Jokin Altunak irabaziz agurtu du Buruz Buruko Txapelketa (22-16). Erik Jakaren aurka jokatu du Legazpiko Urbeltz pilotalekuan (Gipuzkoa); ez batek eta ez besteak ez zuten finalerdietarako sailkatzeko aukerarik, eta tentsio handirik gabeko partida izan da. Hori bai, Altunaren garaipenari esker, Dario izango da multzoko lehena, eta Laso bigarrena.
Lasok Dariori irabazi zion atzo (22-14), eta horren ondorioz geratu zen behin betiko kanpoan Altuna III.a. Hori jakinda, gaur ez du bere mailarik onena eman Amezketakoak, baina hasieratik aurrea hartu du (3-0), eta irabazteko adina egin du. Neurketaren erdialdean aurretik jarri da Jaka (7-9, 10-11), baina orduan 5-0eko partzial bat egin du Altunak, eta errentari eutsi dio amaierara arte.
Partida amaitutakoan aitortu duen moduan, orain «kanpotik eta inbidia apur batekin» ikusi beharko du txapelketa azken bi urteetako txapeldunak.