Hasierak beti dira garrantzitsuak. Beti adierazten dute zerbait. Hobea izaten da lehen pausoak onak izatea. Ondo hasteak konfiantza ematen dizu egiten ari zarenarekin lanean jarraitzeko. Hasiera hain ona ez bada, ordea, zalantzak sor ditzake. Ez dira erabakigarriak izaten, inondik inora ere, baina joerak erakusten dituzte. Emakumezkoen ligan, adibidez, jakina da urtez urte txapelketaren mailak gora egiten duela. Hori bai, gauza guztiak ez doaz abiadura berean. Profesionaltasunerako jauzia handia da. Denboraldi honetan, esaterako, ligako partidak ikusteko plataforma bat jarri dute martxan lehen aldiz, ordainpekoa. Denboraldi amaieran egin beharko da balantzea, datuak mahai gainean izatean.
Aurreko denboraldiko errezeta
Taldeekin ere orduan atera beharko dira ondorioak. Bitartean, liga hasi zenetik sei jardunaldi jokatu diren honetan, eta ia bi asteko etenaldia datorrela, lehen joerak ikus daitezke. Aurreko denboraldian bezala, Mirai ezin hobeto hasi da. Azu Muguruzak aurreko sasoiko formula bera errepikatu nahi izan du; hau da, denboraldiaurrean partida asko jokatu, liga hasierara ahalik eta ondoen heltzeko. Orain arteko emaitzak hor daude: bost garaipen eta bi porrot. Gainera, bigarren urtez jarraian irabazi du Salamancan. Joan den denboraldia zazpi garaipenekin eta porrot bakarrarekin hasi zuten. Lehen itzulian lortutako garaipen kopuruari esker, Kopa jokatzeko sailkatzeaz gain, ez zuten hainbeste sufritu mailari eusteko. Aurreko denboralditik zazpi jokalarik jarraitzeak asko lagundu dio taldeari.Â
Gotorlekua
Denboraldi hasieretan taldeetan asko nabaritzen da zenbat jokalarik jokatu duten elkarrekin. Gernikan bost dira, eta ez da kasualitatea haiek izatea multzoaren bizkarrezurra. Angela Salvadores jokalari oso garrantzitsua izaten ari da. Aurreko sasoian bi hilabete baino gehiago eman zituen jokatu barik, lehen jardunaldietan orkatilan min hartu ostean. Aaronette Vonlehrekin oso ondo moldatzen da, eta, batzuetan saskibaloia behar baino gehiago zailtzen badugu ere, bi izarrek elkar ulertzear aski izaten da. Ane Olaeta eta Joy Adams ere garrantzitsuak izaten ari dira. Orain arte lau garaipen eta hiru porrot izan dituzte. Bizkaitarrek irabazi egin dituzte etxean irabazi beharreko bi partidak, aurkari zuzenen kontrakoak. Iragan denboraldian ez zuten lortu: etxean zazpi partida galdu zituzten; baina Gironari, Avenidari eta Zaragozari irabazi zieten.Â
Finala
Hain zuzen ere, hiru euskal taldeen helburua da beste urte batez gorengo mailan jarraitzea. Horretarako, ordea, berebiziko garrantzia dute etxeko neurketek. Onenen artean segitzeko erabakigarria da. Araskik badaki hori. Aurreko denboraldian mirari baten parekoa egin zuen, azken jardunaldia eutsi baitzion kategoriari. Oraingoan, ordea, hasiera ez da ona izaten ari. Oraindik ez dute garaipenik lortu, eta joan den ostiralean lehen finala galdu zuten Celtaren aurka. Galiziarrek, irabazi bakarrik ez, hemeretzi punturen aldearekin irabazi zuten. Hori, denboraldi amaieran bi taldeak berdinduta geratuz gero, erabakigarria izan daiteke puntuei dagokienez. Egiari zor, Mendizorrotzan maila handiko aurkarien kontra jokatu dute gasteiztarrek: Estudiantes, Girona eta Mallorca. Beraz, orain duten egutegia baliatu beharko dute garaipenak pilatzen hasteko; adibidez, bi euskal derbiak jokatuko dituzte jarraian, abenduaren 5ean eta 9an. Bi jokalarik bakarrik jarraitzen dute iaztik, baina Aleksandra Stanacev eta Kristina Higgins bikotea oinarri hartuta asko dute irabazita.
Ligan berdintasuna erabatekoa da. Hori bai, berritasunak daude. Izan ere, Mallorca taldea Ohorezko Mailara igo berri da, eta, aurrekontu handia duenez, multzo indartsua osatu du: Girona eta Ferrol taldeetako jokalaririk onenetarikoak fitxatu ditu, eta Europan lehiatzeko moduko multzoa osatu. Valentzia Basketi eta Gironari irabazi zioten lehen bi jardunaldietan. Valentzia eta Zaragoza izango dituzte aurkari nagusi garaikurren lehian. Avenidak atzerapausoa eman du, eta Gironak —Roberto Iñiguez gasteiztarrak zuzentzen du— hasiera oso aldrebesa izan du. Kopatik kanpo geratzeko arrisku handia dute biek.