Altuna III.a 22-8 Bakaikoa

Altuna III.ak ez dio aukerarik eman Bakaikoari

Txapelduna ezin eraginkorrago aritu da ezker eskuarekin, tanto ikusgarriak eginda garaitu baitu Baikoko pilotaria. Deigarria izan da bietako inork tantorik lortu ez izana sakez, baina Altuna III.ak hemezortzi egin ditu sake-errematean.

Altuna III.a erremate bat egiten, atzean Bakaikoa duela. GORKA RUBIO / FOKU
Altuna III.a erremate bat egiten, atzean Bakaikoa duela. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2025eko urriaren 18a
20:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laineza hartuta iritsi da Joanes Bakaikoa gaur Jokin Altunaren aurkako partidara, baina, pilotako klase aparta hartu, eta nafarrak burumakur egin du Eibarko Astelenatik etxerako bidea. Besteak beste, egun handietako erakustaldia eman baitu Altuna III.ak. Oso eraginkor aritu da ezker eskuarekin, eta, pilotalekuko ertz guztiak baliatuta, jokaldi ikusgarriak plazaratu ditu. Txapeldunak bazekien posible zela lehia gogorra izatea. Izan ere, Bakaikoak bi pilotari handi garaituak zituen aurrez: Iñaki Artola final-zortzirenetan, eta Javi Zabala final-laurdenetako lehen partidan. Hori jakinik, Aspeko pilotariak serio eta bizi jokatu du hasieratik, distiratsu aritu da errematean, eta, beste urte batez, erakutsi du txapela irabazteko hautagai nagusia dela. Lehia estua espero zen arren, Altunak aise hautsi du harri gogorra: Bakaikoa.

Oso deigarria izan da  bi pilotarietako inork tantorik ez egin izana sakez. Sakeari garrantzia kendu nahian, botea lau eta erdira atzeratu dute aurten antolatzaileek. Hori gutxi ez, eta pilotak ere ez dira hain biziak. Hori dela eta, sakez tanto gutxiago egiten dira partidetan, baina, era berean, sake-errematerako aukera handiagoak dituzte pilotariek. Eta arlo horretan maisuki jokatu du Altuna III.ak. Sake ia guztiak ezker horman sartu ditu, eta, Bakaikoak ongi erantzun arren, amezketarra distiratsu ibili da errematean izandako aukeretan. Batez ere airez aritu da ikusgarri, tantoak zabalean eta txokoan bukatuz. Guztira hemezortzi tanto egin ditu erasoan, eta horietatik hamar airez. Bakaikoak ez du ezertarako aukerarik izan defentsan.

Dena den, Bakaikoak ondo hasi du partida, itxaropena izateko moduan. Ohi bezala, tantoak landu eta gogortu egin ditu, eta 0-2 eta 2-4 izan da aurretik. Biek azaldu dute fresko kantxaratu direla, eta nafarrak motibazioz gainezka ekin dio lehiari, lehen aldiz neurtu baititu indarrak Altuna III.aren aurka profesionaletan. Bazirudien lehen zatiak gogor joko zuela, baina partidaren gidoia ikusita, Aspekoak zera erabaki du: beste abiadura bat ezartzea kantxan. Sakea lortzearekin batera, gora egin du, eta ikuskizuna orduantxe hasi da. Amezketarrak sekulako jokaldiak egin ditu bata bestearen atzetik, eta, ohartzerako, 10-4 aurreratu da. Lehen atsedenaldi luzera 12-5 heldu dira. Betiko lez, Bakaikoak garesti saldu ditu tantoak, baina ezin izan du ezer egin aurkariaren inspirazioaren aurka.

Atsedenalditik bueltan, txapeldunak bere bidean jarraitu du. Tentsioari bere horretan eutsi, eta ederki baliatu ditu kantxaren ertz guztiak. Bakaikoak bi bider berreskuratu du sakea, baina kale egin du bi aukeretan. Lehenengoan, falta egin du sakez. Eta, bigarrenean, hanka sartu du erasoko jokaldi batean. Bukaerarako, etsi egin du, eta Altuna III.ari txalo egin beste erremediorik ez du izan. Esaterako, amezketarrak zutik jarri ditu harmailetako zale guztiak  21-8koan. Kontrakantxatik bertatik ezkerrez jo behar izan du pilotakada bat, eta, paraleloki zabalera jota, tanto ikusgarria lortu du.

Garailea pozik mintzatu da amaieran. «Eskuin eskuarekin gehiago kosta zait min egitea, baina ezkerrez oso ongi aritu naiz. Espero nuen lehia gogorragoa izango nuela, baina nire bertsiorik onenetakoa kantxaratu ahal izan dut». Joan den astetik, jauzi bat egin du gora txapeldunak. «Gero eta hobeto sumatzen dut neure burua, eta espero dut bide berean segitzea txapelketa amaitu bitarte». Bakaikoak arazo gabe onartu du porrota. «Telebistaz eta zuzenean ikusia nuen nolako pilotaria zen Altuna III.a, baina gaur bertatik bertara ikusi dut. Ikaragarria da nola jokatzen duen».

Peña II.a eta Zabala, bihar

Hain zuzen, Altuna III.a jada sailkatuta dago finalerdietarako. Multzo berean, Jon Ander Peña eta Zabala lehiatuko dira bihar, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa). Peña II.ak irabazten badu, Altuna III.a finalerdietan izango da, eta bigarren postua Peña II.a eta Bakaikoaren artean jokatuko dute, datorren asteburuan. Beste multzoan, airean dago dena azken jardunaldiari begira. Joseba Ezkurdia finalerdietan izango da, atzo 22-9 irabazi baitzion Erik Jakari. Sailkatzea bere esku du Peio Etxeberriak, atzo 22-7 irabazi baitzion Iker Larrazabali. Hori bai, sailkatu nahi badu, Ezkurdia menderatu beharko du datorren astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.