Eskubaloia

Amets egiteko asteburua dauka Beti Onak-ek

Beti Onak-ek EHF Europako Kopako final-hamaseirenetako kanporaketa jokatuko du gaur eta bihar, Atarrabian, Yellow Winterthur Suitzako taldearen aurka. Macarena Sansek adierazi du etxean aritzeak «indar gehiago» emango diela aurrera egiteko.

Macarena Sans. IÑIGO URIZ / FOKU
Macarena Sans Beti Onak taldeko jokalaria, entrenatzen hasi aurretik. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko azaroaren 15a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bosgarren denboraldia du Macarena Sans erdikoak (Mendoza, Argentina, 1996) Beti Onak taldean. Han ari denetik gauza asko lortu ditu: maila nagusira igo da, Espainiako Kopako txapeldunorde izan da, eta Europarako sailkatu da, besteak beste. Baina asteburu honetan Europako Kopako final-hamaseirenak jokatuko ditu lehen aldiz, Yellow Winterthur Suitzako taldearen aurka. Etxean jokatuko dituzte bi partidak, Atarrabian (Nafarroa): gaur, joanekoa, 18:00etan, eta, bihar, itzulikoa, ordu berean.

Argentinarrak adierazi du Beti Onak-eko kideentzat «ohorea» dela kanporaketa hori jokatzea, eta hori lortu izana zuzendaritzak eta taldeak eginiko lanari esker jasotako «oparia» dela.

Duela lau urte igo zen Beti Onak Espainiako Ohorezko Mailara, eta ordutik gora besterik ez du egin. «Klub gisa, maila nagusira duela lau urte igota, opari ederra da Europako ligako kanporaketa hau jokatzea. Orain, nabari da taldeak esperientzia gehiago duela, eta irrikaz gaude hurrengo faserako sailkatzeko eta sendotzen jarraitzeko». 

Argentinarraren ustez, kanporaketa «gogorra» izango da, 24 orduren buruan jokatuko baitituzte bi norgehiagokak. Hala ere, taldea «ilusioz gainezka eta sentsazio onekin» dagoela dio. Gustura daude egokitu zaien aurkariarekin: «Espainiako ligakoa ez zen talde baten aurka jokatu nahi genuen, polita izaten baita beste herrialde batzuetako aurkariak parean izatea». 

Talde «gogor» batekin egingo dute topo nafarrek, «bikain» defendatzen duen talde batekin. «Gol gutxiko» kanporaketa bat espero du Sansek, Nafarroako taldearen bereizgarrietako bat zera baita, aurkaria erasoan «denbora luzez» edukitzea. Gauzak horrela, erasoan «pazientzia handiz» aritu beharko dute, jokaldiak amaitzeko presarik gabe. Erdikoaren ustez, kanporaketako gakoetako bat «defentsan eta atean» egongo da: «Atzean gogor egotea eta orain arte bezala atezainek laguntzea lortzen badugu, hor egon daiteke sailkatzeko gakoa».

Ezohiko kanporaketa 

Sansen ustetan, Europan aritzeak badu alde txarra: astean bi partida jokatu beharra. «Gogorra egiten ari zaigu, oso nekagarria baita astean bi bider jokatzea. Lehen urtea da Europan, eta ez da batere erraza izaten ari: partidak oso egun gutxitan prestatu behar izaten ditugu, eta bidaiak oso nekagarriak izaten dira». Hala ere, alde ona topatu dio: «Nire ustetan, on egiten digu lehiaketa bat baino gehiago jokatzeak, esperientzia eta minutuak izateko eta partidetako egoera gehiago lantzeko». 

«Taldeak asmo handiko helburuak ditu, beraz, guztia eman behar dugu, eta ahalik eta urrunen iristen saiatu»

MACARENA SANS Beti Onak taldeko jokalaria

Etxean jokatuko dituzte kanporaketako bi partidak, eta, aitortu duenez, horrek «lasaitasuna» ematen die, bidaiak «oso luzeak» izaten baitira, eta etxetik kanpo lo egitea «nekagarria» izaten baita. Horrez gain, azpimarratu du ez dagoela «norberaren etxean» jokatzea bezalakorik. «Hau guztia gure zaleekin batera bizitzea oso gauza ederra da. Emaitzak emaitza, gure zaleen laguntza izango dugu une oro, eta horrek indar gehiago ematen digu aurrera egiteko». 

Europako liga honetako helburu nagusia zera da: daukaten «guztia» ematea kantxan; baina Sansek «amaieraraino» iristea du amets. «Taldeak asmo handiko helburuak ditu, beraz, guztia eman behar dugu, eta ahalik eta urrunen iristen saiatu». Gainera, haren iritziz, «gora begiratzeko garai egokian» daude: «Aurreko denboraldietan ere ederki jardun dugu lanean, baina emaitzek ez digute lagundu. Aurten, ordea, emaitzak alde izate horrek bultzada handia eman digu, eta lanean jarraitzeko gogo handiz gaude». 

Izan ere, ligan ederki dabiltza: sailkapeneko bosgarren postuan dago Beti Onak, hamalau jardunalditan hamalau puntu bildu eta gero. Ligan helburu nagusia lehen zortzi sailkatuen artean amaitzea da, eta, horrela, titulua irabazteko kanporaketetarako sailkatzea. 

Hain ondo aritzearen gakoez mintzatu da Sans: «Udan egindako fitxaketek asko eman digute, batez ere erasoan. Horretan egiten genuen huts aurreko denboraldietan. Gainera, taldeak orokorrean asko hobetu du, eta pazientzia gehiago dauka; orain ez daukagu lehen emaitzak ikusteko geneukan presa hori».

BIDASOAK BOLADA TXARRA ETEN NAHI DU GAUR ARTALEKUN

Bidasoak beste aukera bat du gaur bolada txarra eteteko: azken bost partidetatik bakarra irabazi du. Logroño hartuko du Artalekun, 17:30ean. Ezinbestekoa izango da bi puntuak biltzea, asteartean jokatuko duen Saint-Raphaelen aurkako Europa Ligako partida erabakigarrirako konfiantza berreskuratzeko: hiru golen aldeaz galdu zuen joan den asteartean frantziarren aurka, eta alde hori irauli behar du, multzoko sailkapenean berriro bigarren izateko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.