Ainhoa Etxenike
Iparra galdu gabe

Banderaren bila

2026ko uztailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den azarotik entrenatzen ari gara arrauneko denboraldirako, eta hara non jadaneko bost estropada iragan diren, hots, denboraldiaren kasik herena. Zer? Barkatu?

Zortzi hilabetez jo eta ke entrenatu, urteko momentu onena ziztu bizian pasatzeko. Oharkabean hilabete bat eta erdi barru denboraldia bukatuko zaigu... Baina ez gaitezen fiteegi joan, eta ez dezagun gehiegi pentsatu, gerokoak geroko eta, anartean, momentu bakoitza ahal den bezainbat goza dezagun.

Orain arteko emaitza batzuk gazi, besteak gozoago... Olatuetan bezalaxe gora eta behera, kanpoko baldintzen kontra trainerua ahalik eta fiteen aitzinarazten entseatu behar da.

Estropada oro dena berriz hutsetik hasi, eta beste borroka bat abiatzen da. Edozer gerta daitekeela kontziente izan behar da, baten plazererako eta bestearen dezepziorako.

Talde bakoitzak ditu bere helburuak emaitzari dagokionez, baina arraunlari gehienena bandera da, eskuetan atxiki eta astindu ahal izatea. Arraunean, beste kirol ugaritan ez bezala, bigarren edo hirugarren postua ez da egindako lana sari baten bidez baloratzen. Berez podiumean izatea emaitza bikaina da, baina arraunean lehen postuak baizik ez du medailarik irabazten, kasu honetan bandera. Irabazlea bakarra da, eta besteak? Zorionak, hurrengoan berriz entseatzeko aukera duzue!

Agian horrek gaitu hain exijente(egi)ak egiten?

Banderatik ahalik eta hurbilen izatea bai, baina eskuetan ukaitea eta taldean ospatzea ez da gauza bera. Izan fisikoki astintzen ahal dena ala ez, talde bakoitzari dagokio bere banderaren finkatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA