Ane Sanchez Goyogana
LUGAÑENE BASERRITIK

Berdintasuna, denon ardura

2025eko uztailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arraunean berdintasunaz hitz egiten dugunean, erakunde eta agintarien erruak azpimarratzen ditugu, eta bai, horiek zeregin handia dute, baina egia da denok dugula zer hausnartua. Neurri batean edo bestean, denok baikara egoera honen parte eta erantzule.

Ez da berria emakumezkoen arrauna bigarren mailan dagoela: baliabide eta estaldura gutxiago, sari ekonomikoetan ezberdintasun nabarmena... Aurrerapausoak eman diren arren... Baina, gure partetik ere, badaude jarrera kezkagarriak. Baldintza berdinetan lehiatzeko aukera izan dugunean, gu geu izan gara lehenak atzera egiten, ez dugu nahikoa ausardia izan, eta, batzuetan, guk geuk jartzen dugu zalantzan gure gaitasuna. Kanpokoei arrazoia emanez eta gure kexei balioa kenduz.

Bestetik, gizonezkoen jarrera ere ez da eredugarria. Gehienek ez dute gure aldeko jarrerarik. Distantziaren aitzakia erabiltzen dute edota arrazoi fisikoetan babesten dira (indarra, gaitasunak...). Guk frogatu dugu gai garela, sobran, baina aukera hori ez da erakargarria ikusgaitasunari eta denborei dagokienez. Beti dago aitzakiaren bat. Gure formatuari eta daukagun estropada motari dagokionez, haiek adina entrenatzen dugu, baina hala ere bada kontra egiteko motiborik. Euren nagusitasuna zalantzan jartzearen deserosotasunez? Edo beraien pribilegioak galduko dituzten beldurrez agian?

Arraunean berdintasuna ez da emakumeon borroka bakarrik. Guztion ardura da. Aldaketa nahi bada, denon konpromisoa behar da. Horretarako prest al gaude denok? Aldaketa horren nahia existitzen al da? Hori gabe, ura mugituko dugu, baina ezer aldatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.