Ion Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Hasiera ikusita, oso pozik nago

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Pozik nago. Iaz hirugarren izan nintzen Itzulian, eta aurten ere bai. Badirudi postu horri gustua hartu diodala. Pozik nago, hasi nintzen bezala hasita, eta lehen egunean galdu nuen denborarekin ia ezinezkoa zirudielako podiumean bukatzea. Pozik nago Itzulia ikusgarria izan delako ere, zaleak gozatu egin duelako, eta proba handi batean euskal txirrindulariok puntan gaudela erakutsi dugulako: anaia eta biok, Landa, Bilbao, Fraile, Muriasen borroka... Eta, noski, zaleak, munduko onenak dira. Inon ez bezala lehiatzen da hemen.

Pozik nago, baina egia da azken egunean etapa irabaztea zela helburua, eta ez dudala lortu. Helburu zaila zen, baina egunez egun hobera egin dut, eta horregatik nuen anbizio hori. Lehen eguneko txakalaldiak harritu egin ninduen, banekielako ondo nengoela. Horregatik nahi genuen etapa, borroka horretatik iritsiko zelako bigarren izateko aukera. Bigarrena diot aurrenekoa oso zail zegoelako. Roglicek sendotasun handia erakutsi du. Etapa hasieran, gainera, kolpe handia hartu du, eta tropelak ez dio itxaron. Erakustaldia eman du tropela harrapatzeko, eta hortik aurrera bakarrik gelditu da. Uste dut azken igoeran nabaritu duela kolpearen eragina. Matsarian gora Landak erasoa jo du, eta Roglic atzean utzi du. Nik begiratu egin diot, eta ikusi dut ez zegoela hain ondo. Aurrera egin dut, baina ez Landa harrapatzeko adina. Bestalde, txalotzekoa da Masek egin duen etapa. Erakustaldia eman du, ihesaldian sartu eta iraun egin du. Txalotzekoa da.

Anaiak, aldiz, sufritu egin du. Azken bi egunak gogorrak izan dira, eta, hala ere, lanerako egon da. Ihesaldian sartu da, eta beti da garrantzitsua kide bat ihesaldian edukitzea. Hirugarren izan banaiz, harengatik eta taldekideengatik izan naiz. Eta orain zer? Gaur atseden hartuko dut. Ez naiz entrenatzera irtengo. Zuetako askok egiten duzuen bezala, etxean ikusiko dut Paris-Roubaix, eta, ondoren, binakako pilotako finala. Arratsalde osoa sofan egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.