Pilota

Alize Sagardui: Goizuetako enegarren altxorra

Hamalau urte soilik eduki arren, Emakume Master Cupeko binakako txapela janzteko ilusioz dago pilotaria. Enara Gaminderekin batera, Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergararen aurka ariko da, igandean, Eibarren. Behetik gora egin duela esan du.

Alize Sagardui, Eibarko Astelena frontoian, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finalaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Alize Sagardui, Eibarko Astelena frontoian, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketako finalaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2026ko martxoaren 18a
00:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pilotaren sehaska izana da hainbat urtez Goizueta (Nafarroa), eta berriz ere goi mailako pilotariz janzten ari da herria. Ilusioz gainezka dira herritarrak aste honetarako, ez baitute plan faltarik. Bihar debuta egingo du Asperekin Beñat Apezetxeak, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa). Hori nahikoa ez, eta Alize Sagarduik (Goizueta, 2011) Emakume Master Cupeko binakako finala jokatuko du igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa), 12:00etan (ETB1). 14 urte besterik ez izan arren, txapel preziatuaren bila kantxaratuko dira Enara Gaminde eta biak. Eskarmentu handiko bikotea izango dute aurrean: Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara. Goi mailara heldu berritan, konpromiso handiko partida izango du Sagardui gazteak, baina orain arte erakutsi du presioak ez diola gaina hartzen, eta nahiko lasai dago, momentuz. «Ilusio handia daukat, baina egoera normalizatzen saiatzen naiz, finalean gehiegi ez pentsatzen».

Goi mailan lehiatzeko aukera ondo merezita iritsi zaio Sagarduiri. Emakume Master Cupeko promesa mailan lau eta erdiko txapela irabazi zuen iazko abenduan. Marta Gomez ortuellarra 18-8 menderatu zuen finalean, eta garbi geratu zen prest zegoela erronka handiagoei aurre egiteko. Pozik jaso zuen Iker Amarika Emakume Master Cupeko arduradunaren deia. «Lau eta erdiko final hori jokatu baino lehen banekien binaka goi mailan ariko nintzela, eta sekulako ilusioa piztu zitzaidan. Ez nuen inondik espero halako aukera bat emango zidatenik, eta sorpresa ederra izan zen». Sorpresa, eta konpromisoa. «Banekien goi mailari neurria hartzea ez zela erraza izango, eta lehen bi partidetan gehiago sufritu nuen, baina pixkanaka joan naiz erritmo horretara ohituz. Behetik gora egin dut txapelketan».

Gaminderekin jokatzeak gauzak asko erraztu dizkio. Azken urtean atzelaririk onena izan da laukiztarra, eta nabarmen markatu ditu aldeak, nahiz eta oraindik 19 urte besterik ez eduki. «Gamindek nola jokatzen duen ikustea izugarria da. Ezker zein eskuin berdin-berdin jotzen du pilota, eta eredurik onena da niretzat». Hala ere, elkar hartzea apur bat kosta zitzaien biei hasieran. «Inoiz ez genuen elkarrekin jokatu, eta ohitura falta hori nabaritu genuen txapelketako lehen partidetan. Neurria hartuz joan ginen pixkanaka, eta gero eta hobeto moldatu gara. Dezente hitz egiten dugu kantxan, eta berak asko babesten nau. Halako laguntza edukitzea oso garrantzitsua da niretzat».

Dena den, atzelaririk onenarekin jokatzea ez da lan erraza izaten askotan. «Ikusten dut bere pilotakadek min handia egiten dutela, eta, txapelketa hasieran bereziki, beldurrez egoten nintzen jokoan parte hartzeko. Orain konfiantza handiagoa lortu dut, eta pilotakada gehiago jotzen ditut. Gakoa da noiz sartu eta noiz ez erabakitzea». Alde horretatik, oraindik ez da ausartzen airez jokatzen. «Promesa mailan airez gehiago jokatzen nuen, baina goi mailako erritmoa askoz zailagoa da. Aireko jokoa asko gustatzen zait, eta espero dut pixkanaka konfiantza hartuz joatea. Ezkerra ere hobetu beharra daukat. Badakit 14 urte ditudala oraindik, eta tarte handia daukat hobetzeko».

«Ilusio handia daukat, baina egoera normalizatzen saiatzen naiz, finalean gehiegi ez pentsatzen»

ALIZE SAGARDUI Pilotaria

Sagardui eta Gaminderekin eta Arrizabalaga eta Bergararekin batera, beste bost bikotek parte hartu dute txapelketan: Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak; Goiuri Zabaletak eta Nahia Bertizek; Aizane Ibarrolak eta Itsaso Erasunek; Ainhoa Ruiz de Infantek eta Nora Mendizabalek; eta Maddalen Etxegaraik eta Andrea Capellanek. Estu eta lehiatua joan da txapelketa, eta Arrizabalagak eta Bergarak soilik lortu dute partida guztiak irabaztea. Ondorioz, haiek izango dira faborito finalean. Ondo baino hobeto daki Sagarduik nolako finala egokituko zaion. «Batez ere defentsako lanean aritu beharko dut buru-belarri. Badakit nire bila joango direla aurkariak, normala den bezala. Baina prest nago edozertarako, eta opari gutxi egiten saiatuko naiz».

Ereduak, aurrez aurre

Galdu edo irabazi, Arrizabalagaren eta Bergararen aurka finalean jokatze hutsa ohorea da Sagarduirentzat. «Haiek hamar urte daramatzate Emakume Master Cupi lotuta, eta ni iritsi berria naiz. Niretzat eredu izan dira biak. Gogoan dut orain dela hiruzpalau urte haiei begira egoten nintzela telebistan eta asko aztertzen nuela nola jokatzen zuten. Bada, orain haiekin aurrez aurre egotea sinestezina da». Eredu faltarik ez du izan, baina denak izan dira gizonezkoak. «Goizuetan sekulako tradizioa dago pilotarako; futbol zelairik ez egoteak laguntzen du. Ni txikitatik mutilekin entrenatu izan naiz, eta Aranoko (Nafarroa) neska batekin ere bikote ibilia naiz: Alaitz Legarretarekin. Horiek guztiek asko lagundu didate orain arteko bidean».

«Goi mailan hasi besterik ez naiz egin, eta nire helburua da ahalik eta maila onena hartzea eta onenekin egonkortzea»

ALIZE SAGARDUI Pilotaria

Orain, berriz, Amasa-Villabonara (Gipuzkoa) joaten da astean behin entrenatzera. «Bertan elkartzen naiz goi mailako hainbat pilotarirekin: Mendizabal, Zabaleta, Arrillaga… Kalitate handiko entrenamenduak egiteak asko laguntzen dit». Astean zehar beste entrenamendua Goizuetan bertan egiten du. Fisikoa lantzeari ere garrantzia ematen dio. «Goi mailan hasi besterik ez naiz egin, eta nire helburua da ahalik eta maila onena hartzea eta onenekin egonkortzea. Pilota asko gustatzen zait, eta nahi nuke nire etorkizuna pilotari lotuta egon dadin. Gogotik saiatuko naiz entrenamenduetan hobetzen».

Beti egon da esku huskakoari lotuta Sagardui, baina One Wall modalitatean ere jardun du. «Belgikan izan nintzen euskal selekzioarekin, eta orain Munduko Txapelketara joango gara Aste Santuan. Euskal selekzioa ordezkatzeak sekulako ilusioa pizten dit». Momentuz, ordea, igandeko finala du buruan. «Goizuetatik jende asko joango da ikustera, eta ea txapela oparitzen diedan herritarrei».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA