izan da. Gorabehera asko izan ditu, eta ez dute inor konbentzitu. 

https://www.berria.eus/kirola/ikasi-egin-behar-izan-dut-futbolaz-nola-deskonektatu-lehen-ez-nintzen-gai_2155032_102.html

Teknikariak berak zalantzak izan ditu, eta hori zelaian islatu da. Liscik berak aitortu zuen sasoi hasiera jokatzeko ideia batekin zetorrela, baina ideia horri uko egin zion lehen partidetan, hainbat jokalari min hartuta zeudelako. Osasunak bost jokalariz osatutako defentsa lerroarekin ekin zion denboraldiari, eta horrek ez zuen inor konbentzitu. Min hartutakoak errekuperatu ahala, gustuko joko sistema zelairatu zuen entrenatzaileak, eta taldeak hobetu egin zuen. Partida onak jokatu zituen bolada batean, baina lehen itzuliko balorazioa eskasa izan zen. Osasunak hemeretzi puntu bildu zituen lehen itzulian, eta jaitsiera postuetatik soilik bi puntura egon zen lan erdietan. Sadarretik urrun egindako lan eskasak kondenatu zuen taldea egoera horretara: hemeretzi puntuetatik soilik bi batu zituen Iruñetik urrun. Alarma gorria azaroaren 23an piztu zen. Egun hartan, gorritxoek 1-3 galdu zuten etxean, Realaren aurka, eta jaitsiera postuetan egin zuten lo. Boladaka taldeak itxura txukuna eman arren, garesti ordaindu zituen atzean egindako huts larriak.

Beste emaitzei esker

 2026ari larri ekin zion. Liscik beti adierazten zuen denbora kontua zela hobera egitea, berak sinesten zuela jokalariengan, eta talde nafarrak susperraldia izan zuen urtarrilaren erditik aurrera. Horren aurretik, hori bai, beste kolpe bat hartu zuen taldeak, Kopatik kanpo geratu baitzen, Realaren kontra azken unean galduta, Anoetan (3-2). Hori hala izan arren, etxetik kanpo emaitza hobeak lortzen hasi zen, eta horri esker gora egiten hasi zen sailkapenean. Horretaz hitz egin ez arren, Europarako sailkatzeko aukera hor zegoen, sailkapena oso estu baitzegoen postu horietan. Lehen helburua, hala ere, mailari eustea zen. Sevillari azken unean 2-1 irabazi ostean, 42 puntu zituen talde gorritxoak. Puntu kopuru horrekin, ziurtzat eman zuten salbatuko zirela, azken denboraldietan hala izan baita. Jokalariek ohorezko bira eman zioten Sadarri hori ospatzeko, eta Konferentzia Ligarako sailkatzeko aukera hor zegoen. Baina azken bost jardunaldietan partida bakar bat ez dute irabazi gorritxoek. Eta azken jardunaldian mailari eustea izan zuen jokoan. Puntu batekin nahikoa zuen, baina ez zuen lortu, eta, azkenerako, aurkarien emaitzei esker segituko du Osasunak gorenean. Hamazazpigarren amaitu du denboraldia, 42 punturekin. Jokatutako 38 partidetatik 11 irabazi ditu, bederatzi berdindu, eta 18 galdu; 44 gol sartu ditu, eta 50 sartu dizkiote berari.

Asteazkenean, Getaferen partida jokatu aurretik, Vazquezek eta Luis Sabalza lehendakariak esan zuten autokritika egingo zutela. Bihar ikusiko da hori egiten duten, baina lehen erabakia hartu dute: Liscik ez jarraitzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA