Osasunako jokalaria

Jon Moncayola: «Alternatiba ugari ditu Liscik»

Lehen Mailan zazpigarren denboraldiari ekiteko prest dago Jon Moncayola. Osasunak abuztuaren 19an ekingo dio Ligari Madrilgo Santiago Bernabeu futbol zelaian Real Madrilen aurka.

Jon Moncayola
Jon Moncayola
2025eko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osasunaren iparrorratzetako bat da Jon Moncayola (Garinoain, Nafarroa, 1998). Nafarroako taldean zazpigarren denboraldiari ekitear da, eta jakitun dago aldagelan beste eginkizun bat izango duela. Osasunak datorren asteartean ekingo dio Espainiako Ligari, eta Real Madril ahalguztiduna izango du aurkari. Entrenatzailea aldatu dute Osasunan: Alessio Liscik hartu du Vicente Morenoren tokia. Haren jokora «egokitzen» ari dira.

Denboraldiaurrea amaitzen ari da. Nola dago taldea?

Lehen partidetan lehiakorrak izatea falta izan zitzaigun. Entrenatzaile berria daukagu, eta, joan den denboraldian gertatu bezala, zer aldaketa egiten dituen ikusten ari gara. Hala ere, entrenatzaileak dituen ideia horiek barneratzen saiatuz, zelaian hobetzen ari gara pixkanaka. Azkeneko bi partidetan gure maila eman dugu, eta jada prest gaude ligari ekiteko.

Vicente Morenoren ordez Alessio Lisci etorri da. Zer moduz harekin?

Jagobarekin sei denboraldiz aritu ginen, eta ez zen erraza izan ohituta geunden eguneroko horretatik irtetea. Joan den denboraldian saiatu ginen Vicentek ezarritako ideia horietara egokitzen, eta hark ere ahalegin handia egin zuen eguneroko hori asko aldatu ez zedin. Aurten Alessiorekin gaude, eta joan den denboraldian ikusi zen zer-nolako denboraldia egin zuen Mirandesen aulkian. Badakigu Lehenengo Maila oso zaila dela, eta, entrenatzaile gaztea bada ere, oraingoz dena ongi doa. Denboraldia aurrera doan heinean, denetariko iritziak egongo dira, eta ikusiko dugu ea hori den nahi duguna.

Zer moduz ari zarete moldatzen entrenatzaile berriaren jokatzeko erara?

Alternatiba ugari ditu Liscik. Hiru edo lau atzelarirekin jokatuta berdin moldatzen da, eta, hegalei dagokienez ere, ideia ezberdinak ditu. Hori ona da taldearentzat, irabazten edo galtzen ari, jokatzeko era eta kokapenak aldatzeko beta ematen baitigu. Lehiaketa hasi arte zaila da gauza horiek ikustea, baina puntuak pilatzen hasiz gero taldeak konfiantza hartuko du.

Zer eskatu dizu?

Orain arte jokatu ditugun partidetan bi edo hiru postutan aritu naiz: eskuin hegalean, erdilari moduan, Mirandesen aurka erdi-puntan eta hegalean aritu nintzen... Oraingoz, sistema bat baino gehiago probatzen ari gara jokalariak postu batean eta bestean ezarrita, eta beste fitxaketaren bat etorriko dela pentsatuta. Oraindik postu jakin bat ez badut ere, espero dut liga hasierarako edukitzea.

Jokalari garrantzitsu ugarik utzi dute taldea. Prest zaude erantzukizun handiagoa hartzeko?

Gazteak garenean badakigu noizbait egokituko zaigula erantzunkizun handiagoa hartzea. Pixkanaka iristen da, eta aldagelan pauso bat gehiago eman behar dugu orain. Sergio Herrera, Kike Barja eta Ruben Garcia prest daude ardura hori hartzeko. Alessiorekin hitz egin dugu, eta ez dugu inolako arazorik kapitainaren eginkizunari dagokionez.

«Gazteak garenean badakigu noizbait egokituko zaigula erantzunkizun handiagoa hartzea»

Real Madrilen aurka ekingo diozue ligari. Zer diozu hasieraren inguruan?

Azken urteei begiratuta, lehenengo jardunaldietan beti atera izan dugu punturen bat; aurten badakigu zaila izango dela, baina haiek opor gutxi izan dituzte. Gu prest gaude abuztuaren 19an lehiari ekiteko, eta horrelako taldeen aurka nahiago dugu orain jokatu, aurrerago jokatzea baino. Orain euren jokatzeko era zehazten ari dira.

Real Madril partida atzeratzen saiatu zen, atseden hartzeko denbora gutxi zutela iritzita. Nola hartu duzue hori guztia?

Espainiako Superkopako datak ere atzeratu nahi izan zituzten, eta askotan zalantzak sortzen dituzte. Ez digu axola orain edo abenduan jokatu; egia da eguneroko plangintzan aldaketak egon zitezkeela, baina orain jokatuko dugu, eta prest gaude.

Joan den denboraldian Konferentzia Ligara sailkatzeko zorian egon ostean, aurten helbururik jarri al duzue?

Guztiontzat denboraldi ederra izatea nahiko nuke. Beti esaten dugu oinak lurrean izan behar ditugula, eta, erregulartasunak duen garrantziaz jabetuta, saiatuko gara berriro joan den sasoi amaieran lortutako uzta biltzen. 

Jesus Areso, Bryan Zaragoza, Ruben Peña eta Pablo Ibañez joan dira, eta taldeak Victor Muñoz eta Rosier fitxatu ditu. Nola ikusten dituzu?

Jokalari garrantzitsu ugari joan dira. Pozik gaude Aresok hartu duen erabakiarekin, haren ustez egokiena zen bidea hautatu du eta guk onena opa diogu. Fitxaketei dagokienez, joan direnen antzekoak direla esango nuke, kirol zuzendaritza beti gauzak asko ez aldatzen saiatu ohi baita. Taldeari asko emango diote.

Sergio Herrerak kontratua berritu du. Zein garrantzitsua den taldean urteak daramatzatenek proiektuan sinesten jarraitzea.

Taldeak garrantzi handia eman die azken urte hauetan kontratuei. Nik ere 2031ra arte sinatu nuen, eta garrantzitsua da taldean urtez urte oinarri bati eustea; bestela, litekeena da aldaketak kaotikoak izatea.

«Garrantzitsua da taldean urtez urte oinarri bati eustea; bestela, litekeena da aldaketak kaotikoak izatea»

Joan den urtean krisialdia izan zenuten, hainbat partidatan irabazi ezinik ibili baitzineten. Nola bizi izan zenuen?

Horrelako boladak sekula ez dira errazak izaten. Entrenamenduetan nabaritzen da jendea burumakur dagoela gauzak irteten ez direnean, baina saiatzen ginen gauzak hobetuz dinamika horri buelta ematen. Denboraldi hasieran lortutako puntuei esker, ez ginen ataka estuan une bakar batean ere egon. Gainera, azken zatian izandako bolada oparoaren ondorioz Europako ateetan geratu ginen. Ea aurten ez den gauza bera gertatzen; horretan saiatuko gara.

Harrobiko hainbat jokalari ere denboraldiaurrean zuekin entrenatzen ari dira. Aholkurik ematen al diezu?

Harrobitik igotzen diren jokalariak prest daude lehen taldearekin jokatzeko. Agian une jakin batzuetan aholkuren bat edo beste ematen diet, batez ere urduri daudenean. 

Zein dira zure helburu pertsonalak ibilbidearen fase honetan?

Orain arte aldagelan ikastea egokitu zait, eta hurrengo urteetan garrantzitsua izatea gustatuko litzaidake. Gazteek pausoa ematen dutenean lagundu egin nahi diet, eta aurrerantzean ere aldagelan giro ona izatea nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.