gorka erostarbe leunda
Katerik gabe

Erlojuaren alde

2026ko apirilaren 6a
20:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Okzitaniako Tolosatik Carcasonarako bidea bizikletaz egin berritan jarri ditut begi-belarriak adi Itzulia jomugan izanik. Midi kanalaren parte bat egin dugu, Garona ibaiaren abaroan, bikiak haurrentzako atzeko eserlekuan hartuta, orga txiki batean arropa gutxi batzuk eta juxtuko jaki-edariak sartuta. Patxadaz hartu dugu bost eguneko bidaiatxoa, egunez egun, hurrengo herrira egun argitan iristea beste xederik ez. Ostegunean hasi eta igandean amaitu. Berpizterik ez genuen behar izan. Erlojuaren alde aritu gara beti. Edo Gandiagaren hitzetan, «denbora galdu alde».

Bilbotik Bilborakoa osatu dute gaur txirrindulariek Itzuliaren lehen etapan. Hamahiru kilometro, banaka... eta erlojuaren aurka. Erlojupekoa, alegia. Nekez izango zuten astirik Artxandako behatokitik inguruko paisaiari erreparatzeko, Ibaizabal ibaiaren emari betierekoaren tempo geldigaitzean barneratzeko... Nahiko lan izango zuten Egirleta muinoko %11ko pendizak igotzen eta Etxebarria parkeko %19koak eskalatzen. Marka da gero, egunerokoan denboraren kontra jarri gaituzten garaiotan, erlojuaren kontrako proba batekin hasi beharra... Edo sasoiotako seinalea, kirol arlokoa eta metaforikoa. Denbora irabazi alde.

Garaitsu batean, oraindik ez hain urrunekoan, azken etapa izan ohi zen erlojupekoa Euskal Herriko Itzulian (ez esan niri Itzulia Basque Country deitzeko), tradiziozkoa, dena erabakitzen zuena. 2019koan antzaldatu zuten joera, non eta gure herrian, Zumarragan egindako erlojupekoarekin hasi baitzuten orduko ekitaldia.

Bihar Carcasonatik Zumarragarako bideari ekingo diogu guk, trenez aurrena, autoz gero, ahal dela erlojua alde, denbora galdu alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA