mikel reina
Hirukotik

Argazkiak

2026ko azaroaren 24a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Derbiek askorako ematen dute. Batzuek esaten dute bi aste inguru irauten dutela: partida aurreko aste guztia eta, batez ere irabazten ez duenarentzat, baita hurrengo astea ere. Gurean, ordea, zorionez esango nuke, ez da hainbesterako. Baina egiari zor, igandean jokatutakoa bestelakoa izan da; bai, behintzat, talde batentzat.

Hain zuzen ere, Bilbo Basketek berriro lortu du euskal derbia irabaztea. Lau urte zeramatzan etxean halakorik lortu gabe. Gainera, aho zapore gozoarekin joan dira selekzio arteko partidek eragindako geldialdira. Baskoniak, berriz, atseden hartzeko eta pentsatzeko astirik gabe, bihar Euroligako partida dauka. Pablo Lasok zuzentzen duen taldearen, hau da, Anadolu Efesen aurka jokatuko du, 20:30ean, Buesa Arenan. Neurketa hori jokatu ostean, norgehiagokarik gabeko aste oso bat izango dute, abenduaren 4ra arte ez dute-eta berriz jokatuko. Hori bai, ez da edozein itzulera izango. Euroligan ari den Israelgo beste taldearen aurka jokatuko du: Maccabiren kontra, Buesa Arenan. Hapoelen aurkako partidan segurtasunekoek zale batzuei Palestinako banderak kendu ostean, ikusi beharko da oraingoan zer gertatzen den.

Gipuzkoarra nagusi

Irudiek eta argazkiek berebiziko indarra dute gaur egun. Sare sozialetan oso bizkor zabaltzen dira, alde batetik bestera, inolako etenaldirik gabe. Eta egia esan gaur egun bi euskal taldeen egoera oso desberdina da. Derbiak agerian utzi zuen.

Alde batetik, Bilbo Basketentzat sekulako lorpena izan zen garaipena, eta hala ospatu zuten. Murtziaren aurka, denboraldiko lehen partida galdu zuten etxean, eta arantza kendu nahi zuten oporretara joan aurretik. Horretarako ez dago derbi bat irabaztea baino modu hoberik. Datuek aukera gutxi ematen zieten irabazteko. Izan ere, Jaume Ponsarnauren taldeari gehiago kostatu izan zaio fisikoki indartsuak diren taldeei aurre egitea, Euroligakoei batez ere. Aldea oso nabaria da, aurrekontuek erakusten dutena baino askoz handiagoa.

Bilbotarrek arazoak izan zituzten Baskoniaren kanpoko lerroko ahalmen fisikoari aurre egiteko. Harresi moduko bat izan zen hasieran haientzat. Baina norgehiagoka landuz joan ziren, harresi hori higatuz, eta azkenean bota egin zuten. Nabarmentzekoa izan zen Manex Ansorregik—derbiko euskal herritar bakarrak— egin zuen lana. Arabarren eta bizkaitarren arteko derbian, gipuzkoar bat izan zen onenetarikoa; Azkoitian jaiotakoa da Ansorregi. Inoiz baino minutu gehiago jokatu zituen ACB ligako partida batean: hamazazpi guztira. Hori nahikoa ez, eta kantxan egon zen bitartean haren taldeak hamahiru punturen aldeaz irabazi zuen. Zazpi errebote hartu zituen, eta arlo horretan taldeko jokalaririk onena izan zen. Hau da, derbiek eta Euroligan lehiatzen diren taldeen aurkako neurketek eskatzen duten hori eskaini zuen hegalekoak. Ansorregi aurrerapauso nabarmenak ematen ari da gorenean jokatzen ari den lehen denboraldian.

Emaitzak baino zerbait gehiago

Hazkunde horren atzean lan handia dago, alde guztietakoa; esate baterako, bulegoetakoa. Hori da-eta gaur egungo Bilbo Basketen eta Baskoniaren arteko alde nagusietako bat. Miribillan, Rafa Pueyoren eta Jaume Ponsarnauren eskutik, argi dute bidea. Zurbanon, aldiz, justu kontrakoa. Are gehiago, emaitzak oso agerikoak badira ere, taldearen irudia are eta eskasagoa da. Paolo Galbiati bota eta Velimir Perasovic ekarri zutenetik, jokatu dituen hamalau partidetatik hamabi galdu ditu Baskoniak, Euroligako guztiak tartean. ACB ligan, gainera, Lleidari eta Manresari irabazi diete bakarrik —Lleida azkena dago sailkapenean, eta Manresa, beheko postuetan—. Galbiati kaleratzeko zuzendaritzak eman zituen argudio nagusiak hauek izan ziren: Europako emaitza txarrak eta prentsaurrekoetan esandako esaldi ezkorrak. Baina hauek dira Perasovicen azkenak: «Baskoniak ez ditu inoiz hainbeste partida galdu, niretzat ere egoera berria da». 

Baina, emaitzetatik haratago, taldean eta klubean zerbait apurtu den sentsazioa dago. Orain jakin denez, Josean Kerejetaren apustua izan zen Xavi Pujol fitxatzea kirol zuzendari izateko, eta haren eskutik etorri zen Galbiati. Ez batek ez besteak, ordea, ez zuten inoiz bulegoetako arduradunen oniritzia jaso. Adibidez, hor zegoen artean Alfredo Salazar, idazkari tekniko lanak egiten. Salazarrek erretiroa hartu berri du. Momentuz, eta merezitako omenaldiaren zain, atzeko atetik atera da.

Euskal derbiek alderaketak egiteko ere balio dute. Eta kasu honetan, emaitzak ere erakutsi du non dagoen proiektu argi bat, eta non ez.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA