Eusko Label ligak agur esan dio denboraldi erregularrari, eta ondorio nagusia ez da zalantzan jartzeko modukoa: Orio izan da jaun eta jabe. Aresen gailenduta bigarren liga irabazi du jarraian, 217 puntu lortuta. Zierbena eta Urdaibai geratu dira haren atzetik, baina oriotarrek izandako nagusitasuna ez da sailkapeneko datu hutsa: denboraldi osoan izan dira erreferentzia.
Atzean, ordea, beste istorio bat dago. Santurtzik bederatzigarren amaitu du, eta San Juanek hamargarren. Bientzat amaitu da liga. Helburua beteta, datorren urtean ere Eusko Label ligan izango dira. Ez da meritu makala, beheko aldean huts bakoitza garesti ordaintzen baita. Aresentzat, berriz, drama ez da amaitu. Hamaikagarren postuak kanporaketa jokatzera behartzen du, eta orain arte egindako lan guztia bi jardunalditan arriskuan izango du.
Eta oraindik ez dago astirik ospakizunetarako. Kontxako Bandera dugu ate joka. Bihar jokatuko da sailkapen estropada, eta bertan ez dute balio ligan egindako lanek, ezta taldearen izenak ere: unean bertan azkarrena izan beharra dago. Horretan datza Kontxaren zailtasuna, eta baita bere xarma ere.
Beraz, liga amaitu da, bai, baina arraunaren benetako epilogoa ez. Orio txapeldun, Santurtzi eta San Juan lasai, Ares larri, eta horiek eta gainerakoak Kontxari begira. Eta Kontxan, beti bezala, ez dago aitzakiarik.
Branka olaturantz
Amaitu da, eta, aldi berean, hastera doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu