Ainhoa Etxenike
Iparra galdu gabe

Aupa Lapurdi gipuzkoarrak!

2026ko ekainaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat honetan, uztailaren 4an, KAE 1 ligak Iparralderako saltoa eginen du Donibane Lohizuneko uretan lehiatzeko. Estropada honen antolatzailea Lapurdiko Arraun Taldea (LAT) da, KAE ligan lehiatzen den Ipar Euskal Herriko traineru bakarra. Bi esaldi idatzi eta jadaneko Iparraldea, Donibane Lohizune, Lapurdi, Ipar Euskal Herria... Baina zer da hau?

Nonbrean zenbatu daitezke han goian den lurralde hori batere ez edo behintzat gaizki ezagutzen duten hego euskal herritar franko. Aski zen KAE 1 ligako lehen estropada Youtuben behatzea, ekainaren 20an iragan dena. Astillerotik zuzenean, animatzaile edo aurkezleak, euskaraz eta gazteleraz, hainbat komentario egin zituen estropadaren inguruan. Hara non Lapurdiko Arraun Taldea agertu den kameraren beste puntan, eta «hemen Lapurdi gipuzkoarrak» ez den entzun. Bip, erantzun okerra. Domaia, erantzuna galderan zen!

Uler nezake ez dela beti erraza denaren kokatzea. Hala ere, segur dena da ligaren webgunean «Lapurdi, San Juan de Luz (Francia)» irakurtzea baino, «Lapurdi gipuzkoarrak» entzutea nahiago dudala.

Haizeak norabidea galarazten badigu ere, ez dezagun iparra galdu! Garaipen bat ez baita egun bakarreko lana... Arraunean zein eguneroko bizian, palakadaz palakada gure nortasuna borrokatzen segitu beharko dugu, bandera eskuen artean astindu ahal izan arte, egin beharreko bidea luzea baita. 

Anartean, kuraia eta denboraldi ona desiratzen diot Lapurdiko Arraun Taldea ene etxeko taldeari. Gora gu eta ipar euskal herritar espezie identifikatu gabeak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA