Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Debalde balitz

2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hasiera batean Euskotren ligaren analisia egiteko asmoa banuen ere, joan den asteburuko balizen kontuek atentzioa nahi baino gehiago desbiderarazi didate. Arraunzale gehienek bezalatsu, gorputzaldi goibela uxatu ezinik bizi izan ditut nik ere aurtengo Zarauzko Estropadak. Are goibelago, akaso, estropada eremuaren balizatzaileak lagun ditudalako. Badakit zenbaterainoko ganoraz eta seriotasunez izerditzen diren lantegi horretan, eta horregatik, hasteko, haien lana goratu nahi nuke. Horrekin, noski, ez dut esan nahi zer hobetua ez dutenik eta larunbateko hutsa galanta izan ez zenik; baina bakoitzari berea. Ez dakidana kritikatzera ez noan bezala, dakidana defendatu beharra neukan, ez gehiago.

Bestalde, zumaiarren patroiak ETBko kazetariari emandako azalpenek ere tristatuta eta isildu ezinda naukate. Genero ikuspegitik egin zuen kritika merkeegia iruditu zitzaidan kasu horretan; lekuz kanpokoa. Arlo horretan ere badugu lana erruz egiteko, noski; eta okerrak salatzea da bide bat. Baina epaileen larunbateko erabakiaren atzean ezin dut, inondik ere, neskak mutilentzako proba gisa erabili izanaren inolako asmorik ikusi; eta ez da saiatu ez naizelako. Halako salaketa (nire ustez) hutsalek indargabetu egiten dituzte oinarri sendokoak direnak, eta hala, nekez iritsiko gara nahi dugun lekura. Dena ez da debalde.

Behin barrenak hustuta, San Juan goraipatu nahi dut geratzen zaidan tartean. Gipuzkoako ligan irabazi ezinik hasita, Euskotren ligaren lehenengo asteburuetan Zumaiarekin banderak txandakatzera eta azkenerako nagusi izatera igaro dira batelerak. Ikusiko dugu nola iristen diren irailera, uda osoko Zumaia eta azkenaldiko Hibaika aurkari gogor izango baitituzte. Baina, oraingoz, zorionak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.