Gaur jokatuko dituzte Pamplona-Eibar (19:00) eta Anaitasuna-Alaves (19:00, Movistar Plus) derbiak Espainiako Kopako kanporaketetan. Eta bihar beste lau euskal talderen txanda izango da: Portugaleterena, Real Unionena, Amorebietarena eta Barakaldorena.
Anaitasunaren eta Alavesen artekoa da bi taldeen artean alde handiena dagoen partida: bost maila daude batetik bestera, Alaves Espainiako Lehenengo Mailan baitago, eta Anaitasuna Gipuzkoako Ohorezko Mailan. Eibarren eta Pamplonaren artean, ordea, bi koska gutxiago daude. Alaves eta Eibar faborito argiak badira ere, Anaitasuna eta Pamplona txapelketan aurrera egiteko borrokatuko dira. Anaitasunako Josu Juaristi kirol zuzendariak BERRIAri esan zion Arabako taldeari «lanak emateko gai» direla.
Joan den astean jokatutako kanporaketetan etxeko lanak egin zituzten Athleticek, Osasunak eta Sestaok, eta hurrengo kanporaketarako sailkatu ziren. Lehen Mailako bi taldeek aise irabazi zituzten beren neurketak: bizkaitarrak 0-6 nagusitu ziren Praten aurka, eta Osasuna 1-6 Calatayuden zelaian. Bi euskal talde horiek izan dira txapelketan gol gehien sartu dituztenak orain arte.
Halere, Sestaok eman zuen zeresana, Lehen Mailako Espanyolen aurka ezustekoa emanda. Partidaren akaberara bina berdinduta heldu ziren; luzapeneko seigarren minutuan Espanyol 2-3 aurreratu zen, baina handik bi minutura Sestaok berdinketa lortu zuen, eta partida penaltietara zihoala, 120. minutuan, laugarren gola sartu zuen Bizkaiko taldeak, Kataluniakoa txapelketatik kanporatuz.
Bestalde, Tudelanok eta Peña Sportek euren neurketak galdu zituzten, Zaragozaren eta Huescaren aurka, hurrenez hurren.
Derbia Portugaleten
Bihar beste lau euskal taldek ere jokatuko dute, eta tartean derbi bat egongo da: Portugaleteren eta Real Unionen artekoa (19:00). Bi talde horien artean koska bakarra dago, eta neurketa nahiko parekatua espero da. Horrez gain, Amorebieta Logroñesen aurka arituko da (20:00), eta Barakaldo Reusen aurka, haren etxean (20:30).
Real Union eta Barakaldo dira euren neurketak irabazteko faboritoak, baina Kopan edozer gerta daiteke, eta horretarako prest zelairatuko dira Portugalete eta Amorebieta ere.