Badator negua. Etxean egoteko garaia. Etxean baino hobeto, inon ez. Berotan. Ez dago hotzari aurre egiteko modu hoberik. Etxetik kanpo hotz egiten duelako. Geroz eta gehiago gainera.
Efektuak
Esan diezaietela bestela euskal taldeei. Gizonezkoetan, Baskoniak garaipen bakarra lortu du orain arte ACB ligan etxetik kanpo, Granadan. Euroligan oraindik ez daki zer den urrun irabaztea. Bilbo Basketek 2024ko abenduaren 28an lortu zuen bere azken garaipena ACBn etxetik kanpo, gaur egun bigarren mailan dagoen Coruñaren aurka. Hau da, ia urtebete darama kanpoan irabazi barik. Emakumezkoetan ere ez daude askoz hobeto. IDK-k bakarrik lortu du ligan kanpoan irabaztea, Salamancan eta Murtzian lortu zuen. Horregatik dago sailkapenaren goialdean. Iraurgik ere bigarren mailan Logroñon irabaztea lortu zuen. Behealdera begiratuta, Gipuzkoa Basketek etxean lortu du orain arteko bere garaipen bakarra.
Hain zuzen ere, beste alde batetik, euskal taldeak nahiko seguru aritu dira beraien zaleen aurrean. Baskoniak duela bi aste bazirudien goranzko bidea hartua zuela Buesa Arenan lau garaipen jarraian eskuratu ostean. Bilbo Basketek oraindik ez du Miribillan galdu ACB ligan. Lointek Gernikak eta Araskik soilik azken partidak galdu dituzte etxean. Gasteiztarren kasuan, bi porrot segidan pilatu dituzte etxean.
Argi dago etxetik kanpora hotz egiten duela. Ez da kasualitatea Buesa Arenako edo Mendizorrotzako efektuari so egitea. Berotegi efektua bailitzan. Miribillako infernuak ere harreman zuzena dauka berotasunarekin. Malostek ere bere txikitasunean berotasuna transmititzen du. Akaso, Josean Gaskan edo Illunben egiten du hotz gehiago.
Modu batera edo bestera argi dagoena da kantxa faktorearen garrantzia. Eta ez bakarrik kanporaketetan. Horietarako sailkatzeko aukera etxetik kanpoko partidek ematen dute. Zaleen aurrean garaipenak eskuratzeak denboraldiaren amaieran estutasun handirik ez pasatzea ziurtatzen du. Azkenik, etxean ere fidagarri ez izateak arazoetan sartzen ditu taldeak. Ez dago besterik.
Sintomatikoa
Alde horretatik, igandeko gizonezkoen euskal derbiak zeresan handia eman dezake. Bi taldeak berdinduta iritsiko dira partidara: hiru garaipen eta lau porrot. Beste sei taldek bezala. Baskoniak ezin du onartu Kopan berriro ez egotea: azken sei urteetan lau aldiz ez du jokatu. Horretarako, ordea, Zurbaon irabazi bakarrik ez, urruti ere irabazi beharko du. Batez ere ikusita Euroligan Play-In kanporaketetarako sailkatzeko postuetatik ere urrun dagoela, eta helburu barik geratu daitekeela ez oso berandu.
Bilbo Basketeko jokalariek, aspaldiko partez, denboraldiaurrean Kopako ametsa aipatu zuten. 2016an jokatu zuten azkenekoz, non eta Coruñan. Bizitza, azkenean, zikloak dira. Hori bai, bizkaitarrek 700 partida bete berri dituzte ACBn, eta askoz gehiago izatea izan behar da helburu nagusia. Udako inbertsioak ez du nahikoa ematen sailkapenean gora egiteko, behetik datozenen maila berdintzeko baizik. Hau da, euskal derbia Koparako sintomatikoa izan daiteke, eta bilbotarrek 2007an irabazi zuten azken aldiz Gasteizen. Neguan ere gaixotasunak ekartzen direlako.