Igandea uztailaren 27a izan zen, arrantzale eguna Pasai Donibanen. Herritarrentzat egun oso berezia da, agendan gorriz markaturik izaten duten arratsaldea. Alde zaharreko kaleetan postuak jartzen dituzte herritarrek, eta bertara animatzen direnei sardinak banatzen dizkiete. A zer giroa sortzen den.
Aurtengo San Pantaleon egunean, ordea, eguerditik hasi zen jaia. Batelerek laugarren bandera lortu zuten Santurtziko uretan, eta ETE ligako burutik bi puntura kokatu ziren; guk, Erreka ontziak, hirugarren postua lortu genuen Castron (Espainia). Estropada oso lehiatua izan zen: gure txanda ozta-ozta irabazi genuen, azken momentuan; gainera, ohorezko txandako Bermeori eta Zierbenari aurrea hartu genien.
Baina benetako poza herrira iristean sentitu genuen. Aurreko udako sentsazioak izan genituen berriz, eta herriaren bultzada sentitu genuen; hori baino gauza hoberik ez dago. Entrenamendu onenek ere ez dute ematen indar hori.
Ez da lehen aldia herria jai giroan dagoen bitartean arraunlariok indarrak atera eta emaitza onak lortzeko baliatzen dugula; duela bi urteko uztailaren 29an, adibidez, Camargoko bandera —KAE liga— ekarri genuen etxera. Orduan ere, herrian ospatutakoa ahaztezina izan zen.

Erreka itsasora
Gora San Pantaleon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu