Jokin Altunak eta Iñaki Artolak igandean jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketako finala, Bizkaia pilotalekuan. Gaur hasi dira, ordea, finala jokatzen, goizean aukeratu baitituzte finalean erabiliko dituzten pilotak. Bakoitzak bi aukeratu ditu, eta lanak egiten lehena Altuna III.a izan da. Pilota «onak» direla adierazi du, eta hautatutakoak «gustukoak» dituela. Artolaren txanda izan da ondoren. Hura ere gustura geratu da: «Aitzakiarik ez daukat; egokiak dira».
Biek nabarmendu dute «antzekoak» aukeratu dituztela, eta motelenak poltsan geratu direla. Altunari gustatu zaizkio Artolak apartatu dituen pilotak, ez baitago alde handirik berari eta Artolari gustatzen zaizkien piloten artean. Artolak, berriz, azpimarratu du azkenaldian darabiltzaten piloten «oso antzekoak» aukeratu dituztela biek.
Amezketarrak adierazi duenez, pilotak ez ditu aukeratzen «aurkariaren arabera». Eskuan zer moduz sartzen zaizkion, eta zer hots ateratzen duten izaten da harentzat garrantzitsuena. «Material azkarra dago orokorrean, baina ona», gaineratu du.
«Motelak ez dira, baina biziegiak ere ez zaizkit iruditu». Horrela deskribatu ditu Artolak finaleko pilotak. Aukeratzeko orduan, aurkaria nor den «gero eta gutxiago» hartzen du kontuan alegiarrak, azken txapelketetan pilotak aurkariaren arabera hautatu izan dituenetan ez baitzaio «ondo» atera. Horregatik, azkenaldian, berak nahi duenari erreparatzen dio.
Hautaketa lanak baino dezente lehenago hasi da pilota hotsa Bizkaia pilotalekuan. Izan ere, Artolak finala baino lehenagoko azken entrenamendu «serioa» egin du, Aimar Olaizolak lagunduta. Ondoren, hainbat zale bertaratu dira pilota aukeraketa ikustera, eta hainbatek Altuna III.ari animoak emateko aprobetxatu dute, amezketarraren kamiseta jantzita.
Altunak finalerako «gogoz» eta «ilusioz gainezka» dagoela azpimarratu du. 2012. urtetik ez du inork buruz buruko txapela bi urtez jarraian janztea lortu. Horretarako aukera dauka igandean amezketarrak: «Horrek erakusten du buruz buruko finalera iristea bera ere zein zaila den», adierazi du.
Orain, buruz «indartsuagoa» dela adierazi du Artolak: «Partidak lasaitasun handiagoz hartzen ikasi dut. Ez gara orain gauza desberdinak egiten hasiko». Joan den urteko txapelketako finalerdirekin, esaterako, ez zen «batere gustura» geratu; frontoian gertatu zenak baino gehiago, partidari aurre egiteko moduak utzi zion arantza, batik bat izan zuen urduritasunak.
Altunak profesionaletako hamaseigarren finala badu ere, lehenengoak «adina ilusio edo gehiago» egiten diola adierazi du. Faboritoa dela badakien arren, uste du horrek ez duela ezer esan nahi, eta esan du «partida handia» egin beharko duela txapela janzteko. Artolak buruz buruko lehen finala du, eta «sorpresa emateko asmoa» duela berretsi du. Ez dio eragiten Altuna III. faboritoa izateak, bere lana egin beharko baitu amezketarrari irabazi ahal izateko.
Errespetu handia
Artola «oso pilotari ona» iruditzen zaio Altunari, eta azken urteetan «oso txapelketa onak» egiten ari dela. «Binakakoan finalera iritsi zen, eta galdu egin zuen. Baina begira zertarako balio izan zion: beste final batean dago. Konfiantza ematen dizu horrek», gaineratu du amezketarrak.
«Txapeldun izan nahi baduzu, onenei irabazi behar diezu», esan du, berriz, Artolak. Finala Altunaren aurka jokatzea berarentzat «oso berezia» dela azpimarratu du. Are bereziagoa 2021. urteko buruz buruko txapelketa gogoratuz gero: Artolak txapelketako finala jokatu behar zuen Altunaren aurka, baina lesio bat dela medio, alegiarrak Beñat Rezustari utzi behar izan zion bere postua. «Mingarria izan zen hura niretzat, baina berriz aukera egokitu zait, eta ederra izango da».