Duela hamar urte, 2016ko urriaren 30ean, Iker Irribarriari 22-9 irabazita lortu zuen Jokin Altunak lehen aldiz Lau Eta Erdiko txapelketako finalerdietara sailkatzea. Aramakoa buruz buruko txapeldun izan zen urte horretan maiatzean, baina, espero zenaren kontra, gazteen arteko lehia amezketarrak irabazi zuen. Finalerdietan Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxearen artera sartu zen. 20 urte zituen orduan, eta markak hausten hasia zen. Datu bat, horren adierazgarri: Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak 23 urterekin lortu zuten lehen aldiz Lau Eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea. Juan Martinez de Irujok, 25 urterekin. Bada, Altunak finalerdietan Olaizolari 22-13 irabazi eta finala jokatzea lortu zuen urte horretan, eta finalean, tanto bakarrarengatik galdu zuen Bengoetxearen aurka, Ogeta pilotalekuan: 22-21.
2016an inork pentsa zezakeen Altunarena urte bateko uzta izango zela. Oker egongo zen. Atzo 11. aldiz lortu zuen Lau Eta Erdiko finalerdietarako sailkatzea, eta horrek esan nahi du hamarkada batez puntaren puntan egotea; soilik Olaizolak lortu du txapelketa horretan finalerdi gehiago jokatzea: 13. Ibilbide loriatsu bat da berea, eta 30 urterekin garai honetako pilotari handienetako bat da jada. Olaizola 42 urterekin erretiratu zela aintzat hartuta, oraindik finalerdi gehiago jokatuko dituela pentsa liteke. Hamar urte ez dira alferrik pasatzen, eta gaztetasunak utzitako hutsunea esperientziarekin bete du. Lore artean arantzak ere izan dira: kolpe gogorra hartu zuen urriaren 18an Zabalaren aurka galdu zuenean, partida 11-4 irabazten hasi ondoren. Baina Altuna, Altuna da, eta atzo ez zuen hutsik egin. Ez eta 17-8koarekin Jon Ander Peña ere partida iraultzear izan zenean ere.
Erasokor hasi zuen partida Altunak. Erritmo biziz jokatu zuen, eta batera eta bestera eraman zuen tolosarra. Erremateekin itsutu beharrean, jokatzea erabaki zuen, eta ez zion utzi Peñari bere jokoa egiten. Gainera, unea iristen zenean ohi bezain zorrotz errematatu zituen jokaldiak amezketarrak. Horren aurrean, Peñak gehiago arriskatu behar izan zuen, baina ez zuen abagunerik izan bere ezker gantxoa baliatzeko, eta bi erremate txapara botata ondoren, 11-4 zegoen markagailua lehen hogei minutuak jokatu ondoren.
Peñaren erreakzioa
Lehen atsedena 12-6koarekin iritsi zen, baina hurrengo tantoak ere Altunak egin zituen, eta 15-6koarekin beste eten bat eskatu zuen tolosarrak. Bi tanto egin zituen jarraian gantxoz, baina Altunak bi pareta joz erantzun zuen; 17-8koarekin partida bideratuta zuela zirudien, partida iraultzeko Peñaren ahalegina kamustu egin zela. Ezta gutxiagorik ere. Pilota indartsu eta zuzen jotzea kostatzen hasi zitzaion Altunari, eta Peñak ordura arte gutxi erabili ahal izan zuen ezker gantxoa atera zuen. Metro batzuk aurreratzea lortu zuen eta, erasokor eta zorrotz, tantoak bere alde eraman zituen. Zazpi egin zituen jarraian, eta 17-15 jarri zuen markagailua. Altunak Zabalaren aurka galdu zuen partidaren gogoak hartu zuen Tolosako Beotibar orduan.
Erauntsia tanto batekin gelditu zuen Altunak, eta 18-6koarekin joan ziren bigarren atsedenera. Eta orduan berriro agertu zen Altuna, 11. aldiz jarraian Lau Eta Erdiko finalerdietan sartzeko gai den hori, partida handietan hutsik egiten ez duena. Amezketarrak ezkerrarekin zabalera bidali zuen pilota eta hemeretzigarren tantoa egin zuen. Ondoren Peñak berriro bidali zuen pilota txapara. Horma biko batekin eta sake itxi batekin amaitu zuen partida Altunak. B multzoan bera eta Zabala sailkatu dira finalerdietarako, eta Baiko horietatik kanpo geratu da, final-laurdenetan Peña baitzuen ordezkari bakarra. A multzoan Lasok eta Zabalak jokatuko dute beste partida, baina ez dago ezer jokoan.
A multzoan gaur eta bihar jokatuko dute final-laurdenetako azken jardunaldia: Elordi-Etxeberria eta Ezkurdia-Murua. Guztiek dituzte oraindik sailkatzeko aukerak. Elordik eta Peio Etxeberriak Bizkaia pilotalekuan jokatuko dute. Etxeberriak nahikoa du zazpi tanto egitea sailkatzeko, edo biharko partidan Muruak galtzea. Elordik, berriz, irabazi egin behar du. Muruak eta Ezkurdiak zailagoa dute sailkatzea. Muruak irabazi egin behar du eta Elordik galtzea edo Etxeberriak sei tanto baino gehiago ez egitea. Ezkurdiak, berriz, gutxienez 22-19 irabazi behar du eta Elordik galtzea.