Ion Izagirre.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Erne erlojupekoan; adi gainsariei

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bi urtez behin gertatzen den bezala, hemen ditugu Euskal Herria puntatik puntara gurutzatzen dituzten bi ekitaldi handiak. Korrika ostegunean hasi zen, euskararen alde, eta bihar gure txanda izango da, txirrindulariona. Urteko plazeretako bat da etxean aritzea, eta, dagoeneko topikoa dirudien arren, atzerriko txirrindulariek ere sumatzen dute hemen atmosfera ezberdina dela, denek jasotzen baitituzte animoak.

Hori urterokoa da, baina aurten berria dena ibilbidea da. Erlojupeko batekin hasiko da bihar, erlojupeko bitxia. Askok galdetu didate ea aldeak egongo diren. Bada, bai, ziur, eta ez txikiak. Itzuliko gako handietako bat izango da erlojupekoa, eta bestea, etapak irabazteagatik banatuko dituzten gainsariak, hamar, sei eta lau segundokoak. Asko da. Demagun Julian Alaphilippek, izen bat ematearren, etapa bat irabazi eta hurrengoan bigarren egiten duela, hamasei segundo dira. Altxorra da Itzulia bezalako lasterketa batean.

Hortik aurrera, Iruñeko etapako lurbideak ikusi ditut, eta ez dira hain zakarrak, baina sarrera estua dute, eta horrek tentsioa sor dezake. Arrigorriagako amaiera bihurria da, eta gero datoz mendiko azken bi etapak. Dena den, ez dakit faboritoen artean galbahea egiteko adinakoak izango diren. Eguraldiari ere erreparatu beharko. Faboritoak aipatuta, askok ni sartzen naute zakuan, eta sasoiko nago, baina bakarrak irabazten du. Talde indartsua ekarri dugu Astanan, eta errepideak ezarriko du barneko hierarkia. Gu indartsu gaude, baina ez gara bakarrak, eta zerrenda luzea da: Mikel Landa (Movistar), Adam Yates (Mitchelton), Julian Alaphillippe (Deceuninck-Quick Step)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.