Denboraldia aitzina doa, erritmo geldiezinean. Jadaneko hamabi estropada jokatu ditugu, eta liga bukatzeko beste lau baizik ez zaizkigu gelditzen, hots, bi asteburu. Iragan estropada horietan guzietan gauza anitz pasatu da, emozio guzietatik pasatu gara.Â
Arraun Lagunak-ek beste behin erakutsi du garaitua izateko beste taldeek lana ukanen zutela. Hala ere, denak saiatzen gara palakadaz palakada hurbiltzen eta gure arteko distantzia murrizten. Batzuetan lortu dugu, bestetan ez. Gertatu da larunbatetik igandera emaitzetan diferentzia alimalekoa izatea, azpiko postuetatik lehenengoetara hurbiltzea, baita alderantziz ere.
Egun batetik bestera edozer gerta zitekeela frogatua izan zaigu, egun edo erabaki txar batek ondorio handiak ukan ditzakeela emaitzan. Horrek frogatzen du estropada baten aitzinetik deus ez dela segurtatua, atzoko emaitzak biharkoa ez duela definituko.Â
Aurten, sailkapen nagusiari begira lehen hiru postuak aski markatuak badira, gaineratekoen arteko lehia handiagoa da. Estropada batetik bestera ezustekoa gerta daiteke, talde batek besteei puntu batzuk jan diezazkieke, eta horrek azkenean garrantzi handia ukanen du kanporaketei begira. Denen helburua da beheko azken postu horietatik eskapatzea, beti posible ez denean ere. Momentu horietan pentsa daiteke liga ez dela berdin bizitzen, ez eta ber maneran arraunaz gozatzen ere.
Azkenean, talde guziek ditugu ber sakrifizioak egiten, denak gara astean sei aldiz entrenatzen, denek dugu ematen eta gauzak ongi ateratzeko indarra egiten, baina dena ez da beti nahi bezala pasatzen.
Segur dena da denek dugula meritua, lehen edo zortzigarren bukatzean ere.