Asko hitz egiten da, eta normala da, futbolean Euskal Herriko entrenatzaileek duten bai presentziaz, bai garrantziaz. Goi mailako taldeetan ari dira, Txapeldunen Ligan asko: Andoni Iraola Liverpoolen, Unai Emery Aston Villan, Mikel Arteta Arsenalen eta Xabi Alonso Chelsean. Horiek dira esanguratsuenak, agian, Espainiako Ligan arrakasta izan ondoren joan direlako beste ligetara.
Mugetatik kanpo
Baina beste batzuetan beharrezkoa da, ez galdetu zergatik, kanpora joatea garrantzia edo esangura lortzeko. Orduan baloratzen da entrenatzaile horrek egindako lana; batzuetan gure artean ez daudenean. Baina futbolean bakarrik ez, saskibaloian ere Euskal Herriko entrenatzaileen lana azpimarratzekoa da.
Urriaren 1ean, gizonezkoen Euroligako hirugarren jardunaldian, Izar Gorriak eta Anadolu Efesek neurtu zituzten indarrak, hau da, Ibon Navarrok eta Pablo Lasok; biak ala biak Gasteizkoak. Lehen aldiz aritu ziren elkarren aurka Euroligan. Lasok esperientzia dauka dagoeneko, Real Madrilen garairik loriatsuenean hura baitzegoen Espainiako taldearen aulkian. Guztira 22 garaikur lortu zituen, tartean bi Euroliga. Ondoren Alemanian entrenatu zuen, Bayern Munichen; orain, berriz, Turkian ari da, Anadolun. Navarrok lehen aldia du Euroligan. Haren eskutik onenen artean lehiatzera itzuli zen Unicaja, eta zazpi garaikur lortu zituen. Izar Gorria ez da klub erraza. Proiektua ezin egonkortu dabiltza Belgraden. Hori bai, Malagan egoera bera aurkitu zuen iritsi zenean.
Hain zuzen ere, Txus Vidorretak hartu du Ibon Navarroren tokia Unicajan. Hura esertzen da orain Martin Carpenako etxekoen aulkian. Hark ere gorenera eraman du Tenerife, bi aldiz irabazi baitute FIBAren Txapeldunen Liga, egun Bilbo Basket jokatzen ari den Europako txapelketa: 2017an eta 2022an.
Hala ere, dena esan beharra dago: entrenatzaileei eta oro har saskibaloi kulturari dagokionez, egun Herrialde Katalanak dira erreferente. Denboraldi honetan Euroligan bertako bost entrenatzaile daude: Pedro Martinez Real Madrilen, Xavi Albert Valentzian, Alex Mumbru Virtus Bolognan, Xavi Pascual Dubain eta Joan Peñarroya Partizanen. Inoiz ez dira hainbeste entrenatzaile kataluniar elkartu Euroligan; izen handiko proiektuak zuzentzen, gainera. ACB ligan, Kataluniako lau talde gorenean: Bartzelona, Joventut, Girona eta Manrsera. Harrobian ere indar handiko taldeak dituzte, eta orain arte, behintzat, askotan izan dira nagusi, bai kluben arteko bai autonomia erkidegoen arteko txapelketetan. Herrialde Katalanei erreparatuta, Lleidan etapa berria hasi berri du Mikel Garitaonandiak. Laguntzaile lanetan ari da.
Bilbo Basketen daude Javi Salgado eta Mikel Odriozola, eta Unicajara heldu berri da Mikel Ereño. Koska bat beherago daude Sergio Garcia Askatuak Gipuzkoa Basketen, Lolo Encinas Kantabrian, eta aurten bere ibilbide motzean aurrerapausoa eman duen Iñigo Nuñez. Palmako gidaritza hartu berri du, Iraurgin egon ostean. Gorka Atxalandabaso hartu du haren lekua Iraurgin.
Edonon
Emakumezkoetan, denboraldi honetan ez da Euskal Herriko entrenatzailerik izango Europan lehiatzen. Roberto Iñiguezek zuzentzen du Girona, baina atariko kanporaketa gainditu ezinik geratu da. Hala ere, Europako entrenatzailerik onenetakoa da. Bost aldiz izendatu dute Euroligako entrenatzailerik onena, lau talde desberdinekin, gainera. Ez dugu inoiz ahaztu behar Azu Muguruza Donostian eta Made Urieta Gasteizen egiten ari diren lana. Bi talde horietan, baita Gernikan ere, etxeko entrenatzaileak ari dira laguntzaile lanak egiten.
Bigarren Mailan beste bi euskal talde daude: Ardoi eta Iraurgi. Sasoi honetan, Jose Javier Unzuek hartu du Zizur Nagusiko taldea zuzentzeko ardura. Azkoitian eta Azpeitian, berriz, betidanik argi izan dute etxekoen alde apustu egin behar dutela. Azken denboraldietan, Joseba Lizarralde eta Luis Agirre eseri dira aulkian, eta orain Asier Larrañagari iritsi zaio aukera. Hirugarren Mailan ere, Arrasateko Ointxek izan ezik, Ibaizabalek eta Barakaldok ere bertako prestatzaileen alde egin dute.