2023ko urriaren 30a: Baskoniak Joan Peñarroya kaleratu zuen, eta haren ordez Dusko Ivanovic jesarri zen Buesa Arenako aulkian. Ordura arte Zurbanoko bulegoetan ez zuten hain bizkor kaleratu entrenatzailerik. Atzo arte. 2026ko urriaren 14a: Baskoniak Paolo Galbiati kaleratu du, eta haren ordez Velimir Pesarovic itzuli da Gasteizera. Orain, beraz, italiarra da Baskoniak azkarrenik kargugabetu duen entrenatzailea.
Ia hiru urte pasatu dira, baina egoera lehengo bera da. Bi kasuetan, gainera, udan zalantzak egon ziren entrenatzailearen inguruan. Galbiatiren kaleratzea ezin da justifikatu kirol emaitzak kontuan hartuta. Baskonia ACB ligako liderra da, eta orain arteko hiru norgehiagokak irabazi ditu. Euroligan balantzea bestelakoa da: bost partidetatik bakarra irabazi dute arabarrek. Bost partidetatik lau Gasteizen jokatu dituzte. Baina hori ere ez da justifikazioa. Izan ere, gaur egun Euroligak ez du barkatzen, eta oso zaila da urrezko aroko lorpenak errepikatzea. Iraganean bizi dira batzuk.
Baskoniaren denboraldi hasiera ezin daiteke ulertu eta aztertu denboraldiaurrean izandako arazo guztiak kontuan hartu barik. Galbiatik pibotik gabe hasi zuen denboraldiaurrea, Kenneth Faried berandu fitxatu baitzuten. Marcio Santos are beranduago ailegatu zen. Min hartutako jokalariak ere izan zituzten, eta horietako batzuk orain ari dira denboraldiaurrea egiten. Aurreko urtean antzera egon ziren, Mamadi Diakite gaixo eta Khalifa Diop min hartuta egon zirelako, Luka Samanicek alde egin zuelako.
Horri guztiari aurre egin behar izan dio Galbiatik, eta gehiagori ere bai, nahiz eta guk ez dakigun. Baita lortu ere. Isilik egon, eta lanean jarraitu du. Baina denboraldi honetan haserre nabaritu zaio. Bulegoetan jarri du arreta, eta hori izan da kaleratzea eragin duten arrazoietako bat. «Galdetu klubari», izan da gehien erabili dituen esaldietako bat. Eta klubak galdetu barik kaleratu du.
Isla
Eta zaleei galdetu al diete? Ez, berez; inoiz ez. Baina Galbiatiren kaleratzearen kasuan esango nuke sare sozialak zaleen iritziaren isla izan direla. Gutariko bat. Horixe izan da zaleentzat Galbiati. Italiarrak ere esan izan du horrela sentiarazi dutela. Espainiako Kopako garaikurra ere hor dago.
Bulegoetan behin eta berriz ezetz esan arren, orain ikusi da zalantzak bazeudela. Ez zuten erabateko konfiantza prestatzailearekin. Gainera, aukera izan zuten dirua ateratzeko, Bartzelona Baskoniaren orduko kirol zuzendari Xavi Pujolekin harremanetan jarri zenean —orain Herrialde Katalanetako taldean dago—. Baina jaietako pregoilarietako bat izendatu zuten, eta sare sozialetan ere haren aldeko kanpaina jarri zuten martxan.
Zahar usaina
Lehen kiratsa zerion, orain kiratsa dario. Gauza zaharkituek hartzen duten usaina dario. Pujolen eta Galbiatiren iritsierak poztu egin zituen asko eta asko. Aro berri baten hasiera omen zen; gauzak beste modura batera egin zitezkeen adibide. Baina ez da hala izan. Zalantzak ikusirik, betikoa egin dute: entrenatzailea kaleratu. 2012tik egindako hamalaugarren aldaketa da, eta entrenatzaile bakar batek ere ez ditu bi denboraldi segidan egin aulkian. Horrela ezinezkoa da proiektu bat aurrera eramatea. Entrenatzaileetako batzuk behin baino gehiagotan izan dira Gasteizen. Perasovicentzat, laugarren aroa izango da.
Zurbanoko bulegoetan bestelako garaietan errotuta daude, eta ez dira hortik ateratzen. Saskibaloia, eta gizartea, etengabe ari dira aldatzen: lehengoak ez du balio. Azken urteetan, adibidez, beti berandu dabiltza fitxaketekin. Denboraldia hasita izarren bat edo beste fitxatu izanak ez du esan nahi horrela lan egin behar denik. Baina orain zerbait egin beharko dute egoera lasaitzeko.
Buesa Arenara gero eta jende gutxiago doa, 7.000 ikusle inguru Euroligako lehen partidetan. Baskoniak ez du etxean jokatuko urriaren 27ra arte, Real Madrilen aurka. Klubak zerbait izan badu, zaleen fideltasuna izan du, baina hori ere galtzen ari dira horrelako erabakiekin. Kezkatzekoa da hori. Eta sare sozialen arabera, erakutsi egin nahi dute beren haserrea.