Pilota

Altunak erdibitua dauka bihotza

Azken bi txapelak irabazi eta gero, Jokin Altunak etxean ikusiko du gaurko finala, Iñaki Artolaren eta Dario Gomezen artekoa. Ez du ez faboritorik, ez pilotari kutunik. «Estimu handia diet biei».

DARIO GOMEZ-IÑAKI ARTOLA. JESUS DIGES / EFE
Dario Gomez eta Iñaki Artola, elkarri bostekoa ematen, finaleko pilota aukeraketan. JESUS DIGES / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jada egin nuen dolua Darioren aurka galdu nuenean. Kolpea izan zen, eta pena hartu nuen. Baina ezin da urtero irabazi. Aurkariek asko jokatzen dute. Orain, bete-betean gozatu nahi dut finalaz». Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) egin du aitormen hori. Aspeko pilotariak buruz buruko finala jokatu du aurreko hiru urteetan, eta, azken bietan, baita txapela irabazi ere. Aurten, ordea, erdibidean geratu da txapelketan, ez baitzen sailkatu finalerdietarako. Iñaki Artolak eta Dario Gomezek jokatuko dute finala, gaur, Iruñeko Nafarroa Arenan (17:00, ETB1). Altuna ez da frontoian egongo. «Etxean ikusiko dut, lasai-lasai. Ea final polita jokatzen duten». 

Gustatzen zaio nola geratu den finala. «Ni kalean geratu eta gero galdetu izan balidate zein bi pilotarik nahiko nukeen finala jokatzea, Dario eta Iñaki aukeratuko nituzkeen. Estimu handia diet biei, ez bakarrik kirolari moduan; oso harreman ona dut biekin. Asko poztu nintzen finalerdia irabazi zutenean. Orain, jokatu dezatela final handi bat. Ni asko poztuko naiz irabazten duenarengatik eta pena hartuko dut galtzen duenarengatik».

Argi geratu da ez duela ez baten ez bestearen alde egingo, ezta apur bat estututa ere. «Dario enpresakidea dut, baina nik ez dut enpresakide moduan ikusten, ezta Artola aurkari moduan ere. Final bat kanpotik ikusten duzunean, ohikoa da bietako bat izatea kutuna, eta hark irabaz dezan nahi izatea, baina, oraingo honetan, ez dut ez faboritorik, ez pilotari kutunik. Familiakoek ere galdetu didate ea noren alde nagoen, eta gauza bera esan diet. Aurten, kanpotik gozatuko dut finalaz. Iñaki eta Dario merezimendu osoz iritsi dira finalera. Goza dezatela haiek aurten. Ea biak ondo aritzen diren».

Artolak eta Dariok, biek ala biek dituzte dohain fisiko ikaragarriak. Hori horrela izanik, baliteke final oso gogorra izatea. Altuna ez da ausartu aurreikuspenik egitera. «Oso zaila da aurrez esatea finala nolakoa izango den. Iaz, Iñakik eta biok jokatu genuen finalean, hasieran ni oso erraz irabazten hasi nintzen, gero Iñaki jarri zen aurretik... Final bat da, eta orduan aritu beharra dago ondo. Biek pasatuko dituzte ataka zailak, eta ikusi egin beharko da halakoetan zein aritzen den gogorren».

«Ez da erraza final gogorra izatea»

Haren ustez, «ez da erraza» final bat «gogorra» izatea. «Hori horrela izateko, bi finalistek aritu behar dute bete-betean, eta, askotan, ez da erraza hori gertatzea. Izan ere, batek oso partida ona jokatzen duenean besteak sufritu egiten du. Ikusiko da zer gertatuko den. Hala ere, biak daude ohituta partida gogorrak jokatzera, eta biak dira oso indartsuak. Nolanahi ere, sasoia baino dohain askoz gehiago erakutsi dituzte txapelketan. Oso pilotari osoak dira biak».

Dario aztertzeko orduan, azpimarratu du «oso indartsu» dabilela. Ez da aurtengo buruz buruko txapelketaz bakarrik ari. «Dariok urte asko daramatza txapelketa oso onak jokatzen. Bizpahiru aldiz geratu da hortxe, finala jokatzear. Horrekin zera esan nahi dut: Dariok urteak daramatzala lan ona egiten, ez dela aurtengo kontua. Oso txapelketa konpletoa egin du. Unairen [Lasoren] aurka jokatu zuenean, oso urduri aritu zen hasieran, baina, gero, lasaitu eta hobeto jokatzen hasi zenean, segituan gainera joan zitzaion. Orokorrean, oso ondo ibili da txapelketan: oso ondo ari da sakez, bi paretaz, dejadaz, ezkerrez eta eskuinez».

«Dariok oso txapelketa konpletoa egin du: oso ondo ari da sakez, bi paretaz, dejadaz, ezkerrez eta eskuinez»

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

Altunak sufritu egin du Darioren sasoi bikain hori: Ezkaraikoak (Espainia) 22-8 irabazi zion final-laurdenetako ligaxkako bigarren partidan, Gernika-Lumon (Bizkaia). «Ezina» sentitu zuen egun horretan Altunak. «Ez nintzen eroso aritu, baina hark ere ez zidan ezer egiten utzi, eta jo eta pasa egin ninduen. Oso deseroso aritu nintzen hasi eta buka. Dariok sekulako dohainak ditu buruz buru aritzeko, eta, hala ere, lehen aldiz jokatuko du txapelketa horretako finala. Horrek agerian uzten du oso zaila dela horra iristea. Horregatik, seguru izugarri gozatu duela azken egunetan».

Aurten ez, baina Altuna Artolaren aurka jokatutakoa da buruz buru; azkenekoz, iaz, finalean. Dariorekin egin bezala, Artola ere goratu egin du amezketarrak. «Min hartu zuen binakakoan, eta, osatu eta gero, ondo prestatu nahi izan zuen buruz burukoa. Baina kosta egiten da berriro erritmoa hartzea, eta, lehen partidan, Larrazabalen aurkakoan, sumatu nuen askorik jokatu gabe eta erritmorik gabe ibili zela. Baina txapelketa ikaragarri luzea da, eta aurreneko astean ez zara azkenekoan bezala egoten. Horrez gain, une erabakigarriak izaten dira, eta,Iñaki oso ondo aritu da halakoetan, konfiantza handiz. Erakustaldiak egin ditu».

«Iñakik [Artolak] oso ondo daki txapela irabazi nahi badu oso oldarkor aritu behar duela. Horrela ari da»

JOKIN ALTUNA Aspeko pilotaria

Jokamoldeari dagokionez, «oldarkor» ikusi du Artola. «Azken partidetan aurrera egin du. Iaz ere, nire aurkako finalean, horrela aritu zen, aurrera eginez. Oso ondo daki txapela irabazi nahi badu oso oldarkor aritu behar duela. Lehen, agian, gehiago jokatzen zuen botez, gehiago ematen saiatzen zen behin eta berriz. Orain, ordea, pilotakada on bat jotzen duenean segituan egiten du aurrera. Hori egiten duenean, oso arriskutsu bilakatzen da. Azken bi partidetan ederki aritu da tantoa bukatzen».

Lortuko du Artolak azkenean txapela?

«Iñakik irabaziko du horrenbeste merezi duen txapel hori. Badaki zein den bidea, eta lortuko du», esan zuen Altunak iaz, Artolari finala irabazi berritan. Lortuko du aurten? «Finalean dago, eta partida bakarra falta du txapela irabazteko. Egun horretan erakutsi beharra dago. Iaz, final handia jokatu genuen biok, eta detaile batzuengatik irabazi nuen nik. Aurten badu beste aukera bat txapela irabazteko, baina aurkari ikaragarria izango du aurrean. Ez du erraza izango». 

Artolak hirugarrenez jokatuko du lehen mailako final bat —2021ean uko egin zion buruz buruko finala jokatzeari, lesio batengatik—. Dariok, berriz, lehena jokatuko du maila nagusian. Altunak ez du uste horrek eragina izango duenik. «Ez dut uste ez bata ez bestea lotuta ariko denik urduritasunagatik. Ez dut uste horren arabera erabakiko denik nork irabaziko duen finala».

Haren ustez, finalera iritsi baino lehen ere argi zegoen zein pilotari onak diren. «Bientzat da garrantzitsua, baina Iñakik jada pauso hori emana du, eta asko sinesten du bere buruarengan. Ez da ahaztu behar bigarren finala jokatuko duela, baina hirugarrena duela banaka, eta hori oso gutxik egin dugula orain pilotan gabiltzanen artean. Eskuz banakako pilotari handia da Iñaki. Baina baita Dario ere. Gogo handia zuen final batera iristeko, eta, orain arte, detaileengatik gelditu da atarian. Aurten lortu du. Ez da ezustekoa izan, inola ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA