Mundua etengabe aldatuz doa. Egunero. Ez dauka etenik. Aldaketak dira nagusi, alde batetik eta bestetik. Hori gutxi ez, eta bizitza erritmoa frenetikoa da. Ez dago etenaldirako denborarik. Joan eta etorri. Etengabe.
Higadura
Saskibaloian ere erritmo hori ikusten da, eta ez bakarrik jokoan. Nahi izanez gero, edozein txapelketatako partidak daude egunero, gizonezkoenak edo emakumezkoenak, ligakoak edo Europakoak, ligaxkakoak edo kanporaketakoak. Entrenatzeko astirik gabe, dena da bidaiatu eta jokatu. Adibide argia da Euroliga, aurten inoiz baino gehiago gainera. Inoiz baino talde gehiago baitira: hogei, guztira, eta gutxienez 38 jardunaldi jokatuko dituzte. Gero, herrialde bakoitzeko liga erregularra eta kanporaketak ere hor daude.
Higadura agerikoa da, ez bakarrik lesioei dagokienez. Ez dut uste kasualitatea denik aurten dagoeneko hamahirugarren jardunaldirako bost entrenatzaile kargugabetu izana Euroligan: Joan Peñarroya Bartzelonan, Igor Kokoskov Anadolu Efesen, Giannis Sfairopulos Izar Gorrian, Ettore Messina Milanen, eta Zeljko Obradovic Partizanen. Oded Kattash arriskuan dago Maccabin; beraz, baliteke hura izatea lanik gabe geratuko den hurrengoa. 2016-2017ko sasoian liga erregularreko formatu berria ezarri zenetik, inoiz ez zituzten hainbeste entrenatzaile aldatuak denboraldiaren lehen herenean. 2018-2019koan kargugabetu zituzten gehien: zortzi, guztira.
Dimisioak
Bereziki deigarria izan da Messinak eta Obradovicek dimisioa eman izana. Italiarra, entrenatzailea ez ezik, kirol zuzendaria eta zuzendaria ere bada Milanen. Horrenbestez, hark hartzen ditu kirol arloko erabakiak, eta horrela jarraituko du, entrenatzaile posturako bakarrik eman baitu dimisioa. Sei urte zeramatzan Milanen Euroliga irabazi nahian, eta, azken urteetan batez ere, erabateko porrotak izan dituzte: diru inbertsio handia eta emaitza gutxi. Peppe Poeta Baskoniako jokalari ohiak hartuko du haren lekua. Entrenatzaile laguntzailea izan da orain arte. Iaz Bresciako taldearekin hirugarren amaitu zuen Italiako liga erregularra, eta finalean sartu zen entrenatzaile nagusi moduan izan zuen lehen esperientzian. Aurten dagoeneko partida batzuk zuzendu ditu, Messina gaixorik egon delako.
Obradovicena ere harrigarria da, hasi eta buka: dimisioa eman zuen, Partizaneko zuzendaritzak ukatu egin zion hasiera batean, zaleek erabateko babesa erakutsi zioten, baina, hala ere, serbiarrak ez zuen atzera pausorik eman. Inork ez ditu hark baino Euroliga gehiago irabazi: bederatzi. Gainera, bere bihotzeko taldean esan behar izan du agur, bere lehen Europako Kopa irabazi zuen taldean. Etxean. Euroligan lau partida irabazi ditu, eta bederatzi galdu. «Emaitza txarrengatik, eta batez ere jokalariekin harremanik ez izateagatik» erabaki du taldea uztea.
Ikusgarria izan da Partizanen zaleek erakutsitako babesa, jainkotzat baitaukate Belgraden Obradovic. Baina jainkoek ere, halakorik existitzen bada, denbora behar dute, eta Euroligak ez du horretarako astirik ematen. Messina edo Obradovic bezalako entrenatzaileek lan saioak maite dituzte, baina orain horretarako denborarik ez dute. Atseden edo indarberritze saioak dira nagusi, bideoen bidez landu behar dute kantxan egin ezin dutena. Egokitu ala hil, ez dago besterik.
Geldialdi barik
Esan diezaiotela bestela Lointek Gernikari. Joan den astean lau partida jokatu zituzten zortzi egunean. Gaur Espainiako Ohorezko Mailako jardunaldia dute, eta bizkaitarrek etxetik kanpo jokatuko dituzte asteko bi partidak, Esteponan eta Ferrolen. Gaur, 19:30ean jokatuko dute. Joy Adamsek eta Laura Westerikek, zortzi eta zazpi partida jokatu dituzte hemezortzi egunetan klubaren eta selekzioaren artean. Eta kontuan hartu behar da Lucas Fernandez entrenatzaileak zazpi jokalari dituela erabilgarri, lesioen ondorioz. Izan ere, Sara Krnjic azken fitxaketak ia ez du jokatzen. Horrez gain, gaur 19:00etan Kutxabank Araskik Kanaria Handia jasoko du Mendizorrotzan, eta IDK Euskotrenek Lugon jokatuko du, 20:00etan hasita. Gipuzkoarrek hanka eta erdi daukate Espainiako Kopan: normalean zortzi garaipenekin nahikoa izaten da sailkatzeko, eta zazpi dituzte dagoeneko.