Kontxako sailkatze estropada beti da berezia. Aste honetan Donostiako badia inguruan bilduko dira arraunaren zaleen begirada guztiak, eta urduritasuna airean sumatzen da. Faborito nagusi batzuk argi daude, aurretik ere erakutsi baitute jokatu diren ligetan, baina gainerakoek oraindik badute ametsa, bertan egoteko leku preziatu horietako bat eskuratzeko, eta datozen bi igandeetan Kontxako itsasoan aritzeko aukera izateko.
Eguraldiaren aurreikuspenek ere izango dute zerikusia aukeran dauden zazpi tokiak norentzat izango diren zehazteko orduan. Haizeak, olatuek eta mareek erabaki dezakete zein taldek egingo duen aurrera. Baldintza horietan ausardiaz eta presiorik gabe arraun egiten jakiten dutenek izango dute abantaila. Kontxan beti izaten dira sorpresak. Ez litzateke lehen aldia izango faborito batek huts egin edo ezusteko talde batek distira egiten duena. Horrek guztiak tentsio eta ilusio berezi bat eragiten du, talde guztiek badakitelako egun horretan lanak ezin hobeto egin behar direla.
Sailkatze estropada hau Kontxako liluraren parte da. Nahiz eta azken urteetan asko aldatu den. Ez da soilik estropada bat, baizik eta arraun talde guztien egutegian markaturik dagoen data berezi bat. Arraunlari eta zale askoren ametsa da badia horretan lehiatzea, eta aste honetan ilusioa eta sufrimendua batera lehertuko dira bai uretan, bai lehorrean.
Arrapalan, zaleek euren oihuekin animatuko dituzte arraunlariak, eta kamisetekin koloreztatuko dute Donostia. Arraunlariek, berriz, arrapala horretan bertan utzi beharko dituzte urduritasunak, eta hunkiturik ekingo diote itsasorako bideari, lanik onena egin eta ilusioz urteko ametsetako bat betetzeko asmoz.